"Pakitin" Arnaiz Velasco (Andoain, 1943) aski ezaguna da Andoainen, urte mordoan, lasterka eta ibilketako diziplinetan makina bat garaipen lortu baititu, eta aparte, Andoainen kirola herrikoitzearen aldeko ekintzaile porrokatua izan baita. Azken alderdi horren gainean, gogoratu besterik ez dago Zumeatarra elkartean atletismoko sailean hamarkadetan egindako ahaleginak, bai Bixente Huizirekin batera 70eko hamarkadaz geroztik, eta baita hura 2009an hil ostean.
Atletaren fazetari begiratuz gero, esan behar da luzea dela egin duen ibilbidea, eta amaigabea lasterka zein ibilketan pilatu dituen lorpenen palmaresa. Esate baterako, ibilketako (martxa) diziplinan, Europa eta Mundu mailako txapelketetan oso emaitza onak lortu izan ditu, beterano gisa.
Kirol askokoa, betidanik
Berak aitortu duenez, txikitatik izan da kirolzalea. “Mendizale amorratua izan nintzen gaztetatik. Konta ezin ahala txango egiten nituen Euskaldunarekin nahiz lagun arteko giroan, baina horrekin konformatzen ez, eta beste zenbait kirol joan nintzen probatzen, urtetan aurrera. 60ko hamarkadan, arraunketak erakarri zidan. Lehenbizi, Santa Krutz jaietan, auzoen arteko batelen txapelketetan parte hartu nuen patroi gisa, Zumea auzoko tripulazioarekin. 1961ean, txapelketa irabazi genuen! Ondorengo urtetan, Errekaburu elkarteak atera zuen bateleko entrenatzailea izan nintzen. Haren ibilbidea amaitu zenean, Hernaniko trainerillarekin murgildu nintzen, patroi gisa berriz ere”.
70eko hamarkadan, atletismorako jauzia egin zuen Arnaizek. “Dena esatera, modu xelebre bati esker izan zen, lagunen arteko apustu batek bultzatuta izan baitzen, 1973an. Garai hartan herrian korrika aritzen zen bakarrenetakoa, Inaxio Ibargurenek eta biak elkarri mokoka eta desafioka hasi ginen, ea nork eman azkarrago bost itzuli Etxeberrietako zelaiari. Antxoa-sorta jarri genuen jokoan, eta nik irabazi nion. Hortik sortu zitzaidan lasterka hasteko arra”.
Bixente Huizi prestatzaile eta animatzaile izanik, inguruko herri lasterketetan murgildu zen hartaz gero. “Trofeo ugari eskuratu nituen han hemen, maila popularrean. Bereziki gogoan daukat, 1979an, Santa Krutzetan antolatu zen lehenbiziko krosean, herriko lehenbiziko sailkatu nintzeneko egun hura”.
Arnaizi hazten joan zitzaion lasterketenganako grina, eta 1984an, 40 urte bete berritan, federatu egin zen. Erabaki horrek, atletismoko lehiaketa ofizialetan beterano gisa parte hartzeko aukera eman zion. 1984-1987an sekulako garaipenak eskuratu zituen. Lorpenen zerrenda hain oparoa izanik, ezinezkoa da zerrenda osorik ematea, baina zenbaitzuk aipatzearren, 1984an, neguko krosean, Euskadin urrezko domina eta Espainian brontzezkoa; maratoian, 02:47ko denbora lortuta, Espainian zilarrezko domina. 1985ean, Euskadiko bi urrezko, maratoian eta 3.000 m. oztopoetan; bestalde, urte horretan, Erroman, munduko txapelketan parte hartu zuen.
1986an, krosean, Gipuzkoan urrezkoa eta Espainian zilarrezkoa.
1987an, Euskadin 3.000 m. oztopoetan zilarrezkoa, eta, Espainian maratoian brontzezkoa eta 3.000 m. oztopoetan zilarrezkoa.
Urte horietan, marka pertsonalen artean, nabarmentzekoak dira Behobia-Donostian 01:11ko denbora, eta, Donostiako maratoian 02:37koa.
Atletismoko epaile
Garaipenez pilatzen ari zitzaion ibilbidea eten behar izan zuen 1988etik aurrera bolada batez, begi batean erretina-askatzea jasan zuela-eta egin zioten ebakuntzaren ostean. “Nolanahi ere, atletismoari lotuta jarraitu nahi nuen, eta epaile izateko titulua atera, eta horretara bideratu nuen burua. Era horretan, 26 urtetan segidan, Euskadiko Atletismo Federazioko epailea izan nintzen. Musu trukeko zeregina izan zen; bidaietarako ere ezer jaso gabekoa izan zen, baina gogo onez jardun nuen beti, nahikoa nuen atletismoa bultzatzearen satisfakzioa sentitzea”.
