Iñaki Zabaleta eta Manuel Oiartzabal apaizak eta salletarrak agurtu zituzten San Martin parrokian

Xabier Lasa 2024ko urr. 7a, 14:25

Andoni Ledesma, Joxe Mari Ormazabal, Mikel Ibarguren, Joxe Mari Mujika, Manuel Oiartzabal, Iñaki Zabaleta, Rikardo Fuster, Manuel Udabe eta Koldo Bergara

Apartekoa izan zen atzoko elizkizuna San Martin parrokian. Ekitaldian agurtu baitzituzten Iñaki Zabaleta eta Manuel Oiartzabal apaizak eta La Salle Berrozpen azken urtetan bizi izan diren lau salletar (Rikardo Fuster, Manuel Udabe, Joxe Mari Mujika eta Nazario Maiz). Omenduek egindako azken hitzak, bideoz ikusgai:

Donostiako Gotzaindegiko bikarioa den Mikel Ibargurenek eman zuen meza.

Elizkizuna amaiturik, ehun bat pertsonekin bazkaria ospatu zuten Leizaran jatetxean.

Ibarguren bikarioak, elizkizunean, ondoan eduki zituen asko ez dela arte Santa Krutz elizako apaiza izan zen Joxe Mari Ormazabal, erretiroa hartu duten Manuel Oiartzabal eta Iñaki Zabaleta, eta honetaz aurrera San Martin parrokiako erretorea izango den Andoni Ledesma eta bere laguntzailea izango den Koldo Bergara.

Andoainen ibilbide luzeko bi apaiza Ohiko eukaristiaren ospakizuna amaitu ostean, Oiartzabal eta Zabaleta erretiratzera doazen apaizak eta Andoni Ledesma erretore berriak hartu zuten hitza. Oiartzabalek andoaindarrei eta sorabillatarrei eskerrak eman zizkien, “hartzen dena ematen dena baino askoz gehiago baita”.

Andoainen mende erdia badaramala gogoratu zuen Oiartzabalek. “35 urte zituela heldu nintzen Andoainera, eta bi hamarkadetan, San Martin parrokiako erretorearen laguntzaile izan nintzen. Horietan, Berrozpen eta Juan Bautista Bataiatzailea zahar egoitzan ere mezak emateaz arduratu nintzen. Ondoren, Sorabillako San Martin elizan eman zidaten plaza. Geroztik, ia 30 urte egin ditut bertan”.

Dena esatera, ofizialki erretiroa hartu duen arren, Oiartzabalek Sorabillako erretoretxean bizitzen segiko du, eta ez dio uko egingo mezak emateko ardurari.

Zabaletak hartu zuen hitza ondoren, elizkizunean, eta 20 urte Andoaingo erretorea izan denak hainbat pertsona, elkarte eta giza-talde izan zituen hizpide, lehenbiziko eta behin. Horrela, gizartean behar handiena dutenekin gogoratu zen; hala nola, zahar egoitzan bizi den kolektibo zaurgarriarekin, Caritas elkartearen inguruan ibiltzen diren hainbeste familiekin, bakartasunean bizi direnekin, eta batik bat, adinez nagusi izanik etxean bakarrik eta bakartasunean bizi direnekin.

Aldi berean, eskerrak eman zizkien bi hamarkadetan ondoan izan zituen kristau komunitateko hainbat taldeei, “mezaren liturgiako laguntzaileei, katekesian dabiltzanei, diru arduradunei, parrokiako garbitzaileei...”.

Laguntzaile horiei, eta, oro har, Andoaingo eliztarren komunitateko kide guztiei elkarrekin bidea eginez sinodalitatearen espirituarekin segitzeko eskatu zien Zabaletak.

Hitzartzearen amaieran, bere tokia betetzera datozen Andoni Ledesmari eta Koldo Bergarari ongietorria eman zien, eta zera erantsi: “herri ederra duzue, mugitua eta aberatsa, eta suertea izango duzue, lan egiteko giroa ona topatuko duzuelako”.

 

 

Eliz-komunitatea batzearen aldeko mezuak

Ledesma ere mintzatu zen, labur. Mezua argia zabaldu zien San Martin parrokian bildu ziren fededun mordoxkei, sinodalitatearen ideiari eutsita: “Elkarrekin jarraitu behar dugu, Kristoren izenean asko egin behar baita, laster eta ondo. Asko berak eskatzen digulako, laster denbora laburra delako, eta ondo merezi duelako”.

Oraindik orain Andoaingo La Salle-Berrozpe ikastetxea utzi duten salletarrek (Rikardo Fuster, Manuel Udabe, Joxe Mari Mujika eta Nazario Maiz) ere parte hartu zuten ekitaldian, San Martin elizan. Bertaratu ezin izan zuen Maiz ez beste hirurak aldarera igo arazi zituzten, eta oroigarri bana eman zieten.

Badoazenen agurreko eta badatozenen ongietorriko ekitaldiaren ondoren, ehun bat pertsona Leitzaran jatetxean bazkaritarako bildu ziren, esan bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!