"Naturaz gozatzeko aukera pila ematen duen hiria da Loveland"

Alba Cabrera Jauregi 2024ko ira. 29a, 11:29

Andoainera itzuli zen udan Leire Esnaola Orbegozo, etxekoekin eta gertuko lagunekin egoteko asmoz.

Bigarren ikasturtea hasi du, jada, irakasle-lanetan Leire Esnaola Orbegozo andoaindarrak Lovelanden, Coloradon (AEB). Atxikimendu berezia dauka Amerikako Estatu Batuekin

Orain urtebete jo zenuen Ozeano Atlantikoaz bestalde, Lovelanden, Coloradon, lur hartzeko. Zerk eraman zintuen hara?

Aldaketa behar nuen. Azken zortzi urteetan gauza antzekoak egiten nenbilen eta iruditzen zitzaidan zerbait diferentea behar nuela eta huraxe zela momentua. Magisteritza bukatu nuenean ere, 22 urterekin, Ohion izan nintzen urtebetez. Alegia, ez zen lehen aldia horrelako denbora-tartea ematen nuena Amerikako Estatu Batuetan.

Zenbat eta eguneroko errepikakorragoa izan, orduan eta sustraituago sentitzea da joera. Zaila egin al zitzaizun Andoaingo bizitzarekin etetea?

Bai, iruditzen zitzaidalako gauza asko itxi behar nituela, hemendik joan aurretik. Ez nuen aldaketa egin nahi gauzak airean utzita. Trikitixako klaseak, Urkiko dantza-klaseak, Aita Larramendi ikastolako irakasle... Ezin nuen bat-batean utzi. Hortaz, pixkanaka, ardurak eskuordetzen joan nintzen. Behin hemen (Lovelanden) egonda ere jarraitzen nuen, hasierako hilabeteetan, jendearekin harremanetan, martxa hartu arte. Kosta egin zitzaidan hasieran deskonexio hori egitea, baina, behin guztiz askatuta, bakea sentitu nuen, lasaitasuna. "Listo, hau behar nuen", sentitzen nuen. Hutsetik hasi nahi nuen, zerbait berriarekin. 

Nolakoa da Loveland? 

Hiria da Loveland, hedadura erraldoiekoa; etxeak, etxeak eta etxeak, mendiz inguratuta. Naturaz gozatzeko aukera pila ematen duen hiria da. Dena dela, ez dauka inolako zerikusirik San Frantzisko edo New York moduko hiriguneekin, ez eta Euskal Herrikoekin ere. Nik aukeratu nuen Coloradora etortzea, baina nire helmuga Loveland izango zela esatean, "hemen ez dago ezer" pentsatu nuen nire baitarako. Beste zerbait espero nuen, lehen begiradan. Bizitasuna egon arren, oro har, toki lasaia iruditzen zait bizitzeko, onerako eta txarrerako. Egia da hori ere behar nuela, patxada, baina, aldi berean, estimulu biziagoen hutsunea ere sumatu izan dut.  

Eta, asebetetze maila altuaren erakusle da ikasturte berria, izan ere, egonaldia luzatu eta Lovelanden gelditzea erabaki duzu. 

Bai, hori da. Ikasturte honetan, beste eskola batera aldatu naiz. Lehen Hezkuntzako 4. mailako irakasle izateko. Berriro itzultzen naiz, alegia, ezagun dudan adin-tartera. Gaztelaniaz emango ditut ikasgaiak: Natur Zientziak, Gizarte eta Gaztelania bera. Programa duala delakoan daude murgilduta ikastetxeak. HH5 mailan hasten direnetik aukera daukate ikasleek bertan parte hartzeko: egun erdia ingelesez ematen dute eta beste erdia gaztelaniaz. Joan den ikasturtean lur hartzea zailagoa egin zitzaidan, orain lasaiago hasi naiz, kokatuta nagoelako bertako bizimoduan. 

Horseshoe Bend omen da Esnaolarentzat "Arizonako tokirik berezienetarikoa". 

Nola antolatzen duzue bertan ikasturtea?

EAEn baino lehenago hasten dira, abuztu hasieran, gutxi gorabehera. Egia da, ondoren, lehenago amaitzen dutela, maiatzaren erdialdean. Tarteko opor egunei begira, azaroan astebete daukate, Thanksgiving dela eta. Ondoren, Gabonetan, bi aste hartzen dituzte jai, eta, udaberrian, Spring break delakoagatik beste astebete. 

Irakasle-lanetan aritzen zara zure egunerokoan. Zer egiten du Leire Esnaolak bere aisialdian?

Naturatik gertu egotea dut gustuko. Zenbait astetan, pilatutako lan-kargagatik ez dut ezertxo ere egin nahi izaten. Asteburu batzuetan, ez dut etxetik ateratzeko gogorik ere (barreak)! Orokorrean, bestela, mendialdera joan naiz, baita negu luzean ere. 25 gradu zero azpitik eduki izan dugu tenperatura, baina ez da Euskal Herriko hotza bezalakoa, lehorragoa da. Txamarra potoloa eta botak jantzita, ez zaizu hotza barruraino sartzen.

Bestalde, barbakoak ere egin izan ditugu lagunartean, eta aukera izan dugun aldiro, bidaiatu egin dugu, taldean. Bakarrik ere bidaiatu izan dut, San Frantziskora. Lehen aldia zen, eta oso gustukoa izan nuen esperientzia. Gerora, Mexikora ere joan naiz, Karibeko tenperatura epelen bila. 

Eskolako saskibaloi-talde batean ere aritu nintzen, boluntario moduan. Mexikotik iritsi berri zen jokalari bat zuten, eta itzultzaile-lanak egitea egokitu zitzaidan, ez baitzuen ingelesa menderatzen. Urritik abendura egon nintzen beraiekin, hiru hilabetez, ia egunero elkartzen, entrenamenduengatik edo partidengatik. 

Urtebete igaro da… Etxe sentitzen al duzu? 

Ez, etxea ez da inoiz izango. Euskal Herrian izan naiz udan, beharra nuelako, baina momentu batzuetan arraro sentitu naiz, "zein da nire etxea?", galdetzen nion neure buruari, "Andoain ala Loveland?". Ez batean ez bestean. Lekuz kanpo sentitzeak ematen zidan beldurra, Euskal Herrira gerturatu aurretik. Egia da, gero behin hara joanda, aldaketak aldaketa, guztiak nahiko antzeko jarraitzen duela. Gustura nago Lovelanden, baina badakit denbora tarte mugatu baterako izango dela nire bizitoki. 

Bertan zaude orain. Etorkizun hurbil bati begiratuta, Lovelanden ikusten al duzu zeure burua?

Lehenengo ikasturteak emandako esperientziarekin hasi dut bigarrena. Gehiago gozatuko dudalakoan naiz, bertako dinamikak ezagutzen ditudalako, jada. Gogoa daukat, baita ilusioa ere. Oso esperientzia aberasgarria da, edonori gomendatzeko modukoa. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 655 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!