Sei hamarkadetan San Martingo merkatuan barazki saltzaile fina izan zen Anttoni Aierbe hil da

Aiurri 2024ko abu. 18a, 11:26

Anttoni Aierbe Berakoetxea 94 urte zituela hil zen, herenegun. Senideek eta lagunek San Martin parrokian, astelehenean, 18:30etik aurrera egingo diote azken agurra. Sei seme-alabeko familia aurrera ateratzeaz gain, 60 urtez jarraian, egunero-egunero eutsi zion Donostiako San Martingo merkatuan zeukan barazki-postuari. 2014an, Martxoak 8ko Pausoz Pauso ekimeneko omenduetako bat izan zen, merezimendu osoz.

2014an, honako emakumeak nabarmendu zituzten: Maria Luisa Gabirondo, Mertxe Saldias, Marikruz Lekuona, Ines Lekuona, Ana Maria Iribarren, Arantzazu Mujika, Ariane Kamio, Olaia Kamio, Olinda Monteiro, Maria Luisa Etxeberria, Toñy Abello, Anabel Fernandez, Antonia Ayerbe, Amaia Arsuaga eta Nerea Arsuaga. Argazki-sorta, hemen:

 

Kasta gogorreko emakumea

Pausoz Pauso ekimenaren atarian, Aiurrirekin hizketan aritu zen, eta hona orduan argitataru zena:

“Kasta gogorrekoa dela aitortzen du Anttonik, eta ez zaio arrazoirik falta: ia 60 urtez etxean barazkiak landu eta San Martingo merkatura egunero joateaz batera, sei seme-alabeko familia atera du aurrera.

Anttoni Aierbe, Aierbe etxean jaio zen 1930ean, eta 84 urte beteko ditu apirilean. “Gurasoak Biktor Aierbe eta Maria Berakoetxea ziren; aita bertakoa, eta ama, berriz, Lakatxe baserriko alaba. Hiru senide izan ginen: Patxi, Maria eta hirurok. Egun Plazaola kalea den inguru horretan lur sail zabala zeukan familiak, eta barazkira dedikatzen zen; ama, San Martingo merkatura joaten zen egunero generoa saltzera”.

Ikasle garaiko oso oroitzapen onak dauzka, “Moja Jesuitinekin ikasi nuen, Argentina jauregian zeukaten ikastetxean. Nahiko ondo moldatu nintzen mojekin, batez ere matematiketan eta kristau ikasbidean nabarmentzen nintzen”. Behin hamalau urte beteta eskola kontuak utzi eta nekazaritzari lotutako lanbideari heldu zion, etxeko martxari jarraipena emanez.

Kasik 60 urtez, igandea ez gainerako egunetan joan zen Donostiara, azelgak, azenarioak, porruak edota borrajak saskietan hartuta. “Goizeko 06:00etarako hartzen nuen tranbia. Goiz partea Donostian salmentan pasa eta 14:30etan itzultzen nintzen etxera. Arratsaldean, baratzeko generoaren garbiketa egokitzen zen, hurrengo egunerako dena prest edukitzeko”.

Eguneroko joan-etorri horrek makina bat pasadizo eragin zion Anttoniri. “Tranbiak ezkutatu zirenean, TSST bus linean jarraitu nuen. Generoa, lehenbizi erremolkean edo atzeko plataforman eramaten nuen. Gidariekin baneukan konfiantza, eta zamalanetan laguntzen zidaten; gainera, bidaia horretan beti topatzen nintzen esertzeko lekua gordetzen zidaten bi gizonekin”.

Tolosan ezagutu zuen Antonio Landa errezildarra; harekin Aierbe etxera ezkondu eta sei seme-alaba eduki zituzten. Familia ugaria aurrera eraman beharra eta eguneroko nekazariaren zeregina, bi arloak bateragarri egiteko gaitasuna eduki du Anttonik betidanik. “Ederki kostata!” dio berak. “Umeak oraindik lo zeudela abiatzen nintzen etxetik; zaharrenak senarrak bidaltzen zituen eskolara; txikienak, berriz, Joxepainaxi Urangak hartzen zituen bere etxean zaintzeko.

Gauez denak oheratu, eta etxeko lanei ekiten nien. Goizeko 02:00etan oheratu bai maiz! Erabat errendituta hurrengo goizean, zenbat alditan ez ote nuen lo kuluxka egin tranbian nindoala!”.

 

Segitzeko prest!

2003an hartu zuen erretiroa, 73 urterekin. “Gustura jarraituko nukeen, baina merkatua itxi egin zuten, eraikuntza goitik behera berritzeko asmoz. Berriz ere helduko nioke bizimodu hari; gogoa soberan daukat, fakultateak dira falta zaizkit akaso!”.

Gogo hori nondik irteten zaion galdetuz gero, segituan erantzuten du irribarrea ezin ezkutaturik: “ni pozik bizi nintzen zikulusaltsa hartan. San Martingo merkatua bigarren eskola izan da niretzat, bezeroekin makina bat berriketa egiteko parada eduki baitut. Donostiako familia aberatsen neskame ugari ezagutu izan dut, eta horiekin, esate baterako, sukaldean jakiak modu askotara nola prestatu ikasi dut”.

Egundoko ilusioa egin dio emakume izendatuetako bat izatea, martxoaren zortziko ekitaldien inguruan. “Seme txikienak lehengoan esan zidan Andoainen baten batek merezi bazuen, horixe ni nintzela. Emakume mordoa dago nirearen antzeko bizipenak konta ditzakeena, baina tira! Testigua Goikoplazarako bidean eramateko esan didate, eta ahal dudana egingo dut. Nire belaunak errazago moldatzen dira aldapan gora!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!