Parada eta Iribarren partaide dituen Kanbalatxe Tango taldeaz gozatzeko aukera Astigarragan, bihar

Aiurri 2024ko ira. 5a, 13:32

Kanbalatxe Tango taldea (Argazkia: Nadia Diez Corbella)

Tango musika estiloa jorratzen duen taldea da Kanbalatxe Tango taldea. Ibilbide luzeko musikariek osatzen dute, eta tartean Salva Parada (bandoneoia) eta Imanol Iribarren (pianoa) andoaindarrak daude. Bihar, ostiralarekin, Astigarragan zuzenean ariko dira; Erriberako terrazan 19:30etik aurrera hain zuzen.

Hona, Kanbalatxe Tango taldea nortzuk osatzen duten: Salvador Parada (bandoneoia), Imanol Iribarren (pianoa), Alazne Quintanilla (biolina), Amaiur Cajaraville (baxua), eta,Fede Abreu (ahotsa).

Astigarragako emanaldian, Asier Galardi eta Marion Belguiral dantzariek ikuskizunari ukitze bereizgarria emango diote.

Taldeak honela aurkezten du bere burua: “Kanbalatxe Tango bi munduren arteko zubi gisa sortu zen, euskalduna eta Rio de la Platakoa, musikan zein dantzan islatzen den kultur fusioa sortuz. Bere esku eta ahotsetan, tangoa esperientzia partekatua bihurtzen da, antzinakoa garaikidearekin, urruna hurbilekoarekin lotzen duen lokarri. Akorde bakoitza, letra bakoitza, mugak gainditzen dituen bidai emozional bat da, tangoaren arima diren nostalgia, maitasuna, tristura eta alaitasuna adieraziz”.

Sarrerak hemen lor daitezke. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!