ZEIN DA EKINALDIAREN HELBURUA?
Galderari erantzuna eskaini dio elkarteak berak, prentsa oharrean: "Ekinaldiaren helburua Andoaingo erdigunean, bihotzean, EUSKARARENTZAT EGOITZA BERRIA zabaltzeko DIRU-BILKETA egitea da, irailaren 12tik abenduaren 21era bitartean iraungo duena. Horretarako, hainbat ekintza antolatuko du Larramendi Bazkunak. Nabarmentzekoak bi: lehenik, azaroaren 9an, Goikoplazan antolatuko duen AZOKA GASTRONOMIKOA eta artisauena; bigarrena, abenduaren 5ean Bastero kulturgunean antolatuko duen JAIALDIA, euskararen nazioarteko egunarekin bat etorriz. Gainera, abenduaren 21era bitartean antolatu ohi dituen beste ekintza batzuetan –Gau beltzan, esaterako–, diru-bilketako ITSULAPIKOA ipiniko du, andoaindarrei eta bisitariei gogorarazteko zein diru-premia larria dugun; ipiniko dituzte baita ere bazkide berriak egiteko orriak, bazkideak direlakoan etorkizunari aurre egiteko bermerik sendoena".
AIRE EIRE TALDEAK GIROTUKO DU AURKEZPENA
Aire Eire taldeak girotuko du aurkezpen ekitaldia, Irlandan barrena bira txikia egin ondoren udan –Aitor Atxega, Aran Mujika, Josu Lekuona eta Xabin Mujika–, eta bertaratzen direnei zizka-mizkarik eta eztarria bustitzekorik eskainiko zaie.
Ekitaldia irekia da bertaratu nahi duen andoaindar eta euskaltzale ororentzat.