Aparteko kontzertua, Donostiako abuztuaren 31ko setioaren eta sarraskiaren oroitzapenarekin lotuta

Xabier Lasa 2024ko abu. 24a, 19:29

Donostian ekitaldi sorta antolatu ohi dute 1813ko abuztuaren 31ko hiriaren sutea eta giza sarraskia gogoratzeko. Xarma hari laukoteak udaletxean abuztuaren 25an egingo duen maila goreneko kontzertua izango da aurtengo programazioko berritasunik nagusiena. Larraitz Oiartzabal biolin-joleak eta Joxe Mari Oiartzabal konposatzaileak aparteko parte-hartzea izango dute emanaldian. Biekin egon da Aiurri, kontzertuaren atarian.

Berriki, 1813ko setioa gaitzat hartuta Thomas Haigh konposatzaile ingelesak bere garaian sortu zuen The Siege of Saint Sebastian argitaratu gabeko obra topatu dute, eta horixe zuzenean interpretatuko dute; berez hiru zati ditu obrak, Londresko British Library funtsean daude, eta horietako bat estreinatuko dute zuzenean, igandean. Zazpi minutuko iraupena du zati horrek.

Hain zuzen, Ainhoa eta Roman Garrido dira aurkeztuko duten partituraren aurkikuntzaren egileak; interneten enkante batean eskuratu zuten, eta Donostia 31 Kultur Elkarteko kide eta 1813ko sarraskiaren ikerlaria den Joxe Mari Leclercken esku utzi zuten. Honek, Joxe Mari Oiartzabali iritzi profesionala eskatu zion. Leclerckek ez zuen zalantzarik eduki norengana jo, izan ere Oiartzabalek irabazia baitauka ospea partiturak interpretatzeko eta musika tresna desberdinekin jo ahal izateko moldaketak egiteko orduan, eta era horretan, makina bat lanketa eginda dauzka Donostiako musikagintza tradizionalean (inauteriak, kaldereroak, danborradak…).

 

Mozart, Beethoven eta Haydnen eskolako egilea

Partiturak aurkezpenean idatzita daukanez, Thomas Haigh da bere egilea, pianoarekin eta flauta eta bi tronpen laguntzarekin jotzeko “ad libitum” (naierara) sortu zuen, “dibertimentu militarra” da, eta, Thomas Graham generalaren eta bere ofizial eta soldadu ingelesen omenezkoa da.

Oiartzabalek, partitura eta bere konpasak aztertu ahala, zenbait ondorio atera zituen. “Formagatik, estilo klasikoa dela argi dago. Beethoven, Mozart edo Joseph Haydn konposatzaile famatuen harikoa dela. Haigh egilea ezezaguna zitzaigun artean, eta bere inguruan ikertzen segituz, eta interneten arakatuz, Haydnen dizipulua zela ohartu nintzen, susmoekin bide onetik nindoala alegia”.

Bestalde, partitura nork interpreta zezakeen ere hausnartu zuen Oiartzabalek. “Pianoarekin ez, baizik eta laukote batek jotzeko egokia zela iruditu zitzaidan. Larraitz alabari hots egin nion, musika tresnetan aditua baita, eta galdetu ea zer moduz ikusten zuen biolinarekin jotzeko, partitura erabat errespetatuz”.

Larraitzen onespena jasota, Joxe Marik hari-laukote batek interpretatzeko moduan prestatu zuen The Siege of Saint Sebastian obraren partitura, eta aldi berean, Leclercki proposatu zion zuzeneko kontzertu batekin egitea bere estreinua; kontzertu horretarako Euskadiko Orkestrako lau musikarik osatzen dute Xarma taldea izan zitekeela egokia ere adierazi zion.

Ideiak aurrera egin du Donostiako udalaren eskutik, eta horrenbestez, Xarma hari-laukoteak interpretatuko du obra. Honako musikarik, alegia: Laura Balboa (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Delphine Dupuy (biola) eta Gabriel Mesado (txeloa).

“Lauok ere ohituta gaude doinu klasikoak zein modernoak interpretatzera, erronka ugariri egin izan diegu aurre. Oraingo honek, baina, ilusio berezia eragiten digu, badauka aparteko osagarririk, Donostiako historiarekin lotuta dagoen obra bat estreinatuko dugulako, berarekin batera beste bost obra handi joko ditugulako, eta zergatik ez, aita egitasmo honetan buru belarri sartuta ibili delako”.

