Andoaingo 1837ko Guduari buruzko ibilaldi gidatua egingo du Larramendi Bazkunak

Aiurri 2024ko abu. 29a, 12:16

Izko irailean egindako bisita gidatua

Irailaren 14an, larunbatarekin, izango da, eta dagoeneko izena eman liteke bertan parte hartzeko; harrera@larramendibazkuna.eus helbidera idatzi behar da. Mugatua izango da partaide kopurua.

Goikoplazatik abiatuko da, eta Unanibiko zubian amaitu; Jon Unanuek emango ditu azalpenak, eta euskaraz izango dira guztiak.

Ordu pare pasatxo iraungo du Andoaingo kale eta txokoetan barrena luzatuko den ibilbidea, eta hainbat xehetasun emango dira herrian izan den gertakari historiko larrienetakoaren gainean.

Alde horretatik, Larramendi Bazkunak, lehenengo Karlistaldian, 1837ko irailaren 14an izan ziren gertakari larriak gogorarazi ditu. “Carlos erregegaia bere gudarostearekin Madrilerantz joana zela baliatuz, O'Donell jeneral liberalak Donostia eta Hernanitik bere agindupeko tropak, 7000 gizon inguru, Andoainera ekarri zituen eta kanpamendua Goikoplazan ipini, inguruan ziren soldadu karlistak Oria eta Leitzaran ibaien bestalderantz uxatu eta bidean izua, hondamendia eta bortxa zabaldu ondoren. Aurrerabide horren albistea jaso bezain laster, Uranga jeneral karlista Nafarroatik batailoi batzuekin etorri eta kontraerasoa antolatu zuen, horretarako 3.500 mutil bildurik. Irailaren 14an jo zuten kontraerasoa karlistek eta O'Donell engainatu ondoren oso borroka gogorrak izan ziren Andoaingo kaleetan barrena. Egun hartako borroketan 600-800 lagun inguru hil ziren, gehienak gudaroste liberalekoak, haien artean Karlistaldian borroka egitera Erresuma Batutik etorritako Legio britainiarreko ingeles, eskoziar eta irlandarrak”.

Gudu hark Andoaingo herrian eta aldirikoetan hondamendi handia eragin zuela gehitu du Larramendi Bazkunak. “Andoainen 55 baserri guztiz kiskali zituzten, bertakoak ihesean jarri ondoren; Urnietan herri ia osoa kiskali zuten, bost etxe besterik ez zen zutik gelditu”. Lehenengo Karlistaldian izandako gudurik ankerrenetakoa izan arren historiografia ofizialak nahikoa bazterrean utzi izan duela adierazi du elkarteak.

Elkartear ustetan, “alderdi epiko handirik ez eta herritarren oso oldarraldi gogorra izan zuelako" utzi izan dira bazterrean gertakariak. "Izan ere, soldadu karlistekin batera herritarrak izan ziren gogorren jo zutenak gudaroste liberalaren aurka, mendekua eskatuz “ez da kuartelik su ematen dutenentzat” oihuaren oihartzunaz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!