“Senegalekin asko gogoratzen naiz josten dudanean”

Aiurri 2024ko urr. 24a, 12:11

Sukaldaritzan bezain trebea da joskintzan Andoaingo Ass Thiam. Ofizioa du lehena, Danena tabernan egiten baitu lan; aldiz, bigarrena, zaletasun: umetatik josten ditu wax oihalak.

Noiz lur hartu zenuen Danenan? Gidari-lanetan zabiltza tabernako sukaldean.

Zazpi urte daramatzat Euskal Herrian, Senegaletik etorrita. Beasainen bizi nintzen lehen, anaiarekin, Goierrin. Ondoren Ikaztegietan eta handik Andoainera etorri nintzen. Hiru urte daramatzat hemen, herrian. Orduan sartu nintzen Danenan, hasieran, sukaldariaren laguntzaile gisa. Gaur egun, sukaldeburua naiz. Hiru kide gara guztira sukaldean, ni eta beste bi. Sukaldea gidatzeaz arduratzen naiz duela urtebetetik, baita kozinatzeaz ere. Nik diseinatzen ditut astebarruko zein asteburuko menuak. Bien bitartean, formakuntzetan aritu naiz denbora honetan guztian: HHIn, hiru urtez Beasainen eta, bi urtez, Andoainen. Era berean, euskara ikasten aritu naiz bi urtez, euskaltegian.

Dena dela, sukaldetik aterata, baduzu, bestela, kuttuneko zaletasun bat: joskintza. Jaioterritik, Niomrètik omen datorkizu.

Umetan hasi nintzen, eskuz nahiz makinarekin, aitaren ezagun batek erakutsita, Modou Kandiak. Jostuna izan nahi nuen eta ia hamar urtez aritu nintzen harekin ikasten. Ondoren, beste toki batean jarraitu nuen, formakuntzarekin. Gaur egun, txapelak, alkandorak, poltsak, galtzak, kamixetak, kuadroak… egiten ditut.

Wax oihalarekin egiten duzu lan. Niomrè jaioterritik gertu sentitzen laguntzen al dizu, nolabait?

Jakina, Senegalekin asko gogoratzen naiz josten dudanean. Jende pilak janzten ditu wax oihalak bertan. Afrikako herrialde askotan erabiltzen diren oihalak dira wax oihalak: Ginea, Mali, Nigeria, Boli Kosta, Kamerun... Nahiz eta bakoitzak bere wax mota erabili. Senegalen kasuan, erabiltzen dugun kolore berdea da nire gogokoena. Ildo beretik, kolore biziak dira nagusi oihal horietan, baita estanpatu zein marrazki bereziak ere.

Non eskuratzen dituzu wax oihalak?

Orain dela gutxi izan nintzen Senegalen. Horrela, bidaia aprobetxatzen dut oihalak ekartzeko. Bestela, biltegi erraldoia daukate Bilbon, askotariko wax oihalez beterik. Hemen, Andoaindik gertu, ez dut ezagutzen dendarik.

Non bilatzen duzu inspirazioa zure diseinutarako?

Jendearekin hizketan, lokartu aurretik ohean, baita lanean, kozinatzen ari naizenean ere!

 

Elkarrizketa osoa Aiurri 657 hamaboskarian irakurgai dago

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!