Emakumezkoen txirrindularitza bertatik bertara ikusteko aukera izango da ostiral honetan

Andoni Urbistondo 2024ko ira. 5a, 08:18

Ostiral arratsaldez, 18:00etan hasita, jokatuko da 1,8 kilometroko aitzin etapa herriko kaleetan barrena; Ainhoa Ostolaza urnietarra aritu da antolatzaile. 160 partaiderekin abiatuko da aurtengo edizioa.

Emakumezkoen txirrindularitzak Urnieta zipriztinduko du ostiral arratsaldean. Gipuzkoako Itzuliko lehen etapa herriko kaleetan barrena korrituko da seietan hasita, eta herritarrek 160 ziklisten lanaz gozatzeko aukera izango dute, dauden tokitik mugitu gabe. Izan ere, lehen etapa prologo edo aitzin-etapa izango da, erabat herriko kaleetan barrena. Zirkuitu benetan polita, teknikoa, eta tokitik mugitu gabe gozatzeko modukoa.

Ainhoa Ostolaza aritu da antolaketa lanetan. 90. hamarkadan pistako txirrindulari ezaguna izandakoa da Ostolaza, eta egun Gipuzkoako Txirrindularitza federazioko teknikaria da. Emakumeen arloaz arduratzen da, batez ere, eta Gipuzkoako Emakumeen Itzuliari hirugarren etapa bat gehitu diote aurten. Orain arte bi izan ditu. Aurtengo bigarrena, larunbatean, Ordizian jokatuko da, eta hirugarrena eta azkena Elgoibarren.

Antolakuntzarekin bueltaka

Gipuzkoako Itzulian 60 bat kadete, 40 bat jubenil, eta 23 urtez azpiko eta elite mailakoak 30na bat ariko dira. “Kopurua apalagoa izango da lasterketa egunean, beti egoten direlako azken uneko bajak”. Buruko min batzuk izaten ari da Ostolaza antolakuntza kontuekin: “Kanpotik datozenek Magale ikastetxean izango dute azpiegitura hiru egun bertan egiteko, eta Txoritagain-eko aparkalekua ere itzuliko autoentzat izango da. Arauak, kamioiak, sariak, bulegoa, aurkezpena, lasterketa atariko bilera… gauza asko lotu behar dira. Federazioak lasterketak antolatzen ditu, baina baita kluben beharrak asetu ere: autoren bat behar badute lagundu, logistika kontuekin berdin…”.

Urnietako etapa pasa arte ez omen da lasaituko: “Detaile txiki asko dira, baimen asko udaletxean. Nire lehen urtea da zinegotzi jardunean, eta kosta zait prozedura guztia ikastea”. Urnietako elkarteen arteko elkarlan hobeago bat egotea ere nahi luke Ostolazak; herri bezala sortzen diren ekitaldietan harreman hobea egotea: “Lasterketako antolatzailea UZE Urnietako Zikloturista Elkartea da, haiekin lotu dut eta gustura nago. Boluntarioak lortzeko ere lanketa ezberdina egin behar da, egun musu truk ez delako inor etortzen. Gorostidi elkarteko jendearekin hitz egin dut, eta laguntza ematen duten boluntario guztiekin halako afari-merienda egingo dugu elkartean. Jendeari trukean zerbait eman behar diozu, laguntzera etortzeko. Musu truk ja inor ez da etortzen”, dio zintzo Ostolazak.

Ostolaza hiru urte atzera hasi zen lanean federazioan: “Laguntza behar zutela esan zidaten, batez ere emakumeen arloan. Ordurako Santi Osoro, Mikel Irizar, Aitor Aierza, Arritxu Iribar, Abraham Olano eta beste lanean ari ziren. Errepideko lasterketetan laguntzen hasi nintzen pixkanaka, emakumeekin jubenil eta kadete mailatan haien selekzioa prestatzen; lasterketa batzuetan parte hartzeko asmoz”. Helburua garbia zen: “Emakumeek txikitatik profesionaletara iristeko ikustea gai direla, eta lanketa hori txikitatik hasi behar dugula. Mutilak bezala aukera dugula berdintasunaren bidean”. Lanketa gogorra izan dela dio Ostolazak, “baina gustukoa dut ilusioa sortzea txikienengan, txikitatik hasita”.

Ostolazak emakume kopuruan topatu du arazorik larriena: “Emakume gutxi daude, eta horregatik iruditzen zait funtsezkoa errepideko lasterketak antolatzea: txikienek lasterketa horiek ikus ditzaten, eta pausoa ematera anima daitezen”. Irteera batzuk egiten hasi dira neskekin, selekzio mailan: “Iaz hasi ginen, eta aurten ere bitan irten gara Euskal Herritik: Osonako Itzulia egin genuen, Katalunian, ekainean, eta Portugalen orain dela aste batzuk. Osonan kadete eta jubenilek parte hartu zuten, 15-18 urte arteko zortzi neskako taldeak”.

