Errekaldeko Beilatokian gaur eman ahal izango zaio azken agurra (10:00-14:00, 16:00-20:00).Bere aldeko hileta elizkizuna, berriz, San Martin parrokian egingo da, larunbatarekin, 18:30etik aurrera,
Maria Jesus Fernandez alarguna zen, eta Arritxu eta Garbiñeren ama zen. Kale Nagusiko beti-betiko auzokide ezaguna zen, guztiz estimatua, eta 2007ko Santa Krutz jaietan pregoilaria izan zen.
Ezagutu dutenek beti nabarmendu izan dute bere jendartekotasuna eta eskuzabaltasuna. Andoaingo historiarekin lotutako memoria joria zuen, eta kontalari atsegina ere bazenez, ekarpen aberatsa egin izan zuen herriko oroimen historikoa bizirik mantendu ahal izan zedin.
Hain zuzen, Andoainen frankistek eragindako biktimetako bat zen, eta eraildako aitaren oroimenari tinko eutsi izan zion beti; besteak beste, gaixotasunak eragotzi zion arte ez zuen hutsik egin Alfaro parkean, “Goiztirian, arimaren garrasia” eskulturaren aurrean biktimen alde egin ohi den ekitaldian.
Izatez ere, bere aita, Patxi Fernandez Usandizaga, Pantxika Izagirre Salaberriarekin ezkonduta zegoena eta hiru urteko Maria Jesusen eta bi urteko Iñakiren aita zena, 1936ko uztailaren 18an kolpe militarra eragin zutenek atxilotu egin zuten, Andoaingo militarki okupatu eta gutxira.
Patxi Fernandez, Errepublika garaian, euskaltzalea, EAJko militantea eta ELA sindikatuko ordezkaria ez ezik, El Dia egunkariko eta Argia astekariko herriko kronikaria izan zen, eta biografia hori kolpe-zaleentzat delitu larria zenez, Ondarretako presondegian preso eduki zuten lehenbizi, eta urriaren 22an erail egin zuten.