Honako aizkolariak aritu ziren: Iker Vicente (Euskal Herriko txapelduna), Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza (1. Euskal duatloi txapelduna) eta Julen Alberdi Txikia (Urrezko Aizkora txapleduna). Harria jasotzen, berriz: Mikel Lopetegi Urra (Euskal Herriko txapelduna), Lierni Osa, Aintzane Zumeta eta Maddi Gesalaga. Azken horrek, 15 urterekin harri jasotzen marka jarrita dauka 100 kiloko kubikoarekin eta 113 kiloko zilindroarekin.
Iruntxiberriren erakustaldia lasterka
Harri-jasotzaileek azken erakustaldia egin ostean, arratsalde osoa kirolariei adi-adi egon zen Leon Albeniz Iruntxiberri andoaindarra korrika erakustaldia egitera animatu zen. 87 urte ditu gizonak, baina arin-arin egin zizkion bi itzuli plazari.
Ikusia dago oraindik ere ez duela erabat galdu iraganeko sasoia eta grina herri kiroletarako. Ez alferrik, herri kirolen historian apenas egongo den bera berdindu duen kirolaririk, aizkoran, segan, korrika; makina bat apustu egina da Albeniz kirol horietan. Ondo gogoan dauzka denak ere, eta interesa jartzen duenari agudo asko kontatuko dizkio.