 

Sei abestiekin osatutako kontzertua

Zazpi minutu baizik ez du irauten estreinatuko den obrak, eta Larraitzek aipatu duen eran, kontzertua biribiltzeko, beste bost abesti erantsi dira, Joxe Marik proposatuta.

Hortaz, honatx Xarmak Donostiako udaletxean 12:00etatik aurrera interpretatuko duen kantutegi osoa:

1.- Donostiako Hiru Damatxo (herrikoia; moldaketa, Joxe Mari Oiartzabal).

2.- Gernika (egilea, Pablo Sorozabal; moldaketa, Joxe Mari Oiartzabal).

3.- Tupperen karga (egilea, Francisco De Paula; moldaketa, Joxe Mari Oiartzabal).

4.- Hari-laukotea 3. zbk. Fa Nagusian (op. 73) (egilea, Dmitri Shostakovich).

5.- The Siege of Saint Sebastian (egilea, Thomas Haigh; moldaketa, Joxe Mari Oiartzabal).

6.- Gogoan zaituztegu (egilea, Joxe Mari Oiartzabal).

Joxe Mari eta Larraitz bat datoz adierazterakoan sei abestiek ere gerrekin sufrimenduekin zerikusia dutela. Batik bat, Sorozabalek, Shostakovichek eta Oiartzabalek sortutako piezek transmititzen dute gatazka belikoek herritarrengan eragiten duten mina. Zehazki, Gernika obrak frankisten bonbardaketek euskal herritarri sortutako minan du jatorria, Hari-laukotea 3. zbk. Fa Nagusian (op. 73) obrak II. Mundu Gerran Sobietar Batasuneko herritarrek jasan zuten sufrikarioan inspiratzen da, eta Gogoan zaituztegu obrak, berriz, 1936ko gerran nahiz beste egoeratan joan diren gertukoen aldeko alegoria sentimentala da.

Larraitzek aitortzen duen bezala, zenbaitetan musikak hitzek baino sakonago helarazi ohi dezake giza tragedia, “horixe espero dugu lortzea igandeko kontzertura hurbiltzen den entzuleekin”.

Musikaren eta konnotazio politikoen arteko harremana aztertzeko orduan, igandean estreinatuko den The Siege of Saint Sebastian hartu dute aztergai biek ere. Alde horretatik, ez dute ahazten Donostiako 1813ko gertakari tragikoan erantzukizun latza izan zuen Thomas Graham generalaren eta bere ofizial eta soldadu ingelesen omenezkoa dela. Nolanahi ere, erantsi nahi izan dutenez, “tituluagatik ez balitz ez genuke asmatuko gerra duela gaitzat; izan ere, doinuak alaitasunaren eta lasaitasunaren sentimenduak transmititzen baititu. Iruditzen zaigu musikaren munduan zenbaitetan gertatu izan den moduan, lehenbizi doinua sortu zela eta ondoren titulua erantsi zitzaiola; egileak ez zuela inspiraziotzat hartu Donostiako giza sarraskia, alegia”.

Interpretazioak interpretazio, Larraitz Oiartzabal ziur da aipatu musika piezaren estreinatzea aitzakia polita izango dela Donostiako 1813ko gertakariak hizpide hartu eta gogoan har daitezen, beste behin.

 

1813ko gertakari tragikoak

1813ko abuztuaren 31ko egunari eta bere oroitzapenari testuingurua jartze aldera, Espainiaren eta Frantziaren arteko “Independentziaren gerra”ra jo behar da. Hain zuzen, Donostiako setioa eta giza sarraskia 1813ko uztailaren 7 eta irailaren 8a artean gertatu ziren.

Donostia Frantziako ejertzitoaren menpe zegoen, eta Espainiarekin aliantza osatuta zeukaten Ingalaterrako tropek, portugaldarren laguntzarekin, Donostia setiatu zuten uztailaren 7tik aurrera. Horrela, abuztuaren 31an, Wellingtongo Dukearen agindupean zen Thomas Graham generalak gidatzen zituen tropek defentsa lerroak gainditu, eta hirian sartzea lortu zuten. Ingelesek ehunka donostiar erail, zauritu, bortxatu… zuten, eta egundoko harrapaketak burutu zituzten. Azkenean, su eman zioten hiriari. Ia etxe guztiak kiskali zituzten, eta egungo Abuztuaren 31 kaleko zenbait etxe izan ziren sute izugarritik libratu ziren bakanak.

