Erantsi dutenez, “geuk erabaki nahi dugu nola bizi nahi dugun, nola izan nahi dugun zainduak guk geure burua zaindu ezin dugunean, baita nola hil nahi dugun ere”.
Pertsona nagusi ahulenek bizi duten egoeragatik kezka agertu dute: “Horietako asko asistentzia- zentroen eta etxez etxeko laguntza- zerbitzuen erabiltzaileak dira, gutxieneko pentsio ziztrinak nahikoak ez direlako eta oinarrizko zerbitzu publikoetan gero eta murrizketa gehiago, pribatizazio handiagoa eta prezio garestiagoak daudelako”.
Gehitu dutenez, Pentsiodunen mugimenduak bat egiten du Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako egoiliarren senitartekoen elkarteek egiten duten salaketekin, alegia, “Euskal Herriko adinekoen kolektiboaren errealitatea oso urrun dagoela Foru Aldundien eta Gobernuaren hotsandiko diskurtsoetatik”, izan ere, “indarrean dagoen legediaren aplikazioak eta azken urteotako murrizketek ez dituzte betetzen ez zerbitzuen gizarte-eskaria, ez erabiltzaileen eta langileen beharrizanak”.
Gaurko bilkuran gogorarazi dutenez, sektore feminizatua da sektore soziosanitarioa, “langile gehienak emakumeak dira, baldintza kaskar eta lotsagarrietan lan egiten dutenak. Administrazioen pribatizazio eta ekonomizismo asmoek negozio eta irabazi-asmoen eredu bat ekarri dute, errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duten merkataritza-irizpideetan oinarrituta”.