Alba Cabrera Jauregi andoain
Zelanda Berriko hegazti bat duzue, orain, akademiaren ikur nagusi. Zer dela eta izen aldaketa?
Barrutik etorri dira aldaketak eta horren ondorio hartu du izen berria akademiak. Irakasle-talde ederra daukagu, zortedunak sentitzen gara. Hala, orain pare bat urte, akademiaren izenaren gainean hausnartzen hasi ziren, eta irudia pixka bat eraberritu beharrean zela ondorioztatu zuten. Gainera, akademiak berak izen bat zuen, The Tolkien Centre, eta, plataforma digitalean, aldiz, beste bat zegoen. Ez zuen zentzurik horrek.
Bide horretan, jakina da nik Zelanda Berriarekin dudan harremana, nire sorterria baita. Hortaz, irakasle baten proposamenetik atera zen ideia: kiwi. Izen laburra, erraz ahoskatzekoa behar genuela pentsatu genuen. Prozesu polita izan zen aukeraketa, irakasle lan-taldea bildu baikinen eta ikasleei ere galdetu zitzaien. Zerrenda luzea geneukan askotariko izenekin eta aproposena honako hau iruditu zitzaigun: Kiwi Corner.
“Kiwi” hitza entzun eta askok frutarekin egingo dute harreman zuzena. Zuek, ordea, hegazti bat irudikatu duzue.
Soilik, Zelanda Berrian kokatzen den hegaztia da kiwia, eta herrialdearen ikur esanguratsua da. Ez da asko ikusten, animalia gautarra baita, erdi itsua. Desagertzeko zorian egon zen, espezie inbaditzaileengatik, hein batean, eta, gainera, ez du hegan egiten. Maorien buruzagiek hegaztiaren lumak erabiltzen zituzten, beren boterea adierazteko.
Duela zenbat urte etorri zinen hona?
Londresen ezagutu nuen 80. hamarkadan Blanca nire emaztea. Andoaingoa da bera. 1987an iritsi ginen Andoainera, lehenengoz. Harrezkero, zenbait joan-etorri egin ditugu Zelanda Berrira. Bertan ere bizi izan gara. Egun, Andoain da gure etxea, baina bihotza bi zatitan daukat banatuta. Harreman estua gordetzen dut nire herrialdearekin, lau seme-alabetatik hiru bertan bizi baitira. Esan bezala, birritan izan gara bertan bizitzen familian, eta batzuk Zelanda Berrian gelditu dira.
Bustidura ezberdina dauka Zelanda Berriko hizkerak, hemen irakasten den ingelesaren aldean. Zer du zuretzat zure ama hizkuntzak berezitik hizkuntza-eredu anglosaxoiarekin konparatuta?
Hizkuntzari dagokionean, ingeles kolonia guztietatik Ingalaterrarekin antzekotasun handienak dituen herrialdea izango da, ziurrenik, Zelanda Berria. Ondorioz, azentua ez da horrenbeste aldatzen. Horrez gain, ia herrialde osoan, hizkera berbera erabiltzen dugu. Interesgarria da hori, beste kasu batzuetan, Euskal Herrian bezala, eremu geografikoaren arabera, zenbait aldaketa ematen direlako hizkuntzaren beraren ezaugarrietan. Bada, Zelanda Berrian, ia ezer ezer ez.
Hona salto egitean, horrela, ez dut arazo handirik izan, hemengo eredura egokitzeko. Hasi ginenean, jendea tematuta zegoen horrekin, "ingeles britaniarra izan behar da". Urteen poderioz, ideia bera ere aldatu da, onerako.
Kiwi Corner akademian, ingelesa duzu komunikaziorako erreminta. Eta, egunerokoan?
Normalean, gaztelaniaz. Ez naiz euskal giroan ia murgildu. Horrenbeste urteren ondoren, gai naiz, gutxi gorabehera elkarrizketaren testuingurua ulertzeko, baina frustrazioa eragiten dit ezin parte hartu ahal izateak. Nolanahi ere, aukera dudan bakoitzean ikasten ahalegintzen naiz. Finean, oso aberasgarria da hizkuntzak ikastea, ateak irekitzen dizkizulako. Mundua beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera ematen dizu.
Akademiara gerturatuta, zein profileko jendea gerturatzen da zuengana, batez ere? Zein helbururekin?
Gorantz egin du ingeles mailak urteen joanarekin. Oro har, lehen, heldu eta haur gehiago genituen. Egun, "titulitis" delakoak pisu handia du eta, Cambridgeko azterketak prestatzeko zentro ofiziala garenez, ikasle gazte pila daude gurean, 12 urtetik 17ra bitarte. B2 maila, "First" gisa ezaguna dena, motz gelditzen ari da. Garai batean, ikasle gehienek akademia uzten zuten, behin maila hori lortuta, baina, orain, askok jarraitzeko ohitura daukate, eta unibertsitatera iritsi aurretik eskuratzen badute, hobe.
Esango nuke, eskolan, lau bat urterekin hasten direla umeak ingelesa ikasten. Euskal Herrian, Donostian, klaseak ematen hasi nintzenean ni, hamar urterekin ekiten zioten hizkuntzan trebatzeari. Orain, eskoletan, bestalde, ingeleseko ikasgaiaz gain, besteren batean ere lantzen da hizkuntza. Halaber, teknologia berriek eragina izan dute eta gauza asko ikus ditzakegu orain, telebistan, adibidez, jatorrizko bertsioan, itzuli gabe.
Bi hamarkada oso daramatzazu akademian lanean, eta, hala ere, zuen hitzetan, metodo tradizionalaren alde egiten duzue. Zertan datza?
Oso pertsonala da hizkuntza bat ikastea, hots, garrantzi handia ematen diogu aurrez aurreko harremanari. Erreminta digitalek aukerak biderkatu dizkigute, jakina, eta niretzat aukera onena talde batean sartu eta bertan trebatzea da: elkartu, teoria ikasi, praktikatu, hitz egin, hanka sartu... Horrela ikasten da.
Zertan aldatu da, ostera, zuen akademia bi hamarkadako bidean?
Garai batean, marko akademiko hertsian oinarritzen zen ikasketa; orain, malguagoa da, gramatikaz harago badelako zer ikasia. Gurean, eskolan ikasten dutenaz gain, beste makina bat baliabide eskuratzen dituzte, beren ingelesa orrazteko. Guretzat helburu nagusia ez da ikasgaia gainditzea, hizkuntza komunikatzeko erreminta gisa ulertuta, ingelesa ahalik eta ondoen mendera dezaten saiatzen gara.
Zenbat talde dituzue akademian?
Adinaren eta ingeles mailaren araberako mailak ditugu, gurean. CH maila umeentzat da, children (hiru urte). Ondoren, nerabezarora iritsi aurretik Y mailan trebatzen dira, young (hiru urte). Gerora, T maila eskaintzen dugu, teenager delakoa (sei urte). T6 maila B2 mailari egiten dio erreferentzia. Hortik aurrera, geroz eta ikasle gehiagok jarraitu nahi dutela nabaritu dugu. C2 maila unibertsitatera ailegatu aurretik eskuratu duen ikasle-taldea ere badaukagu. Urte asko eman dituzte gurean eta ikasle finak dira.
Ikasturtea amaituta, 2024-2025ari begira zaudete orain. Zer egin, zuenean ikasi nahi duenak?
Bai, datorren ikasturteari begira, prestaketa-lanetan ari gara, jada. Hainbat modu daude izena emateko: akademiara bertaratuta, webgunetik edota telefono-zenbakira hots eginda (688 76 35 70).