41 urte egin ditu bertan Anderrek; Koldok, berriz, 36 urte. Markoztatzearen sektore tradizionala gainbehera doala aitortu dute biek. Ander Armendariz 1983an hasi zen lanean Kale Berrian kokatzen zen Leizaran dendan, markoztatzaile gisa. Ordurako, irekita zegoen, eta Alfonso Estalayo zen bere nagusia. Handik bost urtera sartu zen Koldo, eta gutxira, bi anaiek hartu zuten negozioa.
Garai oparoak bizi izan dituzte iraganean. Halaxe dio atzera begira jarrita Koldok: “Bazegoen kultura argazkiak eta era guztietako irudiak markoan ipintzeko; mugimendu askoko negozioa izaten zen, eta lehenbiziko urtetan, jaunartzeko garaietan-eta, bezeroen eskari guztiei erantzuteko bost langile ere bertan aritu izan gara elkarrekin”.
Bi motatako bezeroak izan dituztela hamarkadetan zehaztu dute bi anaiek. Dendara eskaera zehatzak egitera etorri zaizkien bezero partikularrak, eta, dendatik kanpo eurek lortu dituztenak. “Argazkilariekin edo dekorazioko negozioekin eduki dugu harreman handia. Guk tailerrean egiten genuen guztiaren erakusgaia eskuan hartu, eta lekuz leku ibili izan gara, aurrez egindako eskaerak uztera edo berriak jasotzera. Gero, aparte, markoztatzaileak izan arren guk bezala tailerrik ez zeukatenekin ere egin izan dugu lan”, Anderren esanetan. Bezero famatuen artean, Iruñeko El Corte Ingles saltokia aipatu dute biek.
Bezeroekin konfiantza
Modu bateko zein besteko bezeroekin egin duten konfiantzan oinarritutako harremana nabarmendu nahi izan dute bereziki Anderrek eta Koldok. “Markoztatzearen langintza ez da lan mekanikoa, lehenbizi bezeroari entzun egin behar zaio zer nahi duen jakiteko; ondoren datorrena, egurra lantzea da, eta horrek badauka bere artea. Alde horretatik, bezero ugari eduki ditugu prozesu hori guztia baloratu izan zutenak. Horrela, bezeroekin urtetan sakondu dugun harremana da negozioari lotuta geratzen zaigun oroitzapenik gozagarriena. Gurekin beti jarri izan dute konfiantza, eta bihotzez eskerrak ematea dagokigu”.
Gaineratu dutenez, oso eskaera pertsonalekin hurbildu izan zaie makina bat bezero, sentimentalki aparteko esanahia daukaten irudiak, argazkiak edo objetuak markoan ipintzeko eskatuz. Eta jakina, horien atzean dauden historiak kontatu izan dizkiete dendan. “Oso historia politak eta hunkigarriak aitortu izan dizkigute tarteka”.
Saltzailearen eta bezeroaren arteko harreman konfidentzialean geratzen diren historiak dira, baina deigarriak dira hainbat: “Oraintxe gogoratzen hasita, markoan sartzeko objektu deigarrienen artean, aipa genitzazke nobillero baten kapotea, fetua eta plazenta batzen dituen zilbor-hestea, ziklo-kroseko kirolari baten elastikoa (izerditua eta lokatzez josita), ejertzitoko sable eta banderak, Curro Jimenezena zirudien labana puska, Espainiako futbol selekzioko kamixeta jantzita pertsona baten argazkia…”.
Komertzio txikien krisi orokorra
Orokorra da komertzio txikien sektoreak azken urteetan bizi duen gainbehera. Leizaran Markoztatzaile Lantegia ere ez da libratu errealitate horretatik. Sektore horri dagokionez, Amazon, Ikea eta antzeko negozio erraldoiak aipatu dituzte, kolpe latzaren eragile gisa. “Luze mintza gaitezke horien produktuen kalitatearen gainean, baina nekez lehiatu daiteke jartzen dituzten salneurriekin”.
Gainbehera edo krisia aipatzen hasita, ezinbestean aipatu behar Andoaingo gertuko komertzioen egoera. Nahiko ezkorrak dira alde horretatik, Kale Berritik urrunera joan gabe. “Nahiko begi-bistakoa da, zenbat ixten ari diren. Are nabarmenagoa da Kale Berriaren kasuan. Nahiko utzita dago kale hori, oinezkoak ere apenas ibiltzen diren. Carminak parkeko kioskoa itxi berri du, eta orain gureak ere bide berbera hartu du; urruna, eta asko gabe, kalean dagoen kirol dendari iritsiko zaio txanda…”.
Amaitezina da herriko denden itxiera kronika, eta ez diote ikusten irtenbiderik: “Udala ahaleginak egiten ari da herriko komertzioa sustatzeko, baina iluna da panorama. Jendea jubilatzen ari da eta atzetik ez datorkio inor lekukoa hartzera. Ematen du dendan aurrez aurreko salmentatik kanpo bezeroak lotzen dituzten komertzioek daukatela perspektiba hobea”.