"Herriko gaztetxoak animatuko nituzke"

Xabier Lasa 2024ko eka. 16a, 07:58

Indartsu dabil xakea Andoainen Agustin Leitza elkartearen eskutik. Horren adibide da bertako hiru talde lehian aritu izana aurtengo denboraldian, eta, halaber, Luis Ortegak Gipuzkoako Xake Azkarreko txapela irabazi berri izana.

Agustin Leitza elkarte gastronomikoa 1965ean sortu zuten hainbat andoaindarrek, eta 1974an, Xake taldea bultzatu zuten. Hortaz, 50. urteurrena betetzen ari da talde hori. Alde horretatik, modu arrakastatsuan ari dira ospatzen mende erdiko ibilbidea Agustin Leitza Xake Taldea osatzen duten jokalari guztiek. Izan ere, aspaldiko partez, hiru talde aritu dira lehiatzen bukatu berri den aurtengo 2023-2024 denboraldian. Gipuzkoan lau lehiaketa ofizial jokatzen dira denboraldian: gorengoa, eta lehen, bigarren eta hirugarren mailak. Bada, Agustin Leitzako talde batek gorengoan hartu du parte, eta beste biek, hirugarrengo mailan; azken horietako batek, bigarrengora igotzeko txartela lortu du, denboraldi bikaina egin ostean.

Hona nortzuk jokatu duten hiru talde horietan. Gorengoan: Luis Ortega, Javier Corral, Iosu Agirre, Aritz Rabadan, Tinin Cueva eta Nacho Jaumandreu. Hirugarrengo mailan, berriz, lehen taldean, Agustin Mazkiaran, Jose Luis Godoy, Alfredo Guerrero, Jesus Maria Espin, Juan Migel Imaz, Illart Alkorta, Patxi Suescun, David Losada eta Danoi CastaÒo. Eta hirugarren mailako bigarrengo taldean, Claudio Mendikute, Roberto Paniagua, Urko Vallejo, Ruben Sebastian Paoli, Iosu Zubillaga Peio Etxebeste, Lazaro Abreu, Pasquale Driesman eta Luuk Vosters.   

Gipuzkoako lehiaketetan Agustin Leitza taldearen presentzia sendo horri, Luis Ortegak, berriki, herrialdeko Xake Azkarreko txapela jantzi izana gehitu behar zaio.

Bada, denboraldi bikainari amaiera ezin alaitsuagoa emateko, afari batean bildu ziren elkartean, ekainaren 8an. Jakina, afaldu aurretik, bata besteen kontra zenbait jokaldi egiteko beta hartu zuten guztiek, sukalde lanak bere gain hartu zituzten bi taldekideek ezik.

Adiskidetasuna eta aurkariari irabazteko grina ederki uztartzen dakizkitela erakutsi zuten beste behin, gau hartan.

Luis Ortega, Gipuzkoako txapeldun

Agustin Leitza Xake Taldeak badu Gipuzkoako txapeldun bat aurtengo denboraldian, esan bezala. Luis Ortega da hori, eta 2024ko apirilaren 28an Azpeitian jokatu zen Gipuzkoako Xake Azkarrean jantzi zuen txapela. “Egun osoko txapelketa izan zen, eta zazpi jokaldi irabazi eta bi berdinketa egin nituen”.

Urtetan pilatu izan dituen jakintza eta eskarmentuaz gain, unean uneko estrategiak balio izan ziola txapela eskuratzeko, aitortzen du Ortegak.

Izan ere, txiki-txikitatik hasi zen xakean jokatzen eta lehiaketetan parte-hartzen, eta ez da lehenbiziko aldia goi mailako tituluren bat eskuratzen duela. “Beste bi alditan izan naiz Gipuzkoako txapeldun, urtetan atzera Lasarte-Oriako taldeko kide nintzela. Lehenbizikoa, jubenil mailan izan zen, eta bigarrena, orain 35 bat urte Ordizian”.

Ezin uka xakea gutxiengo baten kirola denik, eta horrela, Gipuzkoako titulua irabazteak, soilik, xakearen munduan ospe txikia lortzeko eta Euskadi mailan jokatu ahal izateko aukera ematen duela. Hain zuzen, Bergaran ekainaren 2an jokatu zen Euskadikoan aritu zen, eta zortzigarren postua eskuratu zuen.

Zaletasuna gorantz

Luis Ortegak Agustin Mazkiaran dauka aldamenean, xakearekin lotutako kontuez mintzatzeko. Agustin Leitzako gaztetxoez arduratzen da Mazkiaran; izan ere, helduekin ez ezik, gaztetxoekin ere egiten baitu lanketa xake xaldeak.

