Nortasun irekiko herrikidea

Irunberri elkartea 2024ko urr. 11a, 07:00

Joxe Ramon Gorostegi Auzmendi irailaren 15ean hil zen, 69 urte zituela. Ezeren aurretik, doakie doluminik sentikorrenak bere emazte Tereri, bere bi seme-alaba Egoitz eta Itziarri eta gainerako senideei.   

Sentimendu abertzale sakoneko pertsona izan zen Joxe Ramon, eta argi zeukan antzera pentsatzen zuten andoaindarrek beharezkoa zutela topaleku atsegina, aisialdiaz elkarrekin gozatzeko ez ezik, baita ere euskal kultura zabaltzeko. Horrexegatik izan zen Irunberri elkartearen egitasmoa hasiera-hasieratik bultzatu zuena, 1998an.

Nortasun irekiko herrikidea genuen Joxe Ramon, jendartekoa, txantxa zalea… Harekin erraz lor zitekeen konfiantza, eta hizketan atseginean jardun, behin lehenbiziko diosala egin eta gero.

Egia esanda, osasunak ez zion askorik lagundu azken urtetan, batik bat berak hainbeste maite zituen pertsonen arteko solasaldiak, ziri sartzeak... normaltasunez eraman ahal izateko. Nolanahi ere, ezintasun hori gainditu, eta ederki asko eutsi zion bere umoreari, graziari eta sinpatiari. Edonorekin, edonon.

Kalean edo edozein lekutan, txatarraz zamatutako kamioian edo autoan urrun egon arren, Joxe Ramonek ezagunei eta adiskideei ahots goran luzatzen zieten, zigun, diosala, eta nahitaez eragiten zigun ezpainetan irribarrea. Faltan botako dugu bere ahotsa honetaz aurrera. Ari gara faltan botatzen dagoeneko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!