Leku eta une egokia aukeratuz gero, mehatxu terrorista bihurtu omen daiteke marmitakoz betetako poltsa bat. Ideia hori du abiapuntu Uxue Botas andoaindarrak Ane Nafarraterekin batera ondu duen azken film laburrak: “Komando Marmitako”.
Hendaia Film Festival jaialdiko Eduardo Manet saria eskuratu duzue, “Komando Marmitako” film laburrarekin eta Zine Bileran ere izan zarete Lekeition, joan den asteburuan. Ospatzeko tartea hartu al duzue dagoeneko?
Oso oso pozik gaude sariarekin! Xelebre samarra izan zen hitzordua, gainera, frantsesez izan baitzen, eta ez geneukan oso argi zein sari ari ginen jasotzen. Film onenaren sariaren parekoa da Hendaian jaso genuena. Manet artista frantsesaren omenez banatzen da. Era berean, Lekeition izan gara iragan asteburuan eta hori aitzakia gisa hartuta, ospakizunerako tartea hartu dugu!
Pozik, beraz, film laburra egiten ari den ibilbidearekin?
Jakina! Martxoan amaitu genuen film laburraren postprodukzioa, eta, udan, banaketari ekin genion. Bada, dagoeneko, hainbat jaialditan hartu dute: uztailean, Alakanten estreinatu genuen Cortesina Film Festivalean, eta, gerora, XixoArc-en, Fec Villamayor-en, Euskal Zinebileran, Hendaia Film Festivalean, Madrilgo Daganzo Trascamara jaialdian izan gara. Komediazko film laburra da, eta pixka bat beldurrez ginen, ez baikenekien zein harrera izango zen jaialdietan, baina oso pozik gaude.
Pelikula aurkezten duen afixari erreparatuz gero: Renault gorri eta zahar batean, lau kide; atzekaldean, jendea bainujantzian, hondartzako itzalkinak eta Guardia Zibila. Zerekin egingo du topo ikus-entzuleak zuen film laburrean?
Obraren zuzendarietako bat da Ane Nafarrate, baita gidoigilea ere. Hala, bere familian gertatutako pasadizo batean dago oinarrituta. Nahiko freskoa eta dibertigarria den film labur batekin egingo du topo ikusleak, egoera-komedia bat delako. Eta, beno, zaila da filmak lantzen duen gaia, normalean, dramatik jorratua, oso iluna. Guk buelta bat eman nahi izan diogu horri, eta beste ikuspuntu batetik kontatu. Finean, 1998. urtean Espainian euskaldun izatearen beldurra kontatzen du filmak, nolakoa zen euskaldunak Euskal Herritik ateratzea. Pixkat bat horren erretratua egiten ahalegindu gara.
Oso oso fikzionatuta dago, era berean, Anek bere familian txikitatik entzundako istorioa. Berezko egoera ez zen Benidorm-en gertatu, ez eta guk filmerako aukeratu dugun egunean ere, Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrenean. Baina, beno, berak etxean entzundako pasadizoa oinarri hartuta, geure istorioa sortu dugu. Horretan, familia bat da protagonista: Maite, haurdun dagoen ama, bere senarra Juantxo, sei urteko alaba Uxue, eta amona Conchi. Lau pertsonaia horiekin Benidormera egingo dugu bidaia. Hara iristean, gora-behera ibiltzen dira maletarekin, autoa ezin aparkatu. Oporretara joaten zarenean sortzen den kaos hori ageri da; nahaste borraste horretan, poltsa bat ahazten zaie kalean. Hori da gure istorioaren premisa. Hasiera-hasieratik ikusten da zein izango den obraren tonua eta nolakoak izango diren pertsonaiak. Oso korala da film laburra, gure ustez, lau pertsonaiek osatzen dutelako istorioa eta beraiekin murgiltzen garelako udako egun horretan.
Nork osatzen du Marmitako Komandoa?
Lehen zertxobait aurreratu dudan arren, gure Marmitako Komandoa honako hauek osatzen dute: Esti Curielek gorpuztu du Maite ama da. Haurdun dago eta ez da oso ondo eramaten amaginarrebarekin. Izan ere, astuna da Conchi amona (Ane Guisasola), Donostiako aberaskumea, egunero ile-apaindegira joaten dena. Juantxo familiako senarrak (Jon Ander Alonso), batzuetan, bere ama Conchirekin meneko harremana du, denari baietz erantzuten dio kontrakorik gabe. Uxue alabak (Anuk Puertolas) oso harreman estua du Conchi amonarekin, miresten du. Gurasoekin ere harreman ona du eta jakin-min handiko umea da. Familia bitxia osatzen dute lauek, eta beraiek osatzen dute komandoa. Bigarren mailako pertsonaiak ere badaude, guardia zibil bat, bizilagun bat...
