Zertan oinarritzen da koordinatzaile-lana?
June Mateo: Ni Goazen Jolasterako koordinatzaile teknikoa naiz eta Eider koordinatzailea. Nire lana otsailean hasten da eta udalekuetako antolakuntza-lanean oinarritzen da. Hau da, ikastetxeen espazioak kudeatzen, gizarte zerbitzuetako haurren zerrendak lotzen eta materialaren kudeaketan aritzen naiz. Hori guztia antolatuta dagoenean, koordinatzailearen lana hasten da. Eider, udalekuetan, zuzeneko lana egiten dagoen bitartean, ni atzeko lanean aritzen naiz, hots, memoria idazten eta gizarte zerbitzuetako jarraipena egiten, beste gauza batzuen artean.
Eider Mendiluze: Nire lana egunerokotasuneko dinamikan datza, hau da, begiraleekin zein gurasoekin komunikatzean, edota materialaren erosketan zein banaketan oinarritzen da. Bion artean kudeatzen ari gara Goazen Jolastera.
Prestakuntzarik jaso behar al da koordinatzaile lanetan jarduteko?
J.M: Gazte Lokalean hasi ginen hezitzaile gisa. Gure kasuan, Gazte Lokalean lanean aritu ginenez, eta gutxieneko exijentzia batzuk beteta, Kili Kolo enpresan sar gintezkeen.
E.M: Ni lau urtez aritu naiz begirale lanetan Goazen Jolasteran, eta horrek asko laguntzen du lana ondo egiteko. Hala ere, prestaketan eta antolaketan asko sakondu dugu, guztia modu egokia egin ahal izateko. Batez ere, aurretik egin dugu lana, nahiz eta, ondoren, jarraikortasun bat edukitzea eskatzen duen.
Zailtasun handiko lana al da koordinatzaileena?
E.M: Zaila baino, lan karga handia da. Hala ere, June eta bion artean oso ondo kudeatzen ari garela uste dugu. Beraz, zailtasun gisa ez nuke definituko, baina antolaketa lan handia eskatzen duen postua da.
J.M: Lan handia eskatzen duen arren, gogobeteko lana da. Goazen Jolastera, modu egokian, aurrera doala ikusten duzunean asko pozten gara. Hori bai, ezinbestekoa da pazientziaz aritzea eta egin aurretik gauzak ondo pentsatzea.
Urtez urte, gauza berritzaileak egiten dira udalekutan. Aurtengoan, ba al dago nabarmentzeko zerbait?
J.M: Berrikuntza nagusia Andoaingo Azpillaga baserriarekin egindako lankidetza izan da. Haur Hezkuntzako 2, 3, 4 eta 5 mailako haurrengana etorri dira Azpillaga baserritik. Baratza baten nondik norako guztiak azaldu dizkiete umeei; landatzen eta barazkiak jasotzen ere aritu dira. Animalitxoak ikusteko eta ezagutzeko aukera ere eduki dute. Horrez gain, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak, baserrira joan ziren oinez eta bertan egiten dena ezagutu zuten, hamaiketako on batekin. Beraz, hori berrikuntza nagusia, eta, egia esan, oso pozik gaude emaitzarekin.
Zein gauza nabarmenduko zenituzkete Goazen Jolasteratik?
E.M: Udaleku herrikoiak dira eta adinaren arabera pertsonalizatuak daude; irteerak egiten dira edota musikaren zein naturaren eguna ospatzen da. Egunaren arabera, gauza bat edo beste egiten da, betiere taldera eta haurren beharrizanetara egokituta. Hau da, hainbat esparru bilduta lanketak egiten dira, modu dibertigarri eta dinamiko batean.
J.M: Niretzat oso garrantzitsua da hiru ikastetxeen artean sortzen den harremana eta aniztasun kulturala. Izan ere, Ondarretako, Ikastolako eta La Salleko ikasleak biltzen dituen esparru bakarrenetakoa da Goazen Jolastera.