La Salle Berrozpeko salletarrei agur hunkigarria eskaini zitzaien

Xabier Lasa 2024ko uzt. 3a, 13:10

Jendetsua eta beroa bilakatu zen La Salleko anaien komunitateari egin zitzaion azken agurreko ekitaldia. Egungo irakasleak, ikastetxean noiz edo noiz irakasle izan diren salletarrak, herritarrak, ikasle ohiak… bildu zituen ekitaldiak, besteak beste. Ekitaldiko argazkiak eta bideoak, ikusgai:

Argazki nagusian atzoko ekitaldian bildu ziren salletarrak ageri dira. Ezkerretik eskuinera, zutik: Agustin Lazaro, Juan Carlos Orus, Joxe Angel Mujika, Felix Ezama, Rikardo Villate, Joxean Villalabeitia, Mikel Garcia eta Agustin Lucas. Eserita: Nazario Maiz, Bonifacio Martinez de Santos, Rikardo Fuster, Manuel Udabe, Jexux Mari Arrieta, Mikel Balerdi, Joxe Mari Mujika eta Juan Luis Urmeneta.

 

Salletarren 91 urtetako ibilbidea

Egun ikastetxeko zuzendari den David Urtasunek aurkeztu zuen ekitaldia, eta bertan, 91 urtetan igaro diren 101 salletarren emankortasuna eta xumetasuna nabarmendu zituzten, eta oroigarriak eman zitzaizkien.

Lehenengo eta behin, salletarrek Andoainen jada egin dituzten 91 urteei begira jarri ziren, eta horrela, mugarririk garrantzitsuenak aipatu zituzten. Hala nola, Juan Legarra Etxebeste andoaindarrak 1735ean bere ondasuna nola bideratu zuen eskualdeko txiroen eskolaren alde; 1933an, Joakin Bermejo erretoreak eskatuta, nola heldu ziren hiru salletar herrira, eta Kale Nagusian nola ireki zuten eskola 153 ikasleekin; 1945ean, nola ireki zuten lanbide heziketako lehen eskola, Laborde lantegiarekin elkarlanean; hurrengo hamarkadetan, nola fusionatu zen bi ikastetxeekin, 1973an Karitateko Alaben Milagrosarekin eta 1990ean Jesusen Alaben Berrozpekin...

 

Alvarezen eta Muniozgurenen hitzartzeak

Andoni Alvarez alkateak, udal ordezkari guztien izenean hartu zuen hitza ekitaldian. La Salleko anaiek Andoaingo herriaren alde egin ia mende batez duten ekarpena nabarmendu nahi izan zuen Alvarezek: “Ez zait egokitu ikastetxeko ikaslea izatea, baina familian eta lagunartean pertsona asko dauzkat bertan egin dutenak ibilbidea, eta alde horretatik, kontziente naiz anaiek irakaskuntzan 91 urte hauetan egin duzuen ekarpenagatik. Gainera, irakaskuntzaz aparte, nabarmentzekoa ere bada herrian aurrera eraman dituzuen era askotariko ekintzak”.

La Salle Sare taldeko ordezkari Itziar Muniozguren hitzartzea heldu zen ondoren. Anaien emankortasuna azpimarratu zuen Muniozgurenek. “Anai maiteak: Andoaingo eta inguruko herrietako ikasle eta familia asko hazi dira zuen ondoan, egunez egun, arian-arian, eskuz zabal, emankor, lur gozo eta oparo. Hazi miragarri sentitzen zaituztegu elkarteko anai guztiak. Ia mendi oso bat eman duzue Andoainen hezkuntzan, kultura zabaltzen, jakintza ereiten, pertsonak lanerako prestatzen. Gazte askoren bide lagun izaten. Eta zerbitzu zintzo hori guztia, salletar balioak lehian izanik eman duzue, hurbiletik pertsonen eskura egonik, oso atseginak izaten, diskrezio handiz jokatuz, eta pertsona xumeak zaretela erakutsiz. Ezaugarri guzti horiek egin zaituzte hain maitatuak eta estimatuak Andoain osoan”.

 

Bi oroigarri xume salletarrei

David Urtasun zuzendariak bi oroigarri eman zizkien Andoaingo La Salle ikastetxean noiz edo noiz irakasle izan diren 101 salletarrei. Horien izenean, azken urtetan bertan anaien zuzendari izan den Manu Udabek jaso zituen biak. Lehena koaderno zuria izan zen.

Hala azaldu zuen Urtasunek kuadernoaren zergatia: “keinu esanguratsua eta xumea egin nahi izan dugu, anaiak xumeak direlako, nahita nahitaezko gauzekin bakarrik bizi baitira. Koaderno txuri honek, gutako bakoitzak bere bihotzetik idatzi nahi duena jasotzeko balioko du. Keinu xinplea da, baina aberatsa izango da barruan gordeko duena. Bertan idatziko ditugunak hunkituta irakurriko dituzte salletarrek”.

La Salleko ikasle izan zen Martin Ugalderen idatzia biltzen duen koadroa izan zen bigarren oroigarria. Idatziaren bitartez, bizitzako urterik kuttunenak ikastetxean bizi izan zituela gogorazi zuen idazle eta euskaltzale handiak, eta La Salle Berrozpe. 1945-1995. 50 urte bizirik… Herriaren zerbitzuan liburuak jaso zuen 1996an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!