Andoaingo San Juan jaien egitaraua eskuartean hartu duten askori, ziurrenik, zerbaitek arreta deitu badie, iganderako iragartzen den 'Warhammer 40K torneoa' delakoa izan da. “Zer arraio ote da torneo hori?” galdetuko zion bere buruari batek baino gehiagok. Bada, oinarrizko argibideak ematea komeni da, lehenbizikoz, eta horretarako prestatu da Martinez. Warhammer, rol-jokoen multzoan sartzen den mahai-jokoa da. Rol-jokoek fikziozkoa edo erreala den mundua irudikatzen duen egoera dute oinarri, eta bertan, jokalariek, fikziozko pertsonaiak antzezten edo rolak interpretatzen dituzte.
Warhammer 40K jokoari dagokionez, mundu fantastikoa eta zientzia fikzioa uztartzen dituen mahai-jokoa da. Neurri zehatzak dituen mahai batean jokatzen da, are zorrotzagoak diren arauekin, eta jokalari bakoitzak fakzio edo armada bat gidatzen du; hamarnaka miniaturek irudikatzen dituzte armada horiek. Miniaturak, soldaduak, gerrako ibilgailuak edo eszenografia-elementu desberdinak izan daitezke.
Xakearen antzera, Warhammer 40K ere estrategia jokoa da. Jokalari bakoitzak, txandaka, bere armada mugitzen du mahaian barrena, besteekin borroka eginez. Jakina, aurkariaren armada akabatzea da jokoaren azken helburua.
Honako hau da Warhammer 40K jokoaren berezitasunetako bat: jokoan hasi aurretik jokalariek miniaturak eskuz muntatu eta margotu behar dituzte. Bere zaletu amorratuentzat, dibertsioaren parte da eginkizun hori.
Sanjuanetan, torneoa
Gonzalo Martinezek adierazi duenez, San Juan jaien barnean, igandean jokatuko den torneorako, jada, 44 jokalarik eman dute izena. “Arabatik, Bizkaitik, Nafarroatik, Errioxatik… datoz asko eta asko, eta esan daiteke, norbanakoen torneoen panoraman, Euskal Herrian, handiena izango dela”.
Martinezek gaineratu du Andoaingo lehiaketak badaukala bere balio erantsia jokalarientzat, “izan ere, kontuan hartu behar baita Warhammer 40K jokoa, sortu zenetik, edizio desberdinak izan dituela, eta une honetan bederatzigarrenean dagoela indarrean. Andoaingoa ziurrenik azken torneoa izango da edizio horrekin, hurrengo egunetan hamargarrena zabalduko baitute, bere arau berriekin”.
Ekitaldia goizeko 09:00etan abiatuko da, eta 20:00ak bitarte luzatuko da. Basteroko kulturgunean izango da, baina arratsaldeko 17.00etatik aurrera, Plaza Morean, erakustaldia egingo dute. “Joko horiekin jakinmina daukatenentzat egingo dugu ekintza, eta gonbidapena zabaltzen dugu bertara daitezen lasai asko”.
Lau urteko ibilbidea
Enderren Jokoa elkartea, Andoaingo zenbait rol-joko zaleek orain lau urte sortu zuten. Orson Scott Cardek idatzitako zientzia fikziozko liburu ospetsuaren izenburua hartu zuten elkarteari izena jartzeko. Ender Wiggin gaztea da liburuko protagonista; intsektu estralurtar egarrien arraza batek gizateriaren etorkizuna mehatxatzen du, eta horien aurka borrokatzen ikasteko akademiako ikaslea da.
Egun, 40 bat bazkidek osatzen dute elkartea. “Adinez, urtetan aurrera goaz, eta familia- gurasoak gara gehienok. Elkartea irekia da, eta joko-zale edonor izan liteke bazkide”.
Joko horien inguruko ekimenak (ikastaroak, pintura tailerrak, joko saioak…) burutzeko eta materiala (miniaturak, estandarteak, mahaiak…) gordetzeko espazioa behar dutenez, Udalak egoitza utzi dio elkarteari. Extremadura kalean kokatzen da egoitza, hain zuzen , iraganean euskaltegia izan zen leku berean.
Martinezek elkartearen zergatia zehaztu nahi izan du. “Arrazoi ugarik bultzatu gintuzten elkartea eratzera. Lehenik eta behin, rol-jokoen zaletuok premiazkotzat jotzen dugu topagune bat, materiala prestatzeko eta elkarrekin jokatzeko edo ekimenak antolatzeko. Kontuan hartu behar da hobby garestia dela, eta aurrekontuak ihes egiten dizula pittin bat serio jokatu nahi baduzu, asko baita jolasteko behar den materiala (miniaturak, pinturak, aerografoak, pintzelak, mahaiak, estandarteak…). Bada, espazio komun batek, jokalariek material hori guztia partekatu ahal izatea erraztu dezake”.
Erraztasunak aipatzen hasita, elkarteak gazteengan zaletasuna sustatzeko ezinbestekotzat jo du egoitza. “Hobby garestia dela aipatu dut, eta horrek atzera egiten die gazteei erabat; hala, pantailek, bideo-jokoak eskura-eskura eta merkeago jartzen dizkie. Bada, gazteak erakarri nahi ditugu, materialarekin erabilerraztasuna ezarrita”.
Gazteekin segituz, sozializazioaren ezaugarria ere azpimarratu nahi izan du Gonzalo Martinezek, “pantailekin-eta, bakartasunean aritzen dira maiz gazteak, ez dute lagunik behar jokatzeko. Rol-joko horiek, ordea, jendartekotasuna lantzera behartzen zaituzte”.
Hainbat giza-trebezia lantzeko egokia
Aurrejuzguei tira eginez, armadekin eta borrokekin lotutako rol-jokoek jokalariengan irrika belikoa sustatu ote lezaketen galdetuz gero, erabat ukatzen du uste hori Martinezek. “Lagun-giroan ondo pasatzea da joko horien helburu nagusia. Aurkariak dituzu beste jokolariak, baina borroka-saioak edo delakoak garatzen ditugun bitartean, elkarri txantxak egiteko edo garagardo batzuk elkarrekin hartzeko denbora edukitzen dugu. Sekula ez dut ikusi itsusikeriarik edo xextrarik jokalarien artean, ezta sariak jokoan jartzen diren torneoetan ere”.
Martinezek zehaztu duenez, zenbait giza-abilidade garatzen laguntzen dute joko horiek. “Hala nola, miniaturak margotzeko eskua, unean-unean estrategiak diseinatzeko trebezia, memoria, sozializazioa...”.