Argazkian, Fernandez errodajeko taldeko zenbait kiderekin ageri da. Atzean, ezkerretik hasita: Belen Cruz, Leire Zinkunegi, Arrate Fernandez eta Grace Kelly Sandoval. Aurrean: Naiara Olalde, Amaia Irazabal, Imanol Arabaolaza, Eñaut Gantxegi, Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, eta, Amaiur.
Arrate Fernandezek lau laburmetrai eginak dauzka aurretik: Ekintzen ispilu Gardena (2003), Arbasoen argi iraunkorra (2005), Maddi eta Patxi (2016) eta Begi ninien koreografia (2018). Aldi berean, 2022an, Euskal Herriko hainbat emakumeen ahotsen eskutik azken 40 urtetako erradiografia egiten duen Gure Hots dokumentala sortu zuen.
Giza-harremanekin, fikzioa
Joan den astean aurkeztu zuen “Amets hegalariak” filme laburrak, fikziozko istorio batetik tiraka, hainbat pertsonaien arteko giza-harremanak eta beraien joan-etorri emozionalak kontatzen ditu; tartean, zoritxarrez aktualitate handiko gizarte arazo larri diren bullying-a edota suizidioa jorratzen ditu, modu gordinean.
Gizakien arteko harreman gora beheratsuak, gizakien nahasmen emozionalak eta sentimendu kontrajarriak, laguntasuna… dabiltza hegan filmean, uneoro. Nolanahi ere, eta bizitza bizitze hutsak gizakiei eragiten dizkion buruhausteen gainetik, mezu baikorra transmititu nahi du filmak, benetako adiskidetasunaren balioaz sakonduz horretarako.
Ehun pertsonen parte-hartzea
Fernandez da 20 minutuko iraupena duen “Amets hegalariak” zuzendaria eta gidoilaria, esan bezala, eta aktote gisa, honakoek hartu dute parte: Amaia Irazabal, Amaia Ruiz de Galarreta, Jon Plazaola eta Arkaitz Gartziandia. Bestalde, honakoak azaltzen dira modelo gisa: Amaia Lizarralde, Olatz Beobide, Belén Cruz, Dorleta Urretabizkia, Nova, Maikee eta Leire Zinkunegi, guztiek ere Tytti Thusberg izan dute moda diseinatzaile.
Laburmetraiaren fitxa teknikoarekin jarraituz, esan behar da Maru Solores dela bere zuzendari laguntzailea, Rosa Tolosa ekoizlea, Javier Montes ekoizle laguntzailea, Joseba Ariznabarreta argazki zuzendaria, Helena Nuñez muntatzailea, eta, Ama Etxeberria diseinu grafikoko arduraduna. Guztira, zinemagintzan aritzen diren ehun bat profesionalek eta langilek osatu dute lan-taldea; nork berea jarri du filmaren errodajean zein ondorengo muntaian.
Fernandezek azken lan hauxe laburmetraien jaialdietan aurkezteko asmotan da, eta oraingoz, euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdirako ziurtatu du.