2024/06/17 09:50
Andoaingo Udaleko Euskara eta Gazteria lansailek herriko Gazte Lokala eta ikastetxeekin batera Gazte Erronka ekimena antolatu dugu datorren ekainaren 17rako. Pasa den irailean DBH1-2ko ikasleekin egin genuen bezala, oraingoan DBH3-4ko ikasleak bilduko ditugu Leitzaran ibaiaren bi txokootan: Olazarren eta Otietan. Udalaren asmoa da euskara arlo ludikoarekin identifikatzea, kirolarekin, jokoekin…
Ekainaren 17an, astelehenean, 9:30ean, Beheko Plazan elkartuko dira gazte horiek guztiak, eta hortik oinez abiatuta, batzuk Olazarrera eta besteak Otietaraino joango dira. Talde txikitan antolatuta, gynkana modukoa egin beharko dute eta ibilbide horretan biltzen duten materialekin itsasontzi bat eraiki.
Euskararen erabilera sustatzeaz gain, gazteen arteko lankidetza sustatzea, ikastetxeen arteko harremanak sendotzea eta eremu komunitarioan agente desberdinen arteko kolaborazioa sustatzea dira ekimenaren helburuak.
Guztira 300 lagun inguruk hartuko du parte Leitzaran Bisitarien Etxea kudeatzen duen Bizibiziki enpresaren gidaritzapean.