Gertaera berdina, toki berean, astebeteko tartean

Aiurri 2024ko uzt. 29a, 10:17

Igande goizaldean, oinezkoen begietara, hainbat ibilgailu kolpatuta ageri ziren Txitibar plaza eta Belabi kaleen artean. Zortzi egun lehenago, antzekotasun handiko ezbeharra jazo zen toki berean.

Goiburu aldera igo eta jaisteko bihurgune hori norabide bikoitzeko errepidea da, egoera onean dagoena. Ez da, oraino, trafikoari loturiko gertaera nabarmenik izan toki horretan. Bada, atzokoan, hiru ibilgailu bata bestearen atzetik kolpatuta ageri ziren. Indar biziko kolpea behar zuen izan, ilaran ziren hiru ibilgailuri eragiteko. Kalte handiena goi-goian zegoen ibilgailuan ikus zitekeen, hark jaso baitzuen kolpe zuzena. Eta talkaren eraginez, atzean ziren beste biak kolpatu ziren. Garabiak eguerdian eraman zuen kalte gehien zuen ibilgailua, aurrealde guztia txikituta baitzuen.

Eta gauzak zer diren, gertaera berdina izan zen toki berean, aurreko igandean (uztailak 21). Orduko hartan ere kalearen gai-aldean aparkatuta zegoen ibilgailuak kolpe handi samarra jaso zuen. Kolpea eragin zuen auto-gidariak ihes egin zuen baina Ertzaintzak atzeman zuen.

Kasualitate handia, igandetik igandera, Andoain aldean gertaturikoa. Eta kasu bietan buruko-min galanta kolpea pairatu zuten ibilgailuen jabeentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!