"Europako beste edozein herriren antzekoa da Euskal Herria, baina benetan bereizten duena euskara da"

Xabier Lasa 2024ko urr. 2a, 07:23

Joon Kim australiarrak denboraldia darama Andoainen, bertako familia baten etxean.

Joon Kim australiarrak, makina bat ikastetxetan ingeleseko irakasle izan ostean, Andoainen izan du bizilekua azken boladan. Arantzazuko artzain eskolara abiatzeko atarian topatu dugu.

Joon Kim motxila txikia bizkarrean duela ikusi dugu azken boladan Andoaingo kaleetan, inguruko landa guneetan, udal liburutegian liburuen artean zer suma... Larraulen ere topatu genuen San Esteban egunean, bertso saioaz edo erromeriaz gozatzen; Andoaindik Zizurkilerako trena hartu, eta ondoren Larraulera oinez abiatu zela aitortu zigun orduan, bertsoaren eta herrixka euskaldun bateko erromerien gose zela eta. Euskara garbi-garbian aitortu ere.

Nongotarra zaitugu?

Korean, Seul hiritik gertu jaio nintzen 1990ean. Baina txiro den familia batentzat ez da erraza herrialde horretan bizitzea eta, bost urte nituela, familiarekin Zelanda Berrira abiatu nintzen. Han sei bat urte igarota, gurasoek erabaki zuten Australian etorkizun oparoagoa izango genuela, eta halaxe, han bizi izan naiz harrezkero. Zelanda Berriko zein Australiako nazionalitateak dauzkat, egun.

Galderari erantzun nahirik, esango nizuke australiarra naizela, baina egia ere bada ez naizela erabat halakotzat sentitzen. Hala gertatzen zaigu etorkinei, ez dakigula nongotarrak garen zehazki, beti gabiltzalako sustraiak non bota jakin ezinik. 

Zer dela eta utzi zenuen jatorria edo bizitokia?

Ikasketekin, bi lizentziatura eskuratu nituen Australian, latina eta grekerakoa lehenbizikoa, eta hizkuntzalaritza bigarrena. Interesgarria izan zitekeen nire ibilbide pertsonala hortik jo izan banu; liburutegi eta artxiboetan historia, hizkuntza, literatura edo antzeko gairen inguruko ikerketetan murgilduta bizitzeko nintzateke.Erakundeetan diru eske-eta ibili beharko nuen egitasmoak finantzatzeko, eta egia esanda, ez ninduen batere erakartzen aukera horrek.

Mundura zabaldu nahi nuen, hego hemisferioa atzean utzita. Horretan nengoela, Espainiako gobernuaren iragarki bat atera zitzaidan bidera: “Espainia ezagutu nahi duzu?”. Ikastetxetan ingeleseko irakasle laguntzaile izateko eskaintza zen. Pare bat esaldi ikasi (“Me llamo Joon” eta “¿Dónde está…?”), eta abiatu nintzen Madrilera. Hortik aurrera, ingeleseko irakasle gisa, zenbait urte egin ditut han eta hemen. Lapikoz lapiko ibili naizela esango nuke.

Euskal hiztuna zaitugu.

Donostian bizi nintzela, Antiguoko edo Alde Zaharreko kale eta taberna girotan jada hasita nengoen belarria bereziki erne jartzen, euskararen doinuaz jabetzen joateko. Lekeitioko euskaltegian hasi nintzen serio ikasten, orain lau bat urte.

Maiz adieraziko zizun jendeak harridura euskara denbora murritzean ikasi izanagatik eta, hain ondo gainera…

Bai noski, eta ez dut gogoko hori entzutea. Egia esan, lehen urtean pozten ninduen komentario horrek, ikasketan sakontzeko motibatzen ninduelako. Bigarrengo urtean, ez hainbeste; eta jada, hirugarren urtetik aurrera amorrazio pittin bat eragiten dit. Inork ez baitit halakorik esaten gaztelaniarekin! Zergatik behar du egon normalizatuta gaztelania ikastea, eta ez euskara? Australian, ziurtzat hartzen dugu munduko edozein tokitik datorren etorkinak ingelesa pittin bat badakiela etortzerako, edo etorri berritan. 

Ulertzen dut, eta eskertu ere bai, erakusten didazuen miresmen antzeko hori. Baina nahiago nuke esango bazenidate “lau urte daramazu gurekin bizitzen, eta horren txarto egiten duzu oraindik?”. Pizgarriagoa litzateke niretzat. 

Topatuko dituzu diferentziak Australia eta Europa edo Euskal Herriaren artean.

Australia nahiko lurralde berria da, esan daiteke XIX. mendean hasten dela bere historia ofiziala, aintzinatik zetorkion zibilizazioa eta kultura dena suntsitu egin baitzuen, genozidioaren eskutik. Australiak, zuek ez dauzkazuen milaka urteko naturguneak, oihanak, hegaztien aniztasuna... dauzka eta horretan da aberatsa. Ez daukana da europarrek daukazuen historia, tradizioa, ondare historikoa... Eta irudipena daukat hori guztiaren jabe bagina, zuek ez bezala zainduko genituzkeela. 

Arantzazuko artzain eskolara zoazela aipatu duzu. 

Nire matrikula onartu berri dute, eta laster hasiko gara eskolan. Ikasturte bateko iraupena du ikasketak, eta Jaurlaritzaren laguntzari esker, erraztasun handiak ematen dituzte Oñatin alokairuan bizi ahal izateko.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 655 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!