Juan Usarralde Laskibarrek ehun urte bete ditu gaur

Xabier Lasa 2024ko uzt. 9a, 18:40

Juan Usarralde Laskibarrek ehun urte bete ditu gaur, eta arrebekin, ilobekin, udal ordezkariekin, senideekin eta Juan Bautista Bataiatzailea egoitzako langileekin ospatu du egun berezia. Leizotz baserri-auzoko Idoiagan lehenbizi eta Bista Eder (Sasiain) baserrian ondoren hazi eta hezitako hamaika senideetatik bost bizi dira, eta bostak bildu ditu gaurko ospakizunak: alegia, Juan, Rosario, Ana Mari, Maria Kandelaria eta Sebastiana. Juan Usarralderen gaineko erreportajea, datorren hamaboskariko zenbakian.

Argazkian, Juan Usarralde Laskibar, hainbat arreba eta ilobekin, Udal ordezkariekin, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileekin eta Done Juan Bautista Bataiatzailearen egoitzako langileeekin ageri da. Zutik, ezkerretik hasita: Sebastiana Usarralde, Rosario Usarralde, Nerea Martinez, Andoni Alvarez alkatea, Maria Kandelaria Usarralde, Jaione Goia, Arantxa Irazusta eta Ariane Lertxundi. Makurtuta, Arantxa Alkorta Gizarte Zerbitzuetako langilea, Nerea Garate, Mila Olaizola, Haizea Barandiaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Ixiar Igerategi, Alaia Olazabal eta Isabel Algaba.

 

Usarralde Laskibar familiako bost senide: Sebastiana, Ana Mari, Rosario, Juan eta Maria kandelaria, zahar egoitzan gaur

 

Argentinan, mende erdia

Juanek Argentinan mende erdia kasik egina du. Soldaduska egin ostean, frankismo garaiko krisi ekonomikoa atzean uzteagatik joan zen Ameriketara, eta 1997an itzuli zen Andoainera berriro, erretiroa hartu eta gero.

Bera baino urtebete lehenago jaiotako Joxe Mari anaia ere Argentinara abiatua zen ordurako bizimodu hobe baten bila, eta bertan hil zen.

Juan Usarraldek ez du galdu hizjarioa, kontu kontari bikaina da, eta zorrotz heltzen dio memoari ere. Solasakide ezin apartagoa, hortaz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!