Andoaingo Udaleko gobernu taldeak herrikideekin partekatu nahi ditu udalerrian intereseko diren eremuak eta etorkizuneko egitasmoak. Aurreko astean URA Agentzia gonbidatu zuen Ama Kandida etorbidera, eta euskal agentziako ordezkariek hainbeste buruhauste sortzen ari diren lanen berri eman zuten.
Ildo beretik jarraitu nahian, datorren asterako Miranda pasealekua ardatz izango den bilera deitu dute. Asmoa ohar bidez azaldu zuten: "Andoaingo Udalak pasealekuaren erabilerei eta aukerei buruzko hausnarketa-prozesu bati ekin zion maiatzean, diagnostiko bat osatzeko helburuarekin, eta hortik abiatuta, etorkizuneko ildo estrategikoak ezarri ahal izateko. Bada, prozesuaren emaitzak ezagutzeko unea iritsi da: datorren asteartean izango da, 18:30ean hasita. Denok osatzen dugu Andoain eta guztioi dagokigu gure espazioak definitzeko aukera izatea".