Sare sozialetan ere eduki du oihartzuna bere galerak, eta lagin gisa, bere eguneroko banaketa-ibilbidean bizi den Mari Jose Arrutik hona zer idatzi duen: “Galera haundia! Gizon jatorra, leiala eta apala. Eskerrik asko zure lana hain txukun egiteagatik. Zauden tokian zaudela ere, har ezazu besarkada beroa”.
Lankideak ere animuz lur-jota segitzen dute, igandean bere heriotzaren berri eduki zutenez geroztik. Bost langilek osatzen dute Andoainen Correosek daukan zerbitzua. Egunotan, berriz, hiru ari dira lanean, oporrak eta baka direla medio. Horrela, azken urtetan Correos-en aplikatzen ari diren murrizketen politikak eraginda, hiru langileek ezinean dabiltza lan-karga guztiarekin. Nolanahi ere, arauz dagozkien 20 minutuak hartu dituzte Aiurrirekin hitzordua egiteko Edur kafetegiko terrazan, eta kafea hartuz, Manuel Agustin Requeijo lankidearen gaineko senblantza txikia egiteko.
Hain zuzen, lanean diren Diego Benitez, Maitane Velasco eta Arantza Eizagirre eta egunotan bajan den Marisol Gomez agertu dira hitzordura. “Ezin goibelago gaude, sinetsi ezinik gure artetik joan zaigula. Egia da azken asteetan adierazten zigula nola sentitzen zuen nekea, baina aldi berean, bazeukan ilusioa gizonak, izan ere, 59 urte izanik, lau hilabete geratzen zitzaizkion aurre-jubilazioa hartzeko”.
30 urtetan, gertu-gertuko postaria
Berezi samarra da bere kasua Andoaingo Correos zerbitzuan, 30 urtetan, gutunen banaketarako ibilbide berberari eutsi baitzion: Plazaola, Olagain auzoa, Joakin Larreta, Extremadura kalea, Galardi kalea… Begiak itxirik ere ederki asko ezagutzen zituen kaleak, eskaratzak, auzoak, eta, batik bat, auzotarrak.
Egunotan hasi dira haren bizilagunak lankidearen falta sentitzen, nonbait. “Baten batek penatuta esan digu egunotan, “eta orain, zer egin behar dugu Agusik gabe?”. Izan ere, gertutasuna eta konfiantza eragiten baitzuen auzotarren artean”. Lantokian, Agustin guztiz zorrotza eta serioa izan ohi zela baieztatu digute lau langileek. “Bai egoitzan barruan beste lankideekin, edozertan laguntzeko prest agertzen baitzen gurekin, beti, eta baita ere, kaleko lanean; izan ere, ahal zuen guztia ematen zuen gutunak bere destinora iritsi zitezen, sekula ahotsa altxa gabe edo jenioa txartu gabe helbideren bat gaizki idatzita bazetorren”.
Pertsona fin bezain diskretoaren itxura transmititzen zuen, “eta halaxeko irudia zeukan kanpora begira. Ez zen bere burua nabarmentzekoaren aldekoa, nahiago izaten zuen besteei entzutea jendartean zenean. Baina gero, bazuen beste alderdia, eta konfiantza hartzen hasiz gero, erakargarria egiten zitzaizuna. Esate batera, bazuen ironiarako gaitasun fina; harekin barre ederrak egin izan ditugu lantokian!”.
Burua agertu zale ez izate horrek, nortasun aberatsa ezkutatzen zuela berretsi dute lauek, “autodidakta eta eklektikoa zen musikarekin eta beste hainbat kultur adierazpenekin, eta bazuen jakinduria hainbat arlotan".
Agus lankidea gogoan hartuta une hunkigarriak izan dituen solasaldia eten behar izan du laukoteak, agortu baititu lantokian baimentzen zaizkion arauzko atsedenaldiko hogei minutuak. Hortaz, terrazako mahaitik altxa, eta badoaz eguneko etxez etxeko jarduna osatzera abiatu dira, berriro, Andoaingo Correos zerbitzuko langileak.