Alderdia, Erkizia eta udazkeneko eguzkia

Imanol Goenaga 2024ko urr. 3a, 07:00

Alderdi Egunaren ospakizunak udaren amaiera sinboliza dezake EAJ-PNVko alderdikide, alderdizale edo jarraitzaile askorentzat. Iraileko azken igandea, nahi ala ez, urtaroen mugarria da; eguna mozten hasi baita, gauetan hotz egiten du eta zuhaitzak lehortzen hasten dira. Udazkena iritsi denaren seinale.

Andoaingo autobusa goiztiarra izaten da, Forondako lautadara iristen lehenetarikoa; eta oraindik behelainoa da nagusi. Gau hotza pasa dute bertan akanpaturik egon diren gazteek. Hala, pixkanaka familia jeltzalea osatzen dugun kideak bertaratzen hasi gara eta, konturatzerako, jai eremuko karpa, txosna eta guneak jendearekin berotzen hasten dira; udazkeneko eguzkiak bezala, bazterrak goxatuz.

Egutegian gorriz idatzitako data izan ohi da. Emozionatzen gaituzten sentimendu eta oroitzapenez betea. Nire belaunaldikook ez genuen 1977ko Aralarko edizioa ezagutu, baina etxeko album zaharrean topatu ditut ‘Batasuna eta indarra’ lemapean egin zen edizio hartako argazkiak. Gurasoek kontatu didate jaio eta hilabete gutxira eraman nindutela lehen aldiz Alderdi Egunera. Gogoan dut umetan, nola Salburuako zelaira joaten nintzen, ikurriña eskuan eta aitonaren ondoan zintzo; mitina eman ondoren, Arzallus handia barra baten inguruan topatzeko asmoz. Ikurriña mosaiko erraldoia osatu genuen urtea benetan berezia izan zen. Gaztetako EGIko lagunarteko momentu ederrak; herriko zinegotziei agintarien desfilean eskusoinua joz laguntzea; eta tradizio dugun moduan, eguraldi ona ala txarra izan, bazkaria babespean egiteko beharrezko karparen muntaia. Oroitzapen politak eta momentu kutunak.

Gaur egungo ospakizuna asko modernizatu da eta mitinak streaming bidez ematen dira. Baina bada sentimendu bat Internet bidez transmititu ezin daitekeena: Forondako zelaian bizitzen eta sentitzen den berotasuna, ilusioa pizteko eta pilak kargatzeko balio duena. Esango nuke oso erakunde gutxik dutela halako mobilizazio-gaitasuna.

Datozen hilabeteotan alderdiak berrikuntza prozesuari ekingo dio, proiektu politikoa eguneratu eta barne erakundeak berrituz. Bada, gutako bakoitzak gure ekarpen xumea dugu egiteko, EAJren herri proiektua aberasteko. Katebegiak gara; inoiz eten ez den katearenak. Alderdi Egunean, gainera, andoaindarrak protagonista izan gara, beste behin. Igandean egiteko berezia izan zuen Joxe Manuel Erkizia kaletxikitarrak. 101 urterekin Forondako oholtza handira igo zen. Proiektu eta herri batekiko atxikipena eta maitasuna taularatu zen; iraganaren jakinduria eta eskarmentua, etorkizuneko ilusioarekin uztartuz.

Pentsa, ez da makala Erkiziarena. Euskadik izan dituen Lehendakari guztiak pertsonalki ezagutzeko aukera izan baitu: Agirre, Leizaola, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe, Urkullu, eta atzo besarkada estu batekin, Imanol Pradales. Goizeko emozioak gaindituta, bazkalorduan pozik zen gizona. Burua argi eta bihotza bero, udazkeneko eguzkiak berotzen duen moduan. Bejondeizula, Joxe Manuel!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!