"S.D. Euskalduna Andoaindarra. Fundazioaren 100 urteak" liburua argitaratu du Javier Zatarain argazkilariak

Xabier Lasa 2024ko eka. 9a, 21:47

Euskalduna Andoaindarra klubak mendeurrena ospatu zuen iaz, eta egunotan, hamarkadetan zuzendaritza kide izan zen Javier Zatarain argazkilariak ehun urte horiek hitzez eta argazkiez biltzen dituen 576 orrialdeko liburua kaleratu du

Informazio anitza biltzen du "S.D. Euskalduna Andoaindarra. Fundazioaren 100 urteak" izenburua duen liburuak, 1923-2023 epe historikoa kontuan hartuta: afizionatuen eta jubenil mailako jokalarien zerrenda, bi maila horietan izandako ia 60 entrenatzaileen errepasoa, taldeak eduki dituen 31 presidenteen soslaia, Euskaldunak hirugarren mailan egindako zazpi denboralditako ibilbidea (jokalariak, jokatutako neurketak…), golegileak, gertakizunen prentsa-hemeroteka, argazkiak…

Egileak bi modu jarri ditu liburuaren eskaerak egiteko: batetik, Stop liburu-dendan zuzenean; eta, bestetik, honako bi telefonoetako batera deituta: 943591603 edo 653742252.

Liburuak eskatu ahala kaleratzen joango da egilea, hurrengo aste eta hilabeteetan. Era horretan, Stop liburu-dendan ekainaren 15a baino lehenago erreserba egin dutenek, ekainaren 20tik aurrera jaso ahal izango dute liburua. 20 euroko salneurria du liburuak.

Zatarainek beste bi liburu argitaratu zituen Euskaldunaren gainean, iraganean: Euskalduna Andoaindarra K. E. 75. urteurrena 1998an, eta, Euskalduna K.E. Hirurogeita hamasei denboraldi (XX-XXI mendeak) 1999an.

Orduak eta orduak, bihotzeko klubari eskainita

Javier Zatarain ia hiru hamarkadetan Euskalduna klubaren zuzendaritzako kide izan zen. Aurretik Euskaldunako presidente lanetan aritu ziren aitonaren (Edmundo Abad) eta aitaren (Manuel Zatarain) arrastotik segi izan du.

Bestalde, Zatarain, argazkizalea izaki, 80ko hamarkadan hasi zen Euskaldunako taldeei argazkiak ateratzen eta partiduen kronikak idazten El Diario Vasco egunkariarentzat. Harrezkero, Euskalduna klubeko kronikalari ofiziala bilakatu zen. Gainera, aipatu egunkariko argazkilari gisa, Andoainen kirol, gizarte eta kultur kutsuko ekitaldietan makina bat argazki atera zituen. Horiek, aleka-aleka, Facebooken irekita daukan “Andoaindarra De Futbol” kontuan argitaratzen ditu egunero.

Eginkizun horrekin batera, iraganera begira jarri zen, bilaketa lanari ekin zion, eta dirutan ordain ezin litekeen xede horri eutsi dio gaurdaino. Berak aitortu duenez “bihotzean daramazulako eskaintzen dizkiozu zure bizitzako hainbeste ordu kirol erakunde bati; ez da posible bestela”.

Modu horretan, egun, ondare aberatsa pilatu du erretratu zaharrekin, prentsa-kronikekin eta Gipuzkoako Futbol Federazioko artxiboan topatu ahal izan duen informazio guztiarekin. “Bertan urtetan eta urtetan idazkaria izan den Patxi Gabilondok adierazi izan dit Gipuzkoan ez dela hainbeste informazio jasota daukan futbol talderik, Reala bera ez dela iristen zehaztasun horretara. Are gehiago, estatu mailan, nekez egongo da halako talderik, esango nuke nik”.   

Egunero-egunero, zortzi bat ordu eskaintzen dizkie dokumentazio lan sistematiko horiei. “Asteburuetan ere ez dut hutsik egiten. Goizeko 06:00etan jaikitzen naiz, eta lehenbizi, facebookeko kontua elikatzen dut; argazki zaharraren bat, eguneko prentsa kronikaren bat, datu historikoren bat… Ondoren, zuzen-zuzenean, Euskaldunaren lotutako lanei ekiten diet”. Une honetan, eskuartean hiru proiektu dauzkala gogorarazi du Zatarainek: “Batetik, 1923-2023 epeko jubenil mailakoen datu guztiak jasota dauzkat eta ordenatzen ari naiz, etorkizunean liburu batera eraman litezkeenak. Bigarrenik, Joanes Iturrarte jokalariaren ibilbidea biltzen duen liburuarekin nabil; historial polita dauka 200 partidatik gora jokatu dituen jokalariak. Hirugarren egitasmoak,  argazkien bilaketa errazteko aplikazioa ontzearekin dauka zerikusia”.

Liburua, bere kabuz

Ekitaldi-sorta (mahai-inguruak, argazki erakusketa, aparteko partiduak, ikus-entzunezkoa…),antolatu zuen Euskalduna taldeak 2023an, bere ehungarren urtea ospatzeko. Bada, ekitaldi horietan Euskalduna taldearekin betidanik halako lotura estua eduki duen pertsona ez ikusteak harridura eragin zuela aipatuta, naturaltasunez azaldu du bere jarrera. “Joxean Huizi lehendakariarekin ia 10 urte egin nituen (2008-2017), eta, 2018-2019 denboraldian, talde berria sartu zenean, hortik aurrerako kudeaketa ez zela egokiena iruditu zitzaidan. Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailan Justo Lillo entrenatzailea zortzigarren jardunaldian kanporatu izana ere kudeaketa horren isla zela aipatu nuen nire Facebook kontuan”.

Gehitu duenez, azken urtetako kirol-emaitzen estatistikari begiratzea komeni da. “Nahiko kaskarrak dira, eta adierazten dute arrazoi puntu bat badaukadala, nire ustez. Izan ere, eta nahiz eta txalogarria izan Andoaingo gazteei kirola praktikatzeko aukerak ematea, aldi berean, kirol-emaitzak eskutik joan beharko lukete, lehia ofizialen dinamikan sartzeko erabakia hartzen duzun une beretik”.

Bestalde, orain liburua ere bere kabuz argitaratu izanaren zergatia azaldu nahi izan du Zatarainek, “egungo zuzendaritzari liburua proposatu nion, baina ez nien interes berezirik sumatu, eta, azkenean, neuk ateratzea erabaki dut”.

Azkenik, aitortzen du desadostasun pertsonalen gainetik, mende bateko historia loriatsua daukan kirol instituzioa, Euskalduna, alegia, dela garrantzitsuena, eta, denen artean, nork bere tokitik, bultzatu behar dutela handi izaten segi dezan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!