Egun osoko ospakizuna iragarri dute Sorabillan, igande honetarako

Aiurri 2024ko ira. 5a, 08:22

Artxiboko irudia.

Koruko Ama Birjinaren eguna den irailaren 8an, igandearekin, ospatuko dira Sorabillako jaiak aurten. Hiru ekitaldik osatuko dute egitaraua nagusiki, Alberto Agirre abesbatzak abestutako mezaren ostean: erloju zaharraren itzultzea, hamaiketakoa eta bertso saioa.

Burdina elkarteak berriki berreskuratu eta biziberritu du San Martin eliza-dorreko aintzinako erlojua. 1795ean eraiki zuten erlojua; antzinatasunari dagokionez Gipuzkoan dagoen bigarrena da, eta zokoratuta egon da azken hamarkadetan. Balio handiko ondare historikotzat jotzen dute, eta Burdina elkarteak Gordailu museoan eduki du hilabeteetan, konponketa lanak zirela medio, eta igandean itzultze ekitaldia egingo dute. Hain zuzen, zeregin horretan aritu diren Juan Mari Elosua eta Xabier Alvarez erloju konpontzaileek erlojuaren gaineko azalpenak emango dituzte ekitaldian.  Segidan, ohiko hamaiketakoa eskaini zaie auzoko helduei. Aitzakia polita izango dute auzoan bizi direnek eta auzoan jaio eta hezi arren egun auzotik kanpoan bizi direnek berriro ere elkartu daitezen eta aldarte gozoan goza dezaten mokadu goxoekin. 

Arratsaldean, berriz, bertso jaialdi bikaina iragarri dute, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Nerea Elustondo bertsolariekin eta Aritz Eskudero gai-jartzaile dutela. Punttuka Bertso Eskolak antolatu du saioa, Andoaingo Udalaren laguntzarekin.

Jai-egitaraua | IRAILAK 8, igandea

11:30 Meza, Alberto Agirre abesbatzarekin.

12:15 Burdina elkartearen eskutik, berreskuratu duten Sorabillako erloju zaharra berriro San Martin elizara itzultzeko ekitaldia.

12:45 Hamaiketakoa.

18:00 Bertso jaialdia: Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Nerea Elustondo. Gai-jartzailea: Aritz Escudero. Punttuka Bertso Eskolak antolatuta, Udalaren laguntzarekin.

Jaiak, kolokan

Behin behineko Jai Batzordeak antolatu du eguna, Alberto Agirre Abesbatza, Burdina Elkartea eta Punttuka Bertso Eskolarekin elkarlanean. Izan ere, urtetan Sorabillako jaiez arduratu izan den Jai Batzordeak pandemia heldu aurretik iragarri zuen antolaketari utzi egingo ziola, boluntario berriak helduko ziren itxaropena edukita. Ez da halakorik gertatu orangoz behintzat, eta gauzak horrela, gutxieneko jaiei eustea erabaki zuen Jai Batzordeak. Koruko Ama Birjina den irailaren 8ko meza eta haimaketakoa antolatzea, alegia. Goiz parte hori auzoko zaharrenentzat une polita izaten zela uste izanda hartu zuten erabaki hori. Halaxe egin du azken lau urtetan, eta are gehiago, sendotuta dator aurtengo jaia, ikusten denez. Nolanahi ere, eta behin behineko izaerarekin mugitzen ari den Jai Batzordeak iraganeko erabakiari eusten dion arren, baliteke aurtengoa izatea antolatzen duen azkena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!