Maider Lainez parlamentaria izango da abiatu berri den Eusko Legebiltzarrean

Aiurri 2024ko uzt. 4a, 15:36

@gpsv_parlamento

Alderdi sozialistak eman du albistea, sare sozialen bidez. Hainbat hautetsik sailburu karguak hartu dituztenez, Lainezek parlamentari izateko aukera du.

Maider Lainezek ibilbide luzea osatu du Andoaingo udaletxean. 2011ko eta 2015eko agintaldietan oposizio-buru izan zen, eta 2019an alkate postua eskuratu zuen jeltzaleekin lortutako akordioaren bitartez.

Azken hauteskundeetan alkategaia izan zen, baina EH Bilduk irabazi zituen hauteskundeak beste behin ere eta Andoni Alvarez Letek lortu zuen aginte-makila.

Agintaldi honetan Aritz Alkain da sozialisten burua eta Maider Lainezek Andoaingo sozialisten idazkari orokor izaten jarraitzen du. Azken hilabeteotan Asensio alderdikidearen kabinetean aritu da lanean, Gipuzkoako Foru Aldundian. Gaurtik aurrera, legebiltzarkide izango da Gasteizen.

Eta hori nola da posible? Galdetuko du baten batek baino gehiagok. Bada, Itxaso, De los Toyos eta beste zenbait sozialistek legebiltzarkide akta jaso eta gero ardura postuak hartu dituzte hainbat sailetan. Ardura horiek hartuta, euren diputatu akta hutsik geratu da eta alderdi sozialistak kide berriak deitu ditu postu horiek bete asmoz. Lainezen kasua da hori.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!