Eduardo Arreseygorrek adierazi duenez, makina bat artista famatuei eta gairi egiten diete keinu margoek. Irudietan, besteak beste Miguel Angel, Miro, Dali edo Edward Hopper pintoreen erreferentziak suma daitezke. Bestalde, elementu ugarik euskal mitologia zein folklorea eta Andoaingo herriko zenbait leku hartzen dituzte gaitzat.
Etxepearen bi sapaiak aldez aurretik tailerrean margotu dituzten tela bereziekin estaltzen ari dira. Bizilagunek proposatu zieten etxepea artelanekin edertu zezaten.
Ekainean ekin zioten lanketari, eta abuztuaren hondarrean amaituko dutela aurreikusi dute. Datozen egunetan bertan jarraituko dute eginkizunarekin, eta ekimenak jakinmina piztu dieten herritarri gonbitea egin diete artistek, bertatik-bertara ikus dezaten lan-prozesua.
Eskarmentu handia dute muralgintzan hiru artistek. Gogoratu besterik ez dago iraganean herrian egin izan dituzten artelanak; besteak beste, Agustin Leitza kalean (“Andoaindarrak 1615-2015” ekimenaren baitan), Kale Nagusian (Iparragirre antzoki zaharra gogoratuz) eta Arrate plazan.
Behin Ondarretako artelanaren proiektua amaiturik, bizilagunekin aurkezpen-ekitaldia egiteko asmoa dauka hirukoteak.
Ondarreta 9ko eraikina, hamar pisukoa, berriki erreformatu dute bizilagunek, eta material isolatzailea jarri dute etxe-aurre guztian.