Kaletxikiko Jaiak 2024

Pili Jimenez diseinatzailea izango da Kandida, aurtengo Kaletxikiko jaietan

Aiurri 2024ko eka. 26a, 08:06

Gaztetatik moda eta joskintza lanetan murgilduta dabil Jimenez. Egun, moda kontuetan ezinbesteko erreferentzia da Donostian zuzentzen duen Muchas Telas denda. Andoaindar askok gogoan edukiko dituzte, berak zuzendari izanik, herrian zenbait urtetan antolatu izan zituzten moda desfiIeak, ikastolako ikasleak modelo gisa, eta koreografia landuekin. Aiurriri 2017ko urrian eskaini zion elkarrizketa, segidan:

Gazte-gaztetan ikasi zuen josten Pili Jimenez andoaindarrak. Moda eta joskintza lanetan murgilduta dabil azken urteetan, gozatuz.

Ideiak oso garbi izan ditu beti Pili Jimenezek. Hamalau urte besterik ez zituela erabaki zuen jantzigintza ikasketak egitea. “Ikaragarri gustuko nuen, eta arlo horretan sakontzen hasi nintzen. Hamazazpi urte nituela, akademia jarri nuen nire gurasoen etxeko gela batean, josten erakusteko. Asko harritu egiten ziren neska gaztea irakasle lanetan ikustean”, dio irribarrretsu.

Hilabete gutxitan, etxebizitza erosi, eta bertan akademia egokitzeko aukera izan zuen Pilik: “Asko gozatu nuen garai hartan. Ehunka pertsona pasa da nire akademiatik, eta oso oroitzapen onak dauzkat. Ikastaro trinkoak izaten ziren, astelehenetik ostiralera, egunero bi orduz”.

Hamabi urtez aritu zen joskintzako eskolak eskaintzen eta lagun asko egiteko aukera ere eman ziola aitortu du Pilik.

Moda desfilea

Josten irakasten zuen bitartean, bere formazioan sakontzen jarraitu zuen Pilik: “Patronaia industriala eta moda diseinua ikasi nituen, oso garbi bainuen mundu horretan aritu nahi nuela lanean”.

First models modelo agentziarekin lan egin zuen bolada batean eta desfileetako koreografia antolatzen ere aritua zen. Hori jakinda, Aita Larramendi ikastolako ikasleek berarengana jo zuten Andoainen moda desfile bat antolatzeko. “Parisera joan nahi zuten ikasturte amaieran, eta niregana etorri ziren desfilea antolatu eta diru pixka bat lortzeko asmoz. Ekimen puntuala izango zela uste genuen, baina ikaragarrizko arrakasta izan zuen, eta hamabi edizio egitera iritsi ginen”.

Andoaingo moda desfile haiek gogoan gordeta ditu Pilik. “Ordu asko pasatzen genuen entseguak egiten. Ikastolako ikasleak aritzen ziren modelo lanetan, eta neronek erakusten nien nola egin. Koreografia landuak prestatzen genituen eta oso adi egoten ziren, guztia ondo atera zedin”.

Ikasleek egindako lanaz gain, gurasoen elkarlana ere azpimarratu du Pilik: “Argiteria eta soinu-tresnak kontratatu egiten genituen, baina gainerako guztia gurasoen artean egiten zuten”. Arropa marka Haurrentzako arropa marka bat ere sortu zuen Pilik duela zenbait urte. “Kusku izena jarri nion markari. Bi kolekzio egin nituen, baina momentu horretan Zara sortu zen eta gure lanbidea aldatzen hasi zen. Zarako arropa oso merkea zen eta ez zuen merezi norberaren arropa josteak”.

Urte batzuetarako, orratza eta haria utzi, eta beste lan batzuetan murgildu zen Pili. “Oso argi nuen noizbait familia izaten banuen, josteari utziko niola. Eta halaxe egin nuen. Etxekoentzako arropa egiten nuen, baina, umeak koskortu arte, alde batera utzi nuen joskintza lana. Izan ere, oso lanbide polita baita jostunarena, baina ordu asko eta asko eskatzen duena”.

Itzulera

Baserritar jantziak egiten ekin zion berriz ere bere lanbideari. “Ikaragarri gustura hasi nintzen, eta arrakasta izan nuen, gainera. Jantzi bereziak egiten nituen, zainduak. Asko gozatzen nuen jantzi bakoitzarekin”.

Gozatzeko modua izan zena, ordea, ardura handiegia izatera iritsi zen, eta pixkanaka, baserritar jantziak egiteari utzi zion Pilik. “Bezero bakarra mantentzen dut, dantza txapelketatan aritzen den mutiko bati egiten dizkiot arropak”.