Biek izan dute aipagai xakearekiko zaletasunak azken hamarkadetan bizi izan dituen bolada onak eta ez hain onak. Hala dio Mazkiaranek. “Kasparovek eta Karpovek 80ko hamarkadan jokatu izan zituzten jokaldiak oso mediatikoak izan ziren nazioartean, eta izugarrizko afizioa sustatu zuten. Pittin bat gainbehera etorri zen ondorengo urtetan, nolanahi ere. Azken urtetan, ordea, gora etorri da berriro modu harrigarrian, eta, batik bat, pandemiari esker izan dela esango genuke”.

Partidak jokatzeko arauek azkartasuna balioetsi izana eta aurrerapen teknologikoek jokatzeko aukerak online eskura jarri izana. Bi arrazoi horiek xakearen loraldiaren zergatia azaltzen dutela gehitu du Ortegak. Hain zuzen, Chess.com eta Lichees.org zerbitzariak aipatu dituzte, egunean edozein ordutan orri horietan sartu eta munduko edonorekin jokaldian murgiltzeko aukera ematen baitizute.

Gaztetxoengan sustatzen

Gaztetxo xake zaleek ostiral arratsaldeetan daukate hitzordua elkartean, Mazkiaranek adierazi duenez: “Ahoz ahoko kanpainak funtzionatzen du gurean, eta ume mordoxka bertaratzen da. Horiekin helburua ez da ez dakit zein mailetara irits daitezen, baizik eta xakean jokatzeko gogoa piztea eta ikus dezaten aktibitate egokia dela ondo pasatzeko”.

Ez dagoela zertan federatu beharrik edo kuota ordaindu beharrik zehaztu du Mazkarianek. “Ateak irekita dauzkate gaztetxoek, ostiralero. Alde horretatik, herriko gaztetxoak animatuko nituzke, etor daitezen eta proba dezaten. Berdin dio zenbat dakiten jokatzen, prest gaude gutxitik erakusteko ere”.

Gaztetxoengan xakerako zaletasuna piztea ez dela lan batere erraza aitortzen du Mazkiaranek. ”Eskolaz kanpoko kirol eta kultur jarduerez aparte, denborapasarako makina bat joko dauzkate gazteek eskura egun. Ez dago samurra errealitate horri aurre egitea”.

Urtean bi txandetan ateratzen dituzte kalera xakeko piezak, taulak, erlojuak eta mahaiak, 16 urtez azpikoen txapelketa jokatzeko. Santa Krutz eta San Juan jaietan egiten dira bi hitzordu horiek, hain zuzen, eta arrakastatsuak suertatzen dira, gaztetxo mordoa erakartzen baitute. Santa Krutzetako txapelketa, 2021eko maiatzean hil zen Eneko Martiarenaren oroimenezkoa izaten da. Martiarenak, jokalari bikaina izateaz gain, Mazkiaranekin batera jardun ohi zuen gaztetxoekin.

Ate joka datozkigun San Juanetan, hilaren 22an, larunbatarekin, Goikoplazan jokatuko da, 10:30etik 13:00etara. 

Gizonezkoen kirola

Xakea gizonezkoen kirola izan da nagusiki betidanik, eta horrela izaten segitzen du egun ere, zoritxarrez. Santa Krutz eta San Juan jaietako gaztetxoen bi txapelketa horietan nahiko nabarmen geratzen den errealitatea da, eta zer esanik ez, helduen mailetan.

Orokorra da errealitate hori maila guztietan, eta nazioarteko lehiaketetan parte-hartzea apenas iristen da hamarretik bat izatera. Gaia aztertu dutenek arrazoi ugari aipatu izan dituzte, eta genetika eta hezkuntza batik bat.

Mazkiaranek, genetikari eusten dio, “oso gai eztabaidagarria da eta ez dakit era zientifiko batean hitz egin daitekeen. Nolanahi ere, genetikaren tesiak baduela oinarririk esango nuke nik. Labur esanda, behin adin batera helduta, 12-14 urteak betez gero, gizonengan lehiakortasuna gailentzen dela, eta emakumeei, ordea, ezaugarri horri eta norgehiagoka aritzeari muzin egin eta jendartekotasunak erakartzen diela gehiago, giza harremanen arloa alegia”.

Mazkiaranek gaineratu du Agustin Leitza Xake Taldeko gaztetxoekin, ahalegintzen direla genero berdinketa sustatzen. 

Argazkiko partaideak

Agustin Leitza elkartean, bertako xake taldeko zenbait kide, ekainaren 8an. Zutik, ezkerretik hasita: Daniel Castaño, Juan Migel Imaz, Aritz Rabadan, Josu Zubillaga, Jesus Mari Espin, Urko Vallejo eta Agustin Mazkiaran. Eserita: Tinin Cueva, Antonio Arcia, Luuk Vosters, Peio Etxebeste, Nacho Jaumandreu, Javier Corral, Iker Fernandez eta Eneko Garmendia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!