Udal gobernuak 2025eko ordenantza fiskalaren inguruko proposamena aurkeztu du

Aiurri 2024ko urr. 15a, 13:56

Andoni Alvarez alkateak gaur udaletxean egin duen agerraldian azaldu duenez, 2025eko ordenantza fiskaletarako %2,6ko eguneratze orokorra proposatuko du Udal gobernuak, urteko KPIari erantzunez. Bestalde, “bidezkoagoa izango den fiskalitate baten eta prezio publikoen progresibitatearen bidea lantzeko” lan-taldea abian jarri dutela iragarri du.

Andoni Alvarezek azaldu duenez, Udal Gobernuak 2015erako tasen eta prezio publikoen proposamena osatu du, eta oposizioko taldeen esku utzi du. Datorren osteguneko udal batzan eztabaidatuko dute.

Alvarezek azpimarratu nahi izan du zerbitzu publikoek “premiazko garrantzia” dutela eta udal gobernuaren betebeharra “herritarrari eskaintzen zaizkion zerbitzuen kalitatea oparoena izatea” dela.

Oinarrian, aurkeztu duen proposamenak %2’6ko aktualizazioa orokorra (urteko KPIari erantzunez) kontenplatzen du. Salbuespena, zaborrak eta hiri hondakinak biltzeko zerbitzuak izango dute.

 

%25eko igoera, bi urtetan

Hain zuzen, zaborrak eta hiri hondakinak biltzeko zerbitzuari dagokionez, 2025 eta 2026 urteetan, bakoitzean %25a igotzea proposatuko du Udal Gobernuak.

Alvarezek adierazi du Europatik datorren zuzentarau bat aplikatu beharrak erantzuten diola igoera handi horren zergatiari. “Europatik datorren zuzentarau bat aplikatu behar da hurrengo urteetan (Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legea), eta horren arabera, Udal-hondakinen bilketak udalen diru-kutxetarako 'zero kostua' izan behar duela dioen printzipioa aplikatu behar da”.

Alvarezek zehaztu duenez, egun, 485.500 euroko defizita suposatzen duela hondakinen bilketak Udalarentzat. “1.449.000 euroko kostua du, eta 963.500 euro jasotzen dira tasaren bitartez. Beraz, %50 igoera eman beharko da datozen urteetan zerbitzuaren sarrera eta kostua parekatzeko”. Era horretan, bi urtetan ezarriko den igoera horrek Andoaingo familia arrunt bati suposatuko diona aipatu du Alkateak, “26,05 euro suposatzen badio hiru hileko fakturak, 32,56 euro ordaindu beharko ditu datorren urtean”.

Igoera hori malgutzeko hobariak eskuratzeko aukera edukiko dutela herritarrek, gehitu du, “bosgarren edukiontziaren erabilera egiteagatik, esaterako, %20ko hobaria eskuratzeko aukera dago”.

Halaber, hobarien atalean, gurasobakarrekin lotutako berritasun bat proposatu du Udal gobernuak. Hobariak aplikatzeko orduan, honako zehaztasuna egin nahi izan du Alvarezek: “familia gurasobakarraren definizioan, jasota dagoenaz gain, hiru egoera hauek egiaztatu beharko dira: banaketa edo dibortzio sententzia egotea, zaintza eta kustodia esklusiboa edukitzea, eta, beste gurasoen aldetik manutentzioa ez jasotzearen salaketa egotea”.

 

Jarduera Fisiko eta Kiroletako udal zerbitzua

Prezio publikoetan %2,6ko igoera eta Buruntzaldea mailan ezartzen diren eta adosten diren prezio publikoetan (bazkidetzak…) %4,5eko igoera proposatu du Udal Gobernuak.

Azkenik, Bastero Kulturgunea ere aipagai izan du alkateak, eta hainbat prezio “egokitu eta eguneratzeko” proposamena egin duela Udal gobernuak, esan du. “Azterketa sakona egin da eskaintzen diren zerbitzuen inguruan, eta herriko erabiltzaileen eta kanpoko erabiltzaileen artean zegoen aldea nabarmena zela ondorioztatu da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!