Karrikako jaiak esan eta zer datorkizu burura?
Lana datorkit burura. Antolakuntzaren aldetik lan handia egin behar da, Karrikan eta beste edozein jaietan. Gurean urteak dira 2-3 lagunen artean antolatzen direla jaiak. Zer esanik ez dago, urtero, gorriak ikusten dituztela jaiak gauzatzeko. Azkenerako jaiak aurrera ateratzen dira, unean uneko laguntzari esker.
Zein oroitzapen duzu gordeta?
Oroitzapen asko ditut gordeta. Danborrada egiten zen lehen, eta neu oso zalea naiz. Sardin-jatea egiten zenean ere jende asko hurbiltzen zen. Parrandazalea naiz, eta auzoan jaiaz gozatzeko aukera handia izan dugu. Hiru egun gogor izaten ziren.
Zein ekitaldi duzu gogokoen?
Playback-a dut gogokoen. Igande arratsaldean izaten da eta ordurako neka-neka eginda gaude, baina hala ere gogo handiz parte hartzen dugu. Andoaindarrei hurbiltzeko gonbitea luzatuko nieke, Aiurri tarteko. Irribarrerik ez da faltako.
Aurtengo egitarauari erreparatuta, ostiral gaueko rock jaialdia erakargarria da. Giro polita sortuko da, ziur.
Ez dut aipatu gabe utzi nahi larunbat arratsaldean antolatu dugun Bubble Soccer delako jarduera. Futbolaren antzekoa da, esfera puzgarrietan sartuta jokatzen dena.
Asteburuan lanean zauden arren jaiak ospatuko al dituzu?
Ahal dudan neurrian izango da, baina, bai. Aurreko urteetan bezala, jaietan dena emateko prest nago!
Zer moduz eusten diozu negozioari merkatalgune handiez inguratuta bizita?
Nola edo hala eusten diogu baina erronka ez da batere txikia. Oso bezero lehialak ditugu, hori ere esan beharra daukat. Eta, eskerrak! Hurbiltasuna eta konfiantza eskaintzen dugu eta bezeroak hori baloratzen badaki. Alde horretatik, oso eskertuta gaude.
Eta zuk zer eskaintzen diozu supermerkatura hurbiltzen zaizun bezeroari?
Gertutasuna da gure marka, hori esango nuke. Ordutegiari dagokionez, igandetan eta jai-egunetan zabaltzen dugu eta malgutasun hori eskertzen dute bezeroek.