Igoera faseko final four txapelketa irabazi ostean, igoera lortu duzue. Zer datorkizu burura horri buruz galdera egiterakoan?
Jokalari aritu nintzen, lehenik, eta entrenatzaile lanetan hemeretzi denboraldi egin ditut. Urteetako lana datorkit burura. Laugarren denboraldia da Leizaran Ernio Inmobiliaria taldean eta, urtez urte, hobekuntzak txertatu ditugu. Klubarentzat historia egin dugu, lehen aldia baita Euskal Ligara sailkatzea lortu dugula.
Aro bikaina osatzen ari zarete.
Taldearen ardura nere gain hartu nuenetik, jokalari gazteak gehituz joan dira. Taldea, adinari erreparatuta, nahiko gaztea da, lehe taldera jubenil mailakoak sartuz joan garelako. Oro har, giza-taldea beretsua izan da azken bi urteotan.
Nola analizatuko zenuke ibilbidea, kirol ikuspegitik erreparatuta?
Emaitzak iritsi dira gure taldeak maila baduelako. Taldearen ardura hartu nuenean Gipuzkoako bigarren mailan ari ziren, baina lehen mailan aritzeko talentua bazuten. Egoera bestelakoa zen, eta lan eginez lortu dugu taldea Gipuzkoako lehen mailatik Euskal Ligara igotzea. Taldeak eman dezakeen maila dela uste dut, ez dago ezer berezirik. Denboraldi osoan erakutsi duten gaitasunaren ondorio da lortutako guztia.
Irailean hasita, maila berrian, zertarako gai garen ikusteke dago.
Igoera lortzea ez da batere erraza izan. Luzapenean erabaki zen dena.
Ia partida osoan markagailuan atzetik gindoazen, eta amaiera aldera berdinketa lortu genuen. Irabazteko aukera izan genuen, eta gol erabakiorra izan zitekeena atezainak gelditu zuen. Luzapena jokatzeko garaia iristean, errazagoa izan zen guretzat. Akaso ordiziarrak nekatuta zeudelako eta gu, aldiz, behetik gorantz gindoazelako, partida irabazi genuen. Halere, oso gogorra izan zen.
Ordizia, zuen azken aurkaria, aski ezaguna zaizue.
Partida gogorrak jokatzen ditugu baina, behin amaituta, eurekin oso harreman ona dugu. Azken bi denboralditan zortzi aldiz jokatu dugu elkarren aurka. Zortzirak, partida estuak.
Ez litzateke arraroa izango Ordizia igotzea, eta zuek ez.
Ez, ez. Edozer gerta zitekeen Majori kiroldegiko Final Four lehiaketan. Iaz, finalaurrekoan Ordiziaren aurka galdu genuen. Oraingoa ere galtzear ginen. Talde gogorra da, txukun ari dira lanean eta azken urteotan goian daude.
Nola definituko zenuke zure taldea?
Jokalariek elkarren artean harreman ona dute, prestaketa saioetara datoz, gogoa eta motibazioa ez zaie falta. Taldea dinamika ona denean hori guztia lortzea erraza da, baina gurean gauzak estutu direnean ere ez da joera hori aldatu eta elkarri lagundu diogu. Taldea hartu nuenean helburu nagusia zen denon arteko harremanak onak izatea, gustura aritzea, prestakuntza saio onak egitea... Lortu dugu.
Zein asmo 2024-2025 denboraldirako?
Ez gara horretan hasi oraindik. Baina asmoa da Euskal Ligan lan txukuna egitea. Taldea sendotzen joan behar dugu. Gazteak izanik, beti dago hobetzeko aukera. Horretan ahaleginduko naiz, hutsuneak antzematen eta hobekuntzak txertatzen.
Aldaketa handia izango da?
Ez dakigu. Diotenez, zailagoa da igotzea mailari eustea baino. Ziur ez dugula lortuko goian aritzea, lehen denboraldian. Nesken adibidea aipatzea aproposa da. Lehen urtean justu-justu eutsi zioten mailari, eta bigarrenean lan txukuna egin dute.
Klubak oso une gozoa bizi du. Senior mailako bi taldeak Euskal Ligan dira.
Senior taldeak alde batera utzita, beheko mailatan ere izan dira Euskal Ligarako sailkapen fasera iritsitakoak. Lan on bat egiten ari gara, eta hori azken urteotan agerikoa da. Euskal Ligan egoteak, gainera, gaztetxoak erakartzeko lagungarria izango da.
Gorantz doan kluba da gurea, harrobian jende asko dugu.
Andoaingo kirol azpiegitura berria errealitate bilakatzen bada, zuentzat albiste ona izango da hori.
Errepikatu izan dut Allurralde Kiroldegia, egin zen egunetik, txiki geratu zela. Leizaranen beti izan ditugu hamar taldetik gora eta kantxa partekatu behar izan dugu saskibaloiarekin, areto futbolarekin, gimnasia erritmikoarekin, kiroldegiko ikastaroekin... Urte asko daramagu horrela. Ez dira baldintza onenak, ez. Aurten, klubak lan handia egin du eta lortu dugu inguruko beste kantxa batzuetan entrenatzea. Hala nola, Lasarte-Orian, Urnietan... Kantxa osoa guretzat dela entrenatu ahal izan dugu. Eskubaloiari dagokionez, oso garrantzitsua da. Beraz, bigarren kirol eraikina egiten denean, oso baliagarria izango da prestaketa saio hobeak egiteko.
Igoera lortu berritan, lehen segundu haietan, zer edo nor izan zenuen gogoan?
Nire alabak, eta familia.
Gorabehera handiak izan dituzu osasun arloan. Eskubaloia zuretzat oso garrantzitsua izan da.
Hamabi urte atzera, minbiziarekin gaixo izan nintzenean, ez nuen eskubaloia alde batera utzi. Are gehiago, eskubaloiari esker, burua gaixotasunari loturiko pentsamenduetatik urrundu nuen. Eskubaloiari denbora eskaini nion. Oso gogoko dut, eta formakuntzari tarte handia eskaintzen diot. Baita etxean nagoenean ere. Nire jakituria jokalariei helarazten ahalegintzen naiz. Etxean bi haur txiki ditut eta Haize bikotekideak laguntza handia eman dit. Eskerrak eman nahi dizkiot, neu entrenamenduetan nabilen bitartean bera baitago etxeko txikiei afaria ematen, lokartzen...
2025eko maiatzean non ikusten duzu zure burua?
Bide txukuna egingo dugula uste dut. Talde beretsuarekin jarraitzeko aukera baldin badugu, behintzat. Uda eta gero, lana dela, Erasmus dela... Aldaketak egon daitezke denboraldia hasi bitarte. Gauzak ondo, estuasunik gabe mailari eustea lor dezakegula iruditzen zait. Euskal Ligako taldeen aurka lagunarteko partidak jokatu ditugunean, ez zait iruditzen aldea hainbestekoa denik. Hemen, Gipuzkoan, liga nahiko indartsua da. Igoera fasean, bizkaitarren aurka, aldea ez zen hain handia. Izan ditugu ligan partida zailagoak.
Datorrenarekin alderatuta, ez nago bereziki kezkatuta. Iaz, esaterako, Euskal Ligan aritzeko igoera lortu zuten bi taldeek sailkapenaren erdialdean amaitu dute denboraldia.