Tango-Aurreskuaren estreinaldia, aurtengo Sanjuanetan

Xabier Lasa 2024ko eka. 21a, 19:56

Bakartxo&Joseba Dantza Eskolaren erakustaldia izango da larunbat gauean, Goikoplazan. Bakartxo Arabaolazak emanaldia erritmoz beterikoa eta anitza izango dela ziurtatu du. Gainera, Tango-Aurreskua estrenatuko dute jendaurrean.

Bakartxo Arabaolaza eta Joseba Pagola tango dantzariek  “Tango-Aurresku” pieza sortu, koreografiatu eta grabatu dute berriki. Fusio askea izateko sortu bazuten ere kulturartekotasunaren ekimen dotorea egin dute, are gehiago, unibertsalitatuz, Euskal Herriko eta Argentinako kulturen adierazpenak uztartuta.    

Garua Bilboko eta Durangoko tango elkartea izan da ideiaren bultzatzaile. Alejandro Rodriguezek zuzendu du bi minutu eta erdiko iraupena duen dantza erakustaldia, eta Santiago Ramosek eta Pedro Pablo Valcarcelek jarri diote musika.

Sortze-prozesua

Bilbon tango irakasleak dira Arabaolaza eta Pagola, eta hango elkarteak proposatuta landu dute pieza, esan bezala. Arabaolazak kontatu du nola izan zen sormen-prozesua: “Proposamenari baiezkoa eman, eta musika izan genuen abiapuntu. Eta, hortik aurrera, koreografia sortu behar izan genuen ez dirudi,  baina nahiko konplexua izan zen sormen-lana, tangoa eta Aurreskua pausoz pauso nahasteko eta bat egiteko”.

Tango dantzari gisa ezin trebeagoak izanik, Aurreskuaren lanketak ekarri zien lehenbiziko buruhaustea. “Euskal dantzako bi irakasleekin trebatu behar izan dut, nahiko ezezaguna baitzen dantza berezi hori niretzat behintzat. Helburuetako bat baitzen zorroztasunez eta duintasunez egitea dantza hori Tangoa bezainbat, eta ez edozein modutara”.

Nolanahi ere, bi dantzen espiritua uztartuz sentimenduarekin dantzatzea izan zela zailena aitortu du Arabaolazak. "Argi geneukan ezin zela automata batzuen moduan dantzatu, eta grabazioan saiatu ginen hori transmititzen”.

Youtuben ikusteko moduan dagoenetik, dantza zaleen aldetik zer nolako harrera izan duen azaldu du Arabaolazak. “Ikustaldi mordoa izan ditu dagoeneko interneten, eta oso gustuko dutela askok. Lagun batek egin zidana aipamena geratu zait kaskoan grabatuta: “Mutur-oker jarri nintzen jakin nuenean zer egitera zindoazten, gorroto baititut fusioak. Baina zuen bideoa ikusi ahala, iritziz aldatzen joan naiz, eta lan bikaina egin duizuela iruditu zait azkenerako”.

Larunbat gaueko lehen dantza-saioa izango da Tango-Aurreskua. “Espero dut gogokoa izatea estreinaldia andoaindarrentzat”.

Edonor asebetetzeko ikuskizuna

Tango-Aurreskuaren estrainaldiaren ostean, jarraitu egingo du dantza-festak, bizi-bizi, etenaldirik gabe. Izan ere, ikusleak asebetetzeko moduko ikuskizuna eskaintzeko asmoa dauka eskolak, eta, horretarako, dantza mota ugariren erakustaldia egingo dute. Honatx zeintzuk diren dantza horiek: urbanoa, tangoa, salsa, bachata, urban kiz, eta timba errepartoarekin.

Guztira, 90 bat dantzari gaztek zein helduk interpretatuko dituzte dantza horiek jendaurrean. Eskolako ikasleak izango dira gehienak, baina ospe handiko dantzari profesionalak ere gonbidatu dituzte hitzordurako, izan bikoteka, izan bakarka. Josebak eta Bakartxok osatutako bikotearekin ez ezik, ikusleek honakoekin ere gozatu ahal izango dute: Eder eta Elena eta Ibane eta Nerea bikoteekin, eta, Imad Rbihi, Paolo Suarez, Mike Evens eta Marta Oteiza bakarlariekin.

Gaueko 22:00etan hasita, ordubete pasatxoko iraupena izango du ikuskizunak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!