Pozik daude, besteak beste, udal aurrekontuak adostasun zabalarekin onartu zituztelako. Baina ez hori bakarrik. Lan handia egin dute eta egitasmoak ez zaizkie falta.
Agintaldiko lehen urtean egindako guztiaren artetik, hainbat gai azpimaratu ditu EH Bilduko alkateak: "Auzoz auzoko bisitak, Miranda pasealekuaren inguruko hausnarketa prozesua, Kultura Loratzen prozesua, Zaintza planaren inguruko partaidetza prozesua, aurrekontu partehartzaileak, herritarrek eskainitako irudiekin osatutako Sanjuanetako bideoa... Datozen urteetan ere bide horretan sakontzen jarraitzeko konpromisoa dugu".
Epe labur eta erdira, egitasmo zehatz gehiago zerrendatu ditu: "Kiroldegia berritzeko eta handitzeko eman den prozesua; Andoaingo herriarentzako eta herritarrentzako horren garrantzitsua den N1-A15 lotunearen arazoaren konponbiderako urratsak eta, epe erdira, udal barruko egitura berrantolatzeko eta eguneratzeko prozesua abiatu dugu".