"Oso bizialdi pozgarria izan da niretzat, andoaindarrek oso abegikor hartu nautelako"

Xabier Lasa 2024ko uzt. 14a, 08:00

Azken 19 urtetan Andoaingo San Martin parrokian erretorea izan eta gero erretiroa hartuko du Iñaki Zabaleta Galarragak, hurrengo asteetan

Apaizen jubilazio berezia, Andoaingo kristau komunitatea, Andoainen dagoen pobrezia, Elizaren premiazko modernizazio-prozesua… izan ditu mintzagai elkarrizketan, Andoain uzteko atarian.

Noiz izango da zure agurra?

Esango nuke irail-urrian izango dela kargugabetzera doan apaiza agurtzeko eta datorrenari harrera egiteko ekitaldi publikoa. Gotzaiaren esku dago hori, hala ere. Behintzat, izendatuta dago kargua hartuko duena, eta Andoni Ledesma da. Jada ezaguna da Andoainen, hainbat zereginetan laguntzaile gisa jardun baitu azken aldian.

Nolanahi ere, ez dituzte ohiko arauak jarraitzen apaizen erretiroek…

Berez apaizak ez gara sekula jubilatzen, ez diogu uzten apaiza izateari. Normalki, 75 urterekin uzten dira karguak ofizialki, galtzen hasten baitira jendaurrean aritzeko gaitasun kognitiboak. Hori  bai, mezak ematen eta beste zenbait ardurekin (ordezkapenak, laguntzaile lanak…) jarraitzen dugu. Batzuetan esan ohi da parrokia bateko titularra izanik baino lan handiagoa edukitzen dela erretiroa hartuz geroztik. Nire kasuan, behintzat, ez naiz geldirik geratuko. Donostiara noa bizitzera familiarekin, eta ziur nago eginkizun bat baino gehiago egokituko zaidala inguru hartan.

Izango duzu artean eduki ez duzun denbora, behintzat, zure zaletasunei eskaintzeko.

Hala pentsatzen dut. Besteak beste, ibiltzea dut gogoko; nahiz eta azken boladan zerbait utzita eduki, goizeko 06:00etan abiatuta, ilunpetan, Andoaingo parajeetan barrena makina bat joan-etorri egin izan ditut. Donostiako bazterretan ibiltzea egokituko zait, bada, hemendik aurrera. Irakurketa ere izugarri dut atsegin, eta oraintxe, gogoko testuekin berrirakurketaren teknika deskubritu dut, ideiak eta kontzeptuak ondo barneratzeko ezin egokiago. Bestalde, musika klasikoa da nire beste afiziorik kuttunenetakoa; Musika Hamabostaldiarekin, Euskadiko Orkestrarekin eta beste hainbat emanaldiekin zuzenean gozatzeko denbora hartuko dut, nahikoa zailtasun eduki baititut horretarako, hiletak eta bestelako zereginak zirela-eta.

Noiz eta nola irten zitzaizun erlijio bokazioa?

Ez zen egun batetik bestera piztutako gauza pertsonala izan, nahiko naturala izan zen prozesua. Familia sinestun baten altzoan jaio nintzen, eta hezi, oso giro katolikoa bizi zen Donostiako Alde Zaharrean. Auzoan, erdi txantxetan, bi komunitateetan bezala banatuta bizi ginen; Santa Maria Basilika ingurukoak joxemaritarrak ginen, eta San Bizente eliza ingurukoak, berriz, koxkeroak ziren. Gazte-gaztetatik, Elizaren babeseko zentro katolikoan eta JOC elkartean ibili nintzen, eta beti sentitu nuen gertu fedea.

Zein izan zen zure ibilbidea, Andoainera heldu aurretik?

Mundaizen oinarrizko ikasketak egin ostean, Donostian bertan, apaiztegian egin nuen karrera eklesiastiko guztia. 26 urte nituela, orduan Villafranca de Oria zen Ordizian eman zidaten lehenengo destinoa. Han bost urte eginda, Legazpin, beste zazpi urte egin nituen; biak ere, Andre Mariaren Jasokundea izeneko elizetan, eta laguntzaile gisa. Beasain izan zen nire hurrengo bizialdia, San Martin Loinazko eta Andre Mariaren Jasokundearen elizetan. Han 13 urte erretore gisa jardun ostean, pastoralean lizentziatura ateratzera Madrilera joan nintzen. Ikasketa egin bai, baina ezin izan nuen tesia amaitu. Handik Eibarrera, San Andres parrokiara. Eta bukatzeko nire ibilbidea, Andoainera heldu nintzen 2005eko irailaren 29an.