Talde lana sustatzen dute, lehiatzen duten proba itzulia delako. Ostolaza: “Bidoiak banatu, tarteko helmuga bat irabazteko kideari lagundu... Egun bakarreko lasterketetan garaipenak bakarrik balio du. Osonako Itzulian etapa bat irabazi genuen, egun batean jokoan zeuden lau maillotak…”. Portugalen bost kadete eta bi jubenilekin egon ziren, eta azken proba Gipuzkoako Itzulia izango da: “160 neskek eman dute izena, pozik gaude. Saiatzen ari gara klubei esaten neskak euren prestakuntza itzuli horiei begira antolatu dezatela, baina ez da erraza, gu Gipuzkoa mailan aritzen garelako. Euskadikoa gainetik daukagu, Espainiakoa bezala, eta horiek neskak deituz gero, neskak haiekin joaten dira. Ulertzekoa da, baina ari gara lanketa bat egiten egoera hobetzeko. Epe ertainean Gipuzkoan neskentzat lehiaketa batzuk finkatzea da erronka”.

Gipuzkoan 60 bat ziklistekin ari dira lanean egun, kadete eta jubenil mailakoak, “baina kopurua hazten ari da. Profesionaletan Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban ditugu, eta horiek oso erreferente onak dira gazteentzat”.  Beterri bailarako egoeraz galdetu diogu Ostolazari: “Gutxi samar gara. Futbolak dena jaten du, eta horri buelta ematen saiatzeko eskola kiroletik hasiko nintzateke, txirrindularitza sartzen, beste kirol batzuekin batera”.

Komeria franko federazioan

Txirrindularitza jarraitzen dutenek jakingo dute komeria franko badela Gipuzkoako Txirrindularitza federazioan azken aldian,  herrialdeko Trafiko arduradunak hartutako erabaki polemiko zenbaiten harira. Egoera asko katramilatu da, eta zuzendaritza taldearen dimisioa etorri da. Ostolazari egoeraren berri emateko eskatu diogu: “Lasterketak ez dira egun batetik bestera antolatzen, aurrez eta denbora askorekin baizik. Bi lasterketa landu genituen neguan, baimena eman ziguten hasieran, eta ondoren ezezkoa Gipuzkoako Trafiko arduradunak. Arazoa ez da berria. Baimenak emateko denbora asko hartzen dute, proba hasi bezperaraino sarri, eta tarteka bertan behera ere uzten dituzte. Antolaketa lanetan boluntarioak dabiltza, eta lana musu truk egin eta azken orduan egindako lan guztia pikutara badoa, ba jendea nekatu egiten da. Hori pasa da Gipuzkoako Federazioan”.

Urtebete luze daramate federazioak eta Trafiko arduradunak adostasunera iritsi ezinik, eta ez omen da, gainera, irtenbiderik sumatzen, “ez baikara biltzeko gai izan oraindik. Gure ustez baimenak berandu ematen ari dira, ez dugu zergatia ulertzen, eta ez zaigu azalpenik ematen”. Ostolazak dioenez, Araban eta Bizkaian ez dago arazorik Trafikoko arduradunekin, baina Gipuzkoan bai. “Irtenbide erraza du, nire ustez, nahi bada, baina konfliktoa dago. Gu saiatu gara egoera bideratzen, baina alferrik. Urtea pasa daramagu iskanbila honetan murgilduta, Jaurlaritzaren bitartekaritza ere eskatu dugu, baina… Behe mailatan murgilduta dauden familia, herritar asko bete-bete eginda daude egoerarekin, eta arazoa serioa bilakatu da”. Ostolazak itxaropenerako zirrikitua zabaldu nahi izan du, dena den: “Ea hilabete honetan zerbait bideratzen hasten den agintari gorenen aldetik”.

Esan dugu Txirrindularitza Federazioa umezurtz dagoela, zuzendaritza batzordetik gabe. Nola bideratuko da egoera hori? Ostolaza: “Irailean ikusiko dugu zer gertatzen den federazioan. Lehen deialdian inor ez da aurkeztu. Bigarren deialdi bat egongo da, eta ikusiko da hautagaitzaren ba ote dagoen. Hauteskunde urtea da federazioetan aurten, Euskadi eta Espainiakoan, eta ikusiko da”. Trafiko arduradunarekin sortu den sestra konpontzen ez bada, zaila dirudi inork bere burua aurkeztea federazioa gidatzeko.

Urnietako etaparen ibilbidea

Lehen etapa prologo edo aitzin-etapa izango da, erabat herriko kaleetan barrena. San Juan plazan hasiko da, eta Arkale kalea eta Etxeberri auzoko biribilguneraino jaitsi. Goi Mendi zenaren parean errepide nagusia hartu eta Urnieta fruta dendaraino joango dira ziklistak. Han bihurgune bikoitza emango dute ezker aldera, Maximo Yurramendi kalea hartu eta plazaraino bueltatzeko. Batzokiaren pareraino daraman kaskoa igo ostean, Aranzubiko biribilgunea, Urraka auzora jaitsi eta Santa Leokadia kale osoa osatu ostean, azken metroak plazaraino bueltan Geltoki kaletik. Zirkuitu benetan polita, teknikoa, eta tokitik mugitu gabe gozatzeko modukoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!