Koloretsua eta dibertigarria da kartela. Horrelakoa al da filma ere?
Lander Varonak egin du eta oso argi izan genuen hasieratik nolakoa nahi genuen izatea kartelaren diseinua, karikatura kutsuarekin. Eta, bai, horrelakoa da filma edo, gutxienez, horrelakoa izatea ahalegindu gara; kolore anitzeko film labur bat egitea izan da asmoa. Aurretik esan bezala, garaia hori izanda ere eta egoera zegoen bezala egon arren, zentzugabekeriaren bidetik jo dugu. Izan ere, urte horietan, gauza zentzugabe asko pasa ziren, eta, horren zentzugabeak izan ziren batzuk, non gaur egungo perspektibarekin begiratuta, pasadizo dibertigarri bilakatu baitiren. Horrelako istorio bat kontatu nahi genuen, komediatik, zerbait koloretsua izan zedin. Udan dago kokatua eta sasoi horretako argitasuna irudikatu nahi genuen. Bestalde, pelikula Benidormen kokatzeak eragin zuzena izan du, koloreen eztanda delako hiria, bertan, aniztasuna da nagusi.
Benidormen kokatzen da istorioa, baina zuek Bakion filmatu duzue. Nola bihurtu Bakio Benidorm?
Hasiera batean, Benidormera joatea zen gure asmoa. Gure ametsa zen, amets utopikoa, noski, aurrekontuak ez baitzuen horretarako aukera ematen. Erronka handia izan zen Benidorm bat Euskal Herrian topatzea. Horrela, lokalizazio bila hasi ginen, itsasertzeko herrietan: Zarautz, Hondarribi… Baina ez zegoen Benidormeko skyline-ik, ez zegoen etxe-orratzik. Hala, denbora pixka bat eskainita, eta Google Maps aplikazioan nabigatuta, Bakion, bi eraikin, bi dorre oso altu zeudela ikusi genuen. Niri hala ez iruditu arren, bertakoentzat oso itsusiak omen dira eta, are gehiago, Bakiori Euskal Herriko Benidorm deitzen omen diote, bi dorre horien omenez. Bata bestearen parean daude kokatuta, eta, erdian, plaza bat. Autoentzako sarbidea izatea behar genuen, bai ala bai; gure asmoekin bat etor zitekeela pentsatu genuen eta hor grabatu genuen, hor sortu genuen gure Benidorm!
Lehen aipatu bezala, 1998. urteko uztailaren 13an irudikatzen duzue zuen kontakizunaren eguna. Zergatik?
Taldean eztabaidan ginela, aurkikuntza barregarri samarra egin genuen. Hain justu ere, Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrena izan zen 1998. uztailaren 13. Gure istoriorako testuinguru politikoa sortu beharra zegoen, garaia ulertu beharra baitago, kontakizunak zentzua izan dezan. Horrela, oso egun bereizgarria dela iruditu zitzaigun, eta bat zetorren istorioarekin. Bilaketa-jardunean ginela, zehazki egun horretan futboleko munduko txapelketako finala izan zela ikusi genuen, Frantzian. Eta, gainera, Frantziak berak jokatu zuen. Juantxoren pertsonaia eraikitzeko oso ondo zetorkigun. Bestalde, Benidorm bezalako hiri batean atzerritar pila egoten da eta beti izan da oso hiri turistikoa. Horrek guztiak egoerari are garrantzi handiagoa ematen ziola pentsatu genuen eta horrela kokatu genuen geure istorioa 1998ko uztailaren 13an.
Ane Nafarraterekin batera zuzendutako eta idatzitako obra da. Ez da elkarrekin lan egiten duzuen lehen aldia, ordea. Aitzitik, aspaldiko lagunak zarete.