Arnaizek epailetzako ardurek asebetetzen ziotela adierazten duen arren, amorraziorako momentuak ere maiz bizi izan zitueola aitortzen du aldi berean. “Astebururo atletak kirola nola aritzen ziren ikusi, eta neu, hantxe epaitzen, geldi egonean egon beharrak, ezintasuna sortzen zidan. Behin, medikuak argi utzi zidan lasterka normal ezingo nuela egin etorkizunean, oinekin lurrean egin beharreko kolpeek begiari kalte egiten ziotelako. Baina beste alternatiba planteatu zidan; alegia, ea zergatik ez probatu ibilketa atletikoaren diziplinarekin. Proba horrek eskatzen duela korrika ez egitea eta oinak hegan edo airean ez eramatea denbora berean, alegia lurzoruarekin kontaktua eduki behar duela atletak beti. Hitz batean, kirol horrek begiari kalterik ez liokela egingo eta niretzat zela egoki-egokiena, gaineratu zidan”.
Ibilketan, egundoko arrakasta
Medikuaren gomendioa entzun bezain pronto heldu zion ibilketa atletikoaren diziplina berriari. “Hutsetik hasi behar izan nuen; ez dirudi, baina egundoko teknika eskatzen du ibilketak. Hasieratik, guztiz autodidakta izan zen nire prestaketa pertsonala: probak zuzenean edo telebistaz ikusi, ibilketalariei kontseiluak eskatu, han hemen lortzen nituen azalpen idatziak irakurri… Horrelaxe sartu nintzen mundu berri horretan”.
Lehiaketetan parte hartzen hasi, eta agudo, garaipenak bata bestearen atzetik heldu zitzaizkion, 1992tik aurrera, 3.000, 5.000 eta 10.000 metroko probetan. Besteak beste, Euskadin urrezko hamar domina eta zilarrezko bi domina, eta, Espainian urrezko zortzi domina eta zilarrezko hamar domina. Bereziki aipatzekoa da 2005ean, Portugalen, Europako txapela jantzi zuela 10.000 metroko proban, 60-64 urte bitartekoen mailan, 55:21eko denbora eginda.
Bestalde, 2010ean, Andoaingo Kirolaren Galan, urteko kirolaririk onenaren titulua eman zioten.
2005 eta 2015, bi urte mingarri
Atzera begira jarri eta ibilbide jorian makina bat une pozgarri gogoratzen baditu ere, 2005 eta 2015 urteak aztertzen hasita, mikaztu egiten zaizkio oroitzapenak. Hain zuzen, 2005ean, Portugalen Europan urrea lortu zuen 10.000 metroko proban. “Eta segidan, mundu mailakoa Donostian zen jokatzekoa; bereziki prestatu nahi izan nuen hura, podiuma zapaltzeko aukera handia neukalako, aurrekariak ikusita”.
Arnaizek, artean, institiboki antolatu izan zituen prestaketak. Baina urte hartan, segundo batzuk irabazteko itxaropenarekin, planning berezi bati heltzea erabaki zuen. “Bost alditan Espainian 50 kilometrotan txapeldun izan zen Mikel Odriozolari eskatu nion laguntza. Kontua da, gorputza gehiegi behartu, eta zaintiratua jasan nuela. Donostiako hitzordu handiaren aurretik, Sevillako proba jada minarekin hartu nuela parte; oina ezin luzatu behar bezala, eta bi ohartarazpen jarri zizkidaten. Donostiakoaren atarian, denetik probatu nuen sendatze aldera: bendak, masajeak, injekzioak… Lehia eguna iritsi, eta ekin bai, baina agudo, erretiratu behar izan nuen. Egun horretako porrota horrek eragin izan dit arantzarik handiena, nire kirol ibilbide guztian”.
2015an, berriz, kirolaren praktikari kito egitea bultzatu zioten osasun-arazoek. “Benidormen geuden emaztea eta biok, lehiaketa baten aurreko egunak ziren, eta bihotzak seinale gaiztoa eman zidan. Medikutara joan, eta arritmia detektatu zidaten. Hartaz gero, sintromaren tratamendua ezarri zidaten; ezin gehiago bihotza behartu, pena izugarriarekin! Egia esan, edozein proben aurreko astean jada, kardiakoa jartzen nintzen beti-beti. Ez zen gozoa izaten nirekin elkarbizitzea, eta alde horretatik, aitortzen dut ordainezkoa dela emazteak nirekin jasan behar izan dituen uneak, lehien atarietan, batik bat”.