Aske utzi dituzte ostiral goizaldean atxilotutako bost lagunak

Aiurri 2024ko ira. 9a, 12:46

Petromiralles gasolindegi ondoan izan zen talde erasoa

Epailaren aurretik igaro ostean atzo aske utzi zituzten ostiral goizaldean ertzantzak atxilotu zituen bost pertsonak. Hain zuzen, Ubillutseko industriagunean, Petromiralles gasolindegian gertatu zen liskarra, aipatu bost atxilotuek ustez beste pertsona bat erasotu eta jipoitu zutenean.

Erasotuak, aurpegian jasan zituen kolpe ugariren eraginez, haustura eta lesio larri samarrak zituen, eta Asuntzion klinikara eraman zuten anbulantzian.

Barne Sailak zabaldutako oharraren arabera, biktimak ertzainei adierazi zienez, goizaldeko 03:00ak aldera, gasolindegian ordainketa-leihatilan zela, bi gazte hurbildu zitzaizkion, eta “liskar dialektiko bat hasi zuten haren aurka. Biktima eztabaida saihesten saiatu zen, eta, alde egitean, bi gazteak jazarri eta eraso egin zioten, ukabilkadak eta ostikoak emanez”.

Antza denez, beste bi pertsona bertaratu, eta bat egin zuten erasotzaileekin.

Biktimak erasoaren ustezko egileen deskribapena eman zien ertzainei, eta horiek, bi gazte identifikatu eta atxilotu zituen, lesio-delitu bat egotzita. Hurrengo orduetan Ertzaintzak egindako ikerketen ondorioz, erasoan ustez parte hartu zuten beste hiru gazte identifikatu eta atxilotu zituen.

20 eta 25 urte bitartekoak dira bost atxilotuak, eta ertzain-etxean eduki dituzte asteburuan, atzo epailearen aurretik igaro ostean aske utzi zituzten arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!