Deialdi honen erroa aurtengo aurrekontuetarako EH Bilduko udal gobernuak eta EAJ-PNVko udal taldeak lortutako akordioa dago. Horren baitan adostu da laguntzen gutxieneko zenbatekoa 1.250 eurokoa izatea, eta 10.000 eurora ere iristeko aukera, eskatutako lerroen arabera. Guztira, 150.000 euro bideratuko dira.
Bost laguntza-lerro egongo dira indarrean, desberdinak eta elkarren osagarriak.
- Andoaingo bizilagunak kontratatzeko laguntzak, helbide soziala eta fiskala
Gipuzkoan duten enpresentzat. Zenbatekoa kontratatzen den pertsonaren eta enpresa
kontratatzailearen ezaugarrien arabera mailakatuko da, 1.500 eta 3.900 euro artekoa. - Negozio berriak sortzeko eta gure udalerrian daudenak transmititzeko edo-eta jarraitzeko dirulaguntzak ematen dira. Kasu horretan ere zenbatekoa graduatu egingo da, 1.250 eta 1.950 euro artekoa.
- Hutsik dauden merkataritza-lokalak zero kotan eta lanerako espazioak okupatzea sustatzen da Martin Ugalde Kultur Parkeko coworking-ean, alokairuko lehen urteko kostuak diruz lagunduta, 1.118 eurotik 5.100 eurora bitarteko zenbateko mailakatuan.
- Laguntza-lerro batek gure udalerriko negozioei eta enpresa txikiei lagundu nahi die iragaite digital eta ekologikoan. Horrela, inbertsioak diruz laguntzen dira softwarean, online merkataritzan eta marketin digitalean, prestakuntzan eta aholkularitza teknologikoan, klimatizazioan, argiztapenean eta ekonomia zirkularrean. Berriz ere zenbateko graduatuak, enpresen ezaugarrien eta egindako inbertsioen arabera, 1.250 eta 1.850 euro artekoak.
- Merkataritza-lokaletan inbertsioak egitea diruz laguntzen du, bertan kokatutako negozioen irisgarritasunaren eta lagunkoitasunaren alde. Kasu horretan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.700 eurokoa izango da.
Informazio gehiago Atarian (Herritarrentzako Arreta Zerbitzua), udalaren web orrian eta zuzenean udal sailarekin harremanetan jarriz (tokigarapena@andoain.eus helbide elektronikoan eta 943 304 221 telefonoan)