Ibon Mayor irakaslearen gidaritzapean ikasle taldea aritu zen garbiketa lanetan, ekainaren 6ko goiz partean. Argazkian, honakoak ageri dira: Unai Rueda, Dylan Isai, Zuhaitz Nuñez, Axel Aparicio, Eldar Mendia, Ander Nuñez, Ekhi Videra eta Ander Diaz.
Mayorrek zehaztu zuenez, “euri-jasa handiko boladetan ibaia hazi, eta dena aurretik eramaten du. Bidean, ibai bazterretan geratu ohi diren hondakinak aritu gara biltzen, batik bat”.
Garbiketaren ekimena zer dela eta sortu zitzaien azaldu zuen Mayorrek. “Klasean, plastikoak eragindako kutsaduraren gaia jorratu genuen. Alegia, kutsadura horrek nola aldatzen dituen habitatak eta prozesu naturalak, eta nola murrizten duen klima-aldaketara egokitzeko ekosistemek daukaten gaitasuna. Solasaldian ari ginela, ikasleei atera zitzaien ibaia garbitzeko ideia”.
Mayor irakaslea da ogibidez, eta urpekaria, berriz, zaletasunez, eta aitortu zuen itsasoa barrutik ezagutzea bezalakorik ez dagoela kontzientzia ekologikoa hartzeko. “Oro har, gizarteak ez daki oxigenoaren %85 ez dutela zuhaitzek eta basoek sortzen, itsas algek baizik. Itsasoan amaitzen du ibaietara jaurtitzen dugun hondakin pila. Toxikotasuna sortzen ari gara itsasoan, eta hiltzen ari dira bertan bizi diren organismoak. Planetan arnastu dezakeguna geu geure jokaerarekin ari gara baldintzatzen, azken batean”.