Zer duzu esateko Andoainen igarotako 19 urteei begira?

Adinean aurrera heldu nintzen, eta bertan zahartu naiz. Oso bizialdi pozgarria izan da niretzat, andoaindarrek oso abegikor hartu nautelako. Eta bereziki eskertuta nago urtetan eta urtetan konpromisoari eutsi dioten makina bat herritarrekin, izan katekistak, izan meza-laguntzaileak, izan eliza-garbitzaileak...

Oso herri bizia eta mugitua sentitu dut Andoain, ia 20 urte hauetan. Harrigarria da zenbat gizarte eta kultur elkarte mugitzen diren eta zein mota desberdinetakoak diren, zer nolako ekimenak prestatzen dituzten, esate baterako, adinekoen ongizatearen alde. Kulturaren ikuspegitik, ez dakit herritarrak jabetzen ote zareten zenbateko luxua den edukitzea bi abesbatza, hiruzpalau organo-jole bikain, txaranga bat... Horiek beti izan dituzte irekita ateak emanaldiak bertan ospatzeko, eta benetan kontzertu ederrak entzuteko parada izan dugu!   

Elizak ikusiko du, bada, baduela modernizatzeko eta gizarteak eskatzen dituen testuingurura egokitzeko premia.

Argi dago Eliza Katolikoak krisialdia bizi duela, eta zaharberritze baten premia daukala, zalantzarik gabe. Beste modu batera antolatu beharra dauka, baina gertatzen zaio egundoko egitura duen instituzioa dela, “elefante galanta” dela, eta bere denbora behar duela mugitzeko, lehen pausoa emateko, eta zer esanik, bigarrengo bat. Egin kontu Eliza Katolikoa mundu guztian zabalduta dagoela, eta ez dela gauza berbera Asiako, Ameriketako edo Europako Eliza, esate batera.

“Eliza soziologikoa” izatetik “eliza pertsonala” izatera igaro behar du Eliza Katolikoak, eta esango nuke murgilduta dagoela prozesu eraldatzaile horretan, poliki-poliki; Aita Santua bide horretatik doa. Jakinda, noski, krisialdiak mingarriak izaten direla, etorkizuna ere ez baita garbi ikusten halakoetan, eta ,gainera, giza kolektibo guztien antzera, gurean ere bai baitira aldaketekiko jarrera ezkorrak agertzen dituzten indar kontserbadoreak. Esanak esan, krisialdiak berez ez dira kaltegarriak. Ni erabat baikorra naiz; pastoralean egin nuen formakuntzak laguntzen dit begiratu zabala edukitzen eta prozesuarekiko itxaropena edukitzen.

Nabarmen urritzen ari da apaizen kopurua.

Alderdi askotan behar du modernizazioa Elizak, eta horietako bat da apaizen arloa. Egitura oso bertikala dauka Elizak, eta hori, esate batera, kanpokoak diren apaizak, gotzainak... izendatzerakoan antzematen da. Iraganean, Trentoko Kontzilioa egin zen arte, kristau komunitateko kidea izaten zen apaiza, eta lortzen zen erabatekoa izatea bere erantzukizuna eta inplikazioa bertan. Aldi berean, kristau elkarteak hartzen zuen protagonismoa antolaketan, erabakietan... Planteamendu hori berreskuratu beharko litzateke, baina horretarako, premiazkoa da elkarteko kideen formakuntza. Egia esan, ez da gauza hain zaila hori, kontuan izanda gaur egun eskura dauzkagun teknologia berriak.

Andoaingo kristau taldeak abian dauka hausnarketa-prozesua.

Sinodo izeneko bilerak dira, hausnarketa eta bidea elkarrekin egiteko asmoz. Poztekoa da ikustea 50 bat lagun gabiltzala murgilduta prozesu horretan azken urteetan, barne-bilerak direla, hitzaldiak direla, formakuntza ikastaroak direla... Zailtasunik handiena, dena esatera, gazteengana iristerako orduan ari gara topatzen. 

Argi behar dugu eduki denok osatzen dugula Eliza, ez bakarrik apaizek eta hortik gorakoek. Elite horrek hartu izan ditu beti erabakiak, baina pentsamolde komunitarioagoari heldu behar zaio. Eta prozesu hausnartzaile horren barnean, indar handia hartzen du Elizan emakumeek eduki beharko lituzketen funtzioak.

Caritasen eskutik edukiko duzu pobreziaren berri Andoainen. Agustin Leitza kalean, aldizka, elikagaien banaketarekin ikusten diren jende-ilarak zer pentsatua ematen du.

