Beñat Fernandez munduko zortzi onenen artean hautatu dute

Aiurri 2024ko urr. 8a, 09:53

Beñat Fernandez "Pelontxu" pozik agertu zen Granadan, zortzi onen artean hautatu zutela jakin ondoren (Argazkia Fernandez Etxeberria familia)

Datorren denboraldian Red Bull MotoGP Rookies Cup txapelketan parte hartzeko hautatu dute Beñat Fernandez Etxeberria Pelontxu, beste zazpi motoziklistekin batera. Era horretan, kopa ospetsu horren historian lehian ariko den Euskal Herriko lehen pilotua izango da.

Joan den astean Guadixeko (Granada) zirkuituan egin ziren hautaketa probak. 120 motoziklistek ekin zioten zortzi hautatzeko lehiari, hiru eguneko iraupena izan zuen txapelketan.

Aparteko abilidadearekin jardun zuen hiru probetan Fernandezek, eta zortzi onenen artean sailkatzea lortu zuen, esan bezala.

David Da Costa, Kerman Martinez, Gabriel Tesini, Alejandra Fernandez, David Gonzalez, Luca Agostinelli eta Yaroslav Karpushin izan ziren hautatu zituzten beste zazpi pilotu gazteak.

Zortzi hautatuak, Granadan. Fernandez, zortzigarrena da ezkerretik hasita (Argazkia: Fernandez Etxeberria familia) 

Motoziklismoaren munduan, Red Bull MotoGP Rookies Cup izeneko txapelketak “talentu berriak bilatu eta horiek mundu mailan ezagutaraztea du helburu, horrela Munduko Motoziklismo Txapelketara bultzatuz”. Zazpi probek osatzen dute txapelketa, eta asteburu bakoitzeko bi lasterketa jokatzen dira. Horietan, Marc Marquez, Pedro Acosta eta gisako pilotu handiekin bat egiteko aukera edukitzen dute pilotu gazteek.

 

Alcañizen datorren asteburuan

Hurrengo asteetan, Beñat Fernandezek Europako txapelketako bi azken lasterketei egingo die aurre. Alcañizen (Aragoi) lehenbizikoa, datorren asteburuan (urriaren 12-13); eta, Chesten (Valentzia) bigarrena, azaroaren 23-24an.

Fernandez, Granadan joan den astean (Argazkia Fernandez Etxeberria familia)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!