"Deskontu interesgarriak aurkituko ditu erosleak"

Aiurri 2024ko ira. 19a, 21:10

Ixone Otamendi

Andoaingo Zumea kaleko 15. zenbakian dagoen Amabi negozioak bost urte bete ditu, eta beste hainbeste egiteko asmoa du. Izan ere, biziki maite du bere ogibidea. Asteburuko Outlet kalean egitasmoan parte hartuko dute.

Bost urte dira negozioa Andoaingo Zumea kalean zabaldu zenutenetik. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Egia esan, oso gustura nago. Azkar batean igaro da denbora-tarte hori. Bezero batzuk ere hori bera aipatu didate, egunotan. Pandemia bat igaro dugu tartean eta, akaso, horregatik dugu denbora oso azkar igaro delako sentsazioa. Oso aberasgarria izaten ari da Andoaingo esperientzia.

Asteburuan Outlet kalean ekimena izango da, Salkinen eskutik. Zure kasuan, esperientzia baliagarria al da?

Oso baliagarria da niretzat. Arropa-denda dut eta gure negozioan saihestezina da denboraldi bakoitzaren amaieran stock-a sortzea. Eta Outlet-a probetxuzko aterabidea da. Betiko bezeroa, gainera, denboraldi berriaren zain egoten da joera berriko jantziak erostea gogoz. Baina egun hauetan denboraldiz kanpoko aukera politak ere aurki daitezke. Oso deskontu interesgarriak izango ditugu asteburu honetan. Dendariontzat oso aukera aproposa da atzean geratu daitekeen arropari aterabidea emateko bidea delako. Beraz, dendariarentzat eta bezeroarentzat aukera baliagarria da.

Aldaketa handia izan da azken bost urteotan bezeroen ohituretan?

Nire kasuan, negozioa ireki eta sei hilabetera iritsi zen pandemia. Horregatik sentsazioa dut ez dudala konparaketa egiteko erreferentzia handirik. Balantzea nire esperientziatik atera behar dut eta unean uneko egoerari egokitu behar izan dut. Marka berriekin proba egin eta, pixkanaka, helduen arropa eskaintzen hasi naiz.

Kale Nagusian merkataritzari dagokionez aldaketak ematen ari dira: Itxierak, toki aldaketak... baina negozio berriak abiatze kosta egiten da.

Halaxe da. Giroan dagoena kontuan hartuta, ez da oso baikorra merkatariok parean dugun panorama. Negozio bat izatea ahalegin handia da, bereziki bakarrik ekin behar badiozu. Nolanahi ere, ideia buruan duenari urratsa ematera animoak emango nizkioke. Nik gogoko dut lanbidea, beraz, ez dut batere damurik.

Zer esango zenieke andoaindarrei eta bezeroei, oro har?

Inguruko herrietatik hurbiltzen zaizkidan bezeroak ahaztu gabe, andoaindarrei eskerrak eman nahi dizkiet, bidelagun izateagatik. Azken urteotan Andoainen merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu onak ditugu eta herri bizitzari eusteko behar-beharrezkoak ditugu. Balioan jar dezagun herrian bertan duguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!