Baserritarren jantziak josteak, ordea, beste lan aukera bat ekarri zion Piliri: “Donostiako Merke Kilo dendara etortzen nintzen oihalak erostera. Bertako jabeak erretiroa hartu nahi zuela esan zidan, eta dendaren ardura hartzeko proposamena luzatu zidan. Berarekin batera aritu nintzen bolada batean, eta duela bi urtez geroztik neronek hartu nuen dendaren martxa. Muchas Telas izena du orain dendak, eta oso gustura ari naiz bertan”.

Internetez ere bai

Teknologia berriei lotuta ere badabil Pili: “Garai hauetan, ezinbestekoa da interneten egotea”. Esaterako, jaietako blusei lotutako webgune bat du martxan. “Dendara jende asko etortzen zen blusak egiteko oihalak erostera. Hori ikusita, zenbait koadrillari neronek josteko aukera eskaini nion.

Ahoz ahozkoaren bidez zabaldu da eskaintza horren berri, eta koadrilla dezente etortzen da dendara, blusak egitera. Beti saiatzen naiz herri bereko koadrillei oihal ezberdinak eskaintzen, blusa berdinak izan ez ditzaten; eta jendeak eskertu egiten du hori”.

Interneten ere aukera horri jarraipena ematea erabaki zuen, Kapykos izeneko marka sortuz. “Koadrilla bakoitzak bere blusa diseina dezake eta baita eskaera egin ere. Nafarroatik, Errioxatik…, geroz eta toki gehiagotatik iristen zaizkigu eskaerak, nahiz eta gehienak ingurukoak izaten diren”.

Moda

Josten bakarrik ez, modarekin ere ikaragarri gozatzen du Pilik. “Gipuzkoa modaren laugarren edizioa prestatzen ari gara. Urria amaieran ospatzen da eta nik backstagearen zuzendaritza daramat. Koreografia, estilismoa edota modeloak jazten ari direnak koordinatzen ditut”.

Hazten ari da Gipuzkoa moda eta buru-belarri ari da Pili lanean. “Moda desfile ezberdinak egiten dira astean zehar eta lan handia suposatzen du guztia ondo antolatzeak. Horri guztiari dendako lana gehituz gero…, ez dut aspertzeko minutu bat bera ere. Jende askok galdetzen dit nola moldatzen naizen horrenbeste gauza egiteko. Erantzuna erraza da; gustatzen zaidalako egiten dut”.

Bere denda Donostian izanik, bertako denda txikiak biziberritzeko lanean ere aritzen da Pili Jimenez. “Gauza ezberdinak egiten ditugu, kaleari bizi pixka bat emateko. Zinemaldian, esaterako, Grease pelikula irudikatu genuen kale osoan zehar. Ekimen horiekin ez dugu bilatzen gehiago saltzea, kaleari bizitasuna ematea baizik”.

Kalitatea helburu

Saltzen dituen oihalen kalitatea bereziki zaintzea gustatzen zaio Piliri. “Ehunaren kalitatea zaintzea, horixe da garrantzitsuena. Asko mugitzen naiz oihal onak aurkitu ahal izateko. Zeta Italiatik, kotoia Alemaniatik…, batzuetan ni joaten naiz erostera, eta beste batzuetan haiek etortzen zaizkit dendara, baina beti zaintzen dut kalitatezko oihala izan dadila. Horrez gain, egun, jende askok eskatzen du ehun naturala, nahasketa sintetikorik gabea, eta horretan saiatzen naiz.

Gainerantzean, oihalak erostea egokitzen zaidanean, ez naiz momentuko modetan oinarritzen, nahiago izaten dut niri gustatzen zaidana erostea. Denborak erakutsi didanez, horrek beti izaten du irteera ona dendan”.

Gazteak ere jostun Oihala saltzen duenean, ideiak ematen saiatzen da andoaindarra. “Jendeari entzun egin behar zaio aurrena, zer nahi duen jakiteko eta ondoren, aholkuak ematen dizkiet. Jendeak asko estimatzen du hori. Beste ikuspegi bat jasotzea, beti da aberasgarria eta bezeroek gustura hartzen dute”.

Geroz eta gazte jende gehiago etortzen zaio dendara, eta argi du pixkanaka, etxean josteko ohitura pizten ari dela berriz ere. “Garai batean etxeko arropa guztia josten zen. Eten handi bat egon zen ondoren, eta berrogei urte inguruko jende gehienak ez daki josten. Gazteagoak, ordea, jostera zaletzen ari dira. Jendeari gustatu egiten zaio arropa ezberdina izatea, norberak egin edo moldatutakoa, eta balio handia ematen diote eskuz egindakoari. Esaterako, askotan etortzen zaigu jende gaztea, dendan erosi berria duen arropa batekin, hura moldatzeko eta aldatzeko oihalak erostera. Jendea aspertuta dago betiko arropekin”.

Gazteen josteko modua ere ezberdina dela dio Pilik: “Orain presa handiagoz egiten da. Berehalako emaitza nahi izaten dugu, eta lana ahalik eta azkarren amaitu. Garai batean beste patxada batez egiten ziren lanak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!