Ez zaigu batere gustatzen zuk diozun jende-ilararen irudi hori, ez formaren aldetik, ezta ere horrek adierazten duen errealitateagatik. Banaketa Zumea kaleko egoitzan egiten zenean, modu pertsonalizatuan egitea lortu genuen. Baina uholdeek hondamena ekarri ziguten. Hori berriro gerta ez zedin, Erretoretxera ekartzeko erabakia hartu zen. Egun, iraganeko banaketa sistemari berriro heltzea da asmoa, baina bien bitartean, 17:30ean jarrita dago hitzordua, hilean bitan. Generoa denentzat iristen den arren, kontua da aldez aurretik jartzen dela jendea zain...

Ehun bat pertsona ditugu izena emanda laguntza mota horretarako, eta ez dakizu zenbateko amorrua eragiten digun errealitate horrek. Nola da posible gizarteak, eta batez ere, instituzioek, tolera dezaten herrian gutxienez ehun pertsona egotea oinarrizko elikagaien premia larriarekin? 

Nolanahi ere, esan daiteke ilara horrek adierazi dezakeena baino handiagoa dela pobrezia-poltsa, Andoainen?

Zalantzarik gabe! Zenbaitek uste dutenaren kontra, herrian zabalduagoa dago txirotasuna; “bertako” askok ere osatzen dute zerrenda, ez bakarrik migranteek. Izan ere, gizarteak eta klase politikoak oso gizarte gogorra osatu dugu, eta egun, normalizatzen ari da lan egiten duten familiak ere ezin iristea duintasunez hilabetera, lan-prekarietatea dela eta. Badira sektore gehiago gorriak bizi dituztena, baina kostatzen zaigu horiek identifikatzea; esate baterako, pentsio txikia duten alargunak, berogailua pizteko ere ez daukatenak. Edota, etxebizitza batean sikiera errentan bizitzeko ere zailtasunak dauzkatenak, Donostiatik gertu egoteak aukera hori izugarri garestitzea eragin baitu.   

Andoainen Caritasek lan-talde polita dauka, eta prestatuta dago elikagaiak banatzeko, migranteei beren eskubideak zeintzuk diren argitzeko, behartsuenen seme-alabei eskolaz kanpoko eskolak emateko eta bestelako zerbitzuak eskaintzen segitzeko. Baina argi dago gizakiek duintasuna eta justizia behar dutela, eta horiek gizartea antolatzen eta agintzen dutenen eskutik heldu beharko lirateke.

Etorkinez beteriko pateren ibilbidea eragozteko, armada mobilizatzea eskatu du berriki PPko kideren batek; eta lehendik ere badakigu Marokoko polizia saritzen dutela, basoan, muga gainditu ezinik ezkutatuta dauden migranteak egurtu ditzan... Bada, neurri horiekin konpondu nahi badugu mundua, jai dugu!

Andoaindik bazoazelarik, Erretoretxea nola geratuko da?

Andoni Ledesma izango da erretore berria, esan bezala, baina Hernanin jarraituko du, gaixo daukan amaren ondoan. Bestalde, goiko solairuan, Siriako familia bat egon da bizitzen azken urteetan. Jada ez dago, baina etxea gizarte zerbitzurako dagoenez prestatuta, Gizaide proiektuan murgilduta dabiltzan pertsonentzat bideratu da, egun. Gizarte bazterkeria arrisku handia zuten pertsonen hezkuntza, berreskuratzea eta gizarteratzea du helburu proiektuak, Caritasen eskutik.

Eliza Katolikoak ez ezik, San Martin parrokiak ere badauka berrikuntzaren premia.

Eta ez nolanahikoa! Denbora- fase desberdinetan erreforma konplexuak egitea eskatzen du. Hasteko, teilatua berritu beharra dauka, eta airean jarri; izan ere, bere egitura gangan asentatzen baita, eta bere pisu guztia jasanarazten baitio.

Bestalde, XX. mendeko 60ko hamarkadan ondo berritu zen zorua pitzatuta eta irekita dago; bistan da eliza okertuta dagoela, alde batetik. Jada XVIII. mendean eraiki zutenean arazoak izan zituzten, eta alde batean kontrahorma ipintzeko premia ikusi zuten, eta aldiz, bestean ez. Kable tenkatuak jarri dira azken urtetan behin behineko irtenbide gisa, baina ez da nahikoa izan; hori bai, urteen poderioz behatu ahal izan da udan nola zabaltzen den eta neguan nola ixten den alde hori, eta badirudi gehiago ez dela zabalduko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!