1813an Ingelesen eta portugaldarren tropek frantziarren kontra egindako erasoa agertzen duen ilustrazioa (Ilustrazioa: San Telmo museoa)

 

Hainbat ekitaldi, astean barrena

Igandeko kontzertuak hasiera emango dio oroitzapenezko ekitaldi sortari. Hona zeintzuk izango diren ekitaldiak:

* Abuztuaren 27an (asteartea). Aranzadi Zientzia Elkarteari aitorpen ekitaldia. Iñigo Aristegiren 31813 eskultura emango zaie elkarteko ordezkariei. San Jeronimo kaleko Kriptan, 19:00etan.

* Abuztuaren 28an (asteazkena). Donostia Konbentzioaren Gerran (1794-1795). Gillotinaren inkognita izenburuko hitzaldia, Jose Javier Pi Chevrot arkitekto doktorearen eskutik. Kriptan, 19:00etan.

* Abuztuaren 29an (osteguna): Goikoa espioi donostiarra gerra napoleonikoetan izenburuko hitzaldia, Carlos Rilova historialaren eskutik. Kriptan, 19:00etan.

* Abuztuaren 30ean (ostirala): Jose Maria Leclercq ikerlariak laster argitaratzekoa duen Donostiako setioa: 1813ko uda hartan liburua izango du hizpide. Kriptan, 19:00etan.

* Abuztuaren 31an (larunbata). Ohiko ekitaldiak antolatu dituzte. Hona zeintzuk:

- 11:30. Santa Maria Basilikan meza, Donostiako setioko sutearen eta giza sarraskiaren biktima izan ziren herritarren alde

- 12:45. Udal agintarien lore eskaintza, Portaletaseko Itsas Atean.

- 16:00-17:00. Setioaren kale antzezpena, Donostia 31 Kultur Taldeko kideen eskutik: Tropa ingelesak Zurriolatik abiatuta hiria hartzen saiatuko dira, eta horretarako kanoiekin tiro egingo die Urgullen dauden tropa napoleondarrei. Hamabost minuturo antzeztuko dute sekuentzia.

Gertakariak gogoratzeko egin ohi diren oroitzapenezko kale akitaldietan parte hartzen duten tropak Boulevarden (Argazkia: Donostiafestak, Donostiako Udala)

 

- 17:00. Tropen hurbiltzea, eta kanoi hotsak Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren artean.

- 18:00. Donostia 31 Kultur Elkarteak Gipuzkoako Elikagaien Bankuari omena. Ondoren, oroitzapen desfilea abiatuko da Zuloaga plazatiik.

- 19:00. Bulebarreko kioskoan, hildakoen omenezko minutu bateko isilunea. Hiriko ereserki zaharra interpretatu ostean, kale antzezpeneko zenbait pasarte egingo dituzte Bulebarrean, Parte Zaharrean, Bretxan, Plaza Berrian, Santa Maria elizan, San Bizenten eta Zuloagan.

- 21:30. Kaleko argien itzaltzea eta kandelen piztea Abuztuaren 31 kalean. Ondoren, prozesio zibikoa, San Bizente elizatik Santa Mariara. Zenbait geldialdi egingo ditu prozesioak, eta horietan, honako kultur eragileen emanaldia izango da: Santa Zezilia, Easo Gazte eta Gaztelupe Abesbatzek, Udal Txistulari Bandak, Aiert Beobide dantzariak eta Imanol Artola errezitatzaileak. Xabier Otaegi izango da aurkezlea.

Gertakariak gogoratzeko egin ohi diren oroitzapenezko ekitaldietako bat (Argazkia: Donostiafestak, Donostiako Udala)

 

Bestalde, abuztuaren 24tik abuztuaren 30a bitarte, 1813 aurreko Donostiaren gainean azalpenak ematen dituzten panelak eta gari historiko hartako gutunak, agiriak eta zenbait objektu ikusgai egongo dira San Jeronimoko Udal liburutegiko egoitzan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!