"Datorren astean, abuztuaren 5etik 9era bitarte, Kaletxikiko ADIFeko tunelaren azpialdea itxita egongo da bertan egingo diren lagin-zulo edo kata batzuen ondorioz". Andoaingo Udalak trafikoari eta bizilagunei eragingo dien oharra zabaldu du. Akaso, epealdia laburtu egin daiteke baina gaurkoz itxiera astelehenean indarrean jarri eta ostirala bitarte luzatuko da.
Ziako errekaren berbideratze lanak direla eta, Erroitz kalean behera asteak dira lanean ari direla. Egunotan Kaletxikiko tunelean ariko dira datozen. Itxierak eragina izango du auzotarren egunerokoan. Adi, beraz, oharrei:
- Kaletxiki-Arantzibia arteko tunela itxita erabat egongo da ibilgailu zein oinezkoentzat.
- Kaletxikiko auzotarrek Gudarien etorbidea baliatu beharko dute auzotik irteteko. Hots, Urnieta aldera jo beharko dute eta biribilgunean N1 errepiderantz, Urnieta-Donostiarantz edo Leizotz-Arantzibia eremurantz irten ahal izateko.
- Arantzibia kalean aparkalekua ezingo da zeharka edo baterian erabili. Izan ere, Arantzibia kaleko eta plazako garajeak bi ate ditu, bata irteteko eta bestea sartzeko. Ibilgailuen sarrera-irteerarako espazioa beharko dute kale horretatik bakarrik sartu eta atera ahal izango direlako. Horren ondorioz, espaloiaren aldeko tarteak zabalagoa behar du izan. Horrexegatik aparkatzeko sistema behin-behinean aldatu egingo da.
Tunela itxita

Udalak aurreratu duenez, aste osoan egongo da itxita. Baina atea zabalik utzi du abuztuaren 9a baino lehen irekitzeko.
Aparkalekua lerroan

Baterian uzteko neurria behin-behinean galeraziko da.
Garajeen sartu-irteera bermatzeko neurria

Ibilgailuen sarrera-irteera errazteko hartutako neurria da.