Zahartzaroko abusu eta tratu txarrak salatu dituzte pentsiodunen elkarretaratzean

Aiurri 2024ko eka. 17a, 18:32

Denboraldiko azken elkarretaratzea egin dute herriko pentsiodunek, pentsio duinen alde; irailean helduko diote berriro hamabosteroko elkarretaratzeen dinamikari. Gaur egin duten elkarretaratzean gogoratu dute ekainaren 15a, Abusuaren eta Zahartzaroko Tratu Txarren Kontzientzia Hartzeko Mundu Eguna izan zela.

Adierazi dutenez, “gure adinekoei eragindako gehiegikerien eta sufrimenduaren aurkako jarrera adierazteko eguna da. Duela urte gutxi arte ia tabua izan da gai hori, baina dagoeneko hitz egiten da horretaz, eta gehiago nabarmentzen da planeta osoan”.

Era horretan, “oso datu kezkagarriak” diren datu batzuk eman dituzte jakitera: “60 urtetik gorako sei pertsonatik batek abusuren bat edo tratu txarren bat jasaten du; adinekoei abusua eta tratu txarrak ematen dizkieten pertsonen %90 senideak dira (seme-alabak, helduak, ezkontideak edo bikoteak; tratu txarren biktima diren adinekoek pairatzen ez dutenek baino bi aldiz aukera gehiago dituzte hiltzeko”.

Pentsiodunen ustetan, datu horiek argi uzten dute gure gizartean ohiko arazo direla adinekoen abusuak eta tratu txarrak, eta beraz, osasun publikoko arazo garrantzitsu bat direla. “Beraz, lehen mailako arreta eta gizarte-zerbitzuak funtsezkoak dira zahartzaroko abusu eta tratu txarrei aurrea hartzeko, antzemateko eta haien aurrean jarduteko”.

Gaineratu dutenez, “osasunak, zahartzeak, pentsioek eta zaintzak lotura estua izango dute hemendik aurrera, zahartze osasungarri eta duina lortzeko. Duintasunez zahartzea giza eskubidea da, pertsonen asmo naturala eta solidarioa da, eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu gizarte-babeserako sistema publikoak indartzea eta eraikitzen jarraitzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!