Sanchis eta Jocano musikari andoaindarrekin batera, Ganbara tabernan larunbatean

Xabier Lasa 2024ko ira. 19a, 16:04

Seikotea, Astigarragako entsegu lokalean

Sanchis eta Jocano bikote donostiarrak Ganbara tabernan kontzertu berezia emango du, etzi, larunbatarekin, 19:00etik aurrera; bi abeslariek kronikari urbano gisa musikagintzan lau hamarkadetako ibilbidea egin izana ospatzeko modua izango da saioa. Beste lau musikari izango dituzte bidelagun, andoaindarrak horietako hiru.

Formatu akustikoan aritu izan dira jendaurrean gehienetan Sanchis (Santi Gasca) eta Jocano (Juan Carlos Landa). Oraingoan, Ganbarako hitzordurako, beste lau musikariekin taldea osatu dute.

Ganbara tabernako kontzertua iragartzen duen kartela

 

Hain zuzen, honako musikariekin azalduko dira Ganbaran: Adrian Perez (gitarra), Beñat Garcia (baxua), Aitor San Sebastian (bateria), eta Agus Mazkiaran (saxoa). Andoaingo musikariak dira azken hiruak; Sanchis berak ere Andoainen du bizitokia azken urtetan.

 

Adrian Perez, Sanchis, Agus Mazkiaran, Jocano, Beñat Garcia eta Aitor San Sebastian, Astigarragan, asteartean

 

Kronikari urbanoak

40 urtetan kaleratu izan dituzten zazpi diskoetan pop eta rock estiloak jorratu dituzte, eta horietan, behin eta berriro entzuteko gogoa sortzen dizkiguten makina bat abesti gozagarri topa daitezke.

Doinu entzungarriei, literaturaren ikuspegitik maila handiko letrak itsatsi izan dizkiote beti. Letra-egile bikainak dira biak ere, eta abestietan ederki asko moldatu izan dira kronikari urbano gisa.

Horrela, beraienak dira Donostia ofizial eta pinpirinari kontrapuntua eginez, musikara eraman diren kronikarik zorrotzenak, kaletarrenak, gauzaleenak edo hedonistenak.

Aldi berean, malenkonia baikorra transmititu izan dute maiz beren abestiek. Enpantia eta sinpatia eragiten duten pertsonajeak -galtzaileak sarri- kabitzen dira eskuz esku kontatzen dituzten istorioetan.

Arrazoi horiei eta beste zenbati esker, kultuko bikotetzat har daiteke euskal musikaren panoraman.

“La Cronica de San Sebastian” da beraien abestirik famatuena:

Baina urte batzuetan aurrera doazenei musika-ganbara pertsonala mugiaraziko dizkien beste zenbait doinu entzungarri topa daitezke youtuben eta bestelako orrietan, sarean. Batzuk aipatzearren:

* "Entre lo prohibido y lo limitado":

 

* "No te puedo ni ver":

 

Astigarragan, entsegu tokia

Astigarragako industriaguneko lokal txiki batean dauka jarrita hitzordua seikoteak azken boladan, Ganbarako kontzertuari begira bereziki. Joan den asteartean, lokaltxoan sartu aurretik, Sanchis eta Jocanok tartetxoa hartu zuten Aiurri-rekin solasalditxoa egiteko.

Hasteko eta behin, aitortu zuten ez daukatela kontzertuak han-hemenka emateko asmo irmorik; gehiago izan dela Ganbara tabernako arduradunek egindako gonbidapenak erantzun nahia. “Nolanahi ere, ez gaude itxita ezertarako. Asko ez dela Villarcayotik (Burgos) jaialdi baterako hots egin ziguten, eta gustura joan ginen hara. Eta beste inondik tentatuko baligute, ez dugu uste ezetzik emango genukeenik”.

Beren filosofia patxadatsu hori ulertarazteko, zehaztu nahi izan zuten sekula ez dutela eduki urrunegi iristeko bokaziorik. “Musikak ez digu jaten ematen, eta publiko zabalarengana iristeko bidean ordaindu behar diren sariei begira jardun baino, beti izan dugu nahiago gogoak eskatutakoari erantzun”.

Tabernak izan dira gehienbat Sanchis eta Jocanoren formatu txikiko jo-lekuak eta joka-lekuak, han sentitu dira erosoen, musikarekin gozatzeko eta goza arazteko aurrean topatu duten entzuleekin aparteko konplizitatea eraikiz. “80ko hamarkadaren hasieran tabernetan eta antzeko tokietan jotzeko tradiziorik ez zegoenean, nahiko bide urratzaileak izan ginen”.

Donostiako eta inguruko herri askotako taberna zuloak hamarkadetan ondo ezagutu izan dituztela gaineratu dute. Andoainen, esatera batera, taberna mordoetan jo izan zuten. Urteetan aurrera, ordea, zuzeneko formatu horrek atzera egin ote duen irudipena dute biek ere, “alde guztietatik ugaritu egin dira zailtasunak tabernetan musika zuzenean jotzeko”.

Bestalde, musika eszenategian azaldu-ezkutatu dinamika horretan jardun izan dute 40 urtetan, eta ezegonkortasun horrek belaunaldien arteko haustura erraztu duela beraien kasuan, aitortu zuten. “Gaurko gazteek apenas daukaten gure aditzerik, gauzak horrela dira”.

Anekdota adierazgarri gisa, Lendakaris Muertos taldeak aurten kaleratu duen “Mucho asco (casi) todo” diskoa ekarri dute gogora. Bertan, “Sanchista y Jujano” abestiak Pedro Sanchez presidentea du jomugan, baina Donostiako bikoteari keinu egiten dio, tituluarekin hitz jokoa eginez. “Diskoaren harira musika-aldizkari bateko kazetariak, Lendakaris Muertos-eko kideei berriki egindako elkarrizketan aitortzen du ez daukala gure ezaguera. Atera kontuak hortik”. Erdi txantxetan gehitu dutenez, baliteke Lendakaris Muertos-en abesti horrek Sanchis y Jocano ezagutzeko jakinmina piztu izana gazte musikazale bati baino gehiagori.

 

Sanchis eta Jocanoren diskografia

Zazpi disko kaleratu dituzte 1984an hasi zirenetik.

1987. "Crónica de San Sebastian".

1988. "Sanchis y Jocano".

1992. "Entre lo prohibido y lo limitado".

1993. "A la clandestinidad".

1996. "La historia nos absolverá".

2000. "Pastis y Cinzano".

2017 “¿Dónde estabas en 2061?”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!