Lituanitik abiatutako trailer-kamioa, atzo arratsaldean Itasa enpresa gainditu, eta aldapan gora abiatu zen, baserri bidean. Gure Aterpea etxe pareraino iritsi zenean ohartu zen gidaria okerreko bidea hartu izana. Orduan, atzerako maniobra egiten hasi bai, baina estua izanik bidea, bazterrean geratu zen.
Bere horretan segitzen du gaur, gruaren edo mugitzen lagunduko dion bestelako sistemaren baten zain. Kamioiak 17 metroko luzera du, eta 25 tonako zamararekin iritsi da Lituaniatik Andoainera.
Kamioien inbasioa, urtetako arazoa
Sorabillako bizilagunek urteak daramate halako kamio pusken presentzia pairatzen. Itasa enpresara nahiz Bordaberriko industriagunera joan nahi izaten dute gidariek, eta GPSaren iparrorratzarekin fidatuta. Sorabillako plazan amaitzen dute gehienetan; sartu bai, bainan gero ateratzeko orduan izaten dituzte komeriak. Saiakeretan, farolak, biribilguneko jardina, espaloiak, etxeetako hormak... eraman izan dituzte aurretik behin baino gehigotan.
Ez dena ohikoa, atzo gertatu zena da, eta salbuespentzat har daiteke.
Dena esatera, urtetan bizilagunek eta Sorabillako auzo-elkarteak kexak zabaldu, kartelak ipini eta lurrean seinale orientagarriak egin izan dituzte. Udalak eta baita Itasak enpresak ere azken aldian kartel ikusgarriak jarri dituzte, kamioei jakinarazteko zein den okerreko bidea eta zein zuzena Itasara joateko.
Geroztik, kamioien inbasioa amaitu ez den arren, zerbait gutxitu egin da.