Julen Loidik eta Aitor Amondarainek jantzi dute txapela preziatua

Aiurri 2024ko uzt. 15a, 10:02

Aurtengo Gaztetxeko pilota txapelketako garaileak Julen Loidi eta Aitor Amondarain dira, Lontxo-Jaure bikotea garaituta (22-5). 3. Postuan Beñat Salbador eta Iñaki Lopez de Munain sailkatu dira. 4. postuan, Gaztañaga-Miner (22-15). Jendetza bildu zen Goiburuko frontoian.

Lehen partidan gazteen arteko norgehiagoka bizia eta polita ikusteko aukera eduki zuten bertaratutakoek. Beñat Salbadorrek aurkaria atzeko koadroetan mantendu zuen eta, bitartean, Lopez de Munainek aurrean jokoa egiten saiatu zen. Hala ere, Minerrek ondo eutsi zion atzean, Gaztañagaren laguntzarekin. Azken honek, maila izugarria erakutsi du txapelketa osoan, eta, datozen urteetan, onenen artean egongo dela argi utzi du. Esanak esan, gazteak indartsu dabiltza eta erreleboa gertu dagoela erakutsi dute.

Finalean, berriz, partida bestelakoa izan zen. Julen Loidik eta Aitor Amondarainek garaipen argia eta aldebakarrekoa lortu zuten, onenen artean egon ohi diren Lontxo Santa Cruz eta Jon Jauregiren aurka. Hala ere, jendetza bildu zen frontoian eta giro bikainean burute zen finala zein 3. eta 4. postuetako partidak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!