Izatez, Anerekin zuzendutako lehen obra profesionala da. Unibertsitatetik ezagutzen dugu elkar eta bertan ere batera zuzendu genuen film labur bat, baina proiektu akademikoa izan zen; ez zerbait profesionala, alegia. Gidoigintzari dagokionez, lehenago ere egin izan dugu lan elkarrekin. Bikote polita osatzen dugu, oso ondo ulertzen dugu elkar, elkarren osagarri gara. Bi buruk pentsatzen dute eta lau begik ikusi, baina, era batera edo bestera, beti iritsi ohi gara adostasunera; nahiko modu organikoan egiten dugu lan. Banaketa fasean gaude orain, elkarren babesa eskertzen dugu, bakarrik ez sentitzeko. Bi pertsona gaude erabakiak hartzen eta elkarrizketa sortzen du horrek gu bion artean. Oso polita da eta oso gustuko dut berarekin lan egitea.
Gainerako lantaldea ere gertukoa omen zenuen aurretik.
Proiektuaren lehen haziak “Hemen”-ek sorturiko programa batean erein genituen. Unibertsitateko beste lagun batzuekin izena eman genuen bertan: Mercedes del Alma produkzio zuzendaria, Alba Gonzalez (ezin izan zen egon grabaketan beste pelikula batekin zebilelako) eta Irati Rodriguez arte zuzendaria. Lantaldeko beste batzuk ere lagunak zein ezagunak genituen, baita pasatako kontaktuak ere. Oso talde polita osatu dugu, eta oso eskertuta nago beraiekin. Gogorra izan zen grabaketa, baina mundu guztiak bere onena eman zuek proiektua ahalik eta onena izan zedin. Berriro errepikatuko nuke lantaldea.
Elkarren artean dugun konfiantza nabari da obraren azken emaitzan, bai eta gauzak ondo egiteko nahia eta desira ere.
Urteen poderioz testuingurua aldatzen ari den arren, oraindik orain, gizonezkoak dira nagusi, zinemagintzan, erabaki-postuetan. Zuen obran, ostera, ez da hori gertatzen. Nahita hartutako erabakia al da?
Aipatu bezala, Hemen elkarteko “Aukera” mentoretza-programan egon ginen. Beste zinemagileen proiektuak ezagutzeko aukera izan genuen eta oso lagun onak egin genituen bertan. Erabaki-postuetan emakumeak egotea nahi genuen eta, posible zen neurrian, gehiengoa emakumezkoa izatea lantaldean. Nire ustez, nabaritu zen hori grabaketak iraun bitartean. Elkarri lagundu beharra diogu eta oso garrantzitsua zen guretzat emakumeez osatutako lantalde tekniko bat sortzea. Beraz, bai, nahita hartutako erabakia izan zen.
Edukia, diskurtsoa, planoak, musika, zertzeladak… Horietan ere nabarituko da erabakiak hartzen dituenaren begirada.
Guretik asko du film laburrak. Gure adinaren bueltako emakumea da argazki-zuzendaria, baita soinu-banda sortu duena ere… Bai, asko nabari da gure artean nola egin dugun lan, nola ulertu dugun elkar. Ohikoa ez den beste begirada bat nabari da film laburrean: dibertigarria, alaia, koloretsua, errebeldea, makarra...
Dozena bat minutuko lana da. Ez da lan makala izan behar istorio bat, hasi eta buka, horren denbora laburrean kontatzea.
Istorio batek hiru prozesu igaro ohi ditu: batetik, gidoian, istorio bat kontatzen duzu; bestetik, grabaketan, beste istorio bat kontatzen duzu; eta, azkenik, muntaketan, beste bat. Hiru pauso horietan erabakitzen duzu zer kontatu eta nola kontatu. Muntaketan konturatzen zara zerk funtzionatzen duen, zerk ez, zein momentutan galtzen duen erritmoa pelikulak, noiz sartu erritmoa... 11 minutuko film laburra da "Komando Marmitako", eszena oso bat kendu dugu, eta hasierako gidoitik ere aldaketak egon dira, bidean hartu ditugun erabakiengatik. Askotan gertatzen zaigu geure proiektuekin maitemintzen garela eta dena dela oso idilikoa. Baina kritikoa ere izan behar duzu eta objektiboki esan "bale, zati honek ez badu funtzionatzen, ez dugu jarriko". Alegia, erabaki hotzak ere hartu beharra dago. Adibidez plano ederrak genituen eszena batean, oso polita zen irudia, baina istorioaren erritmoa asko moteltzen zuen eta hori gabe filmak funtzionatzen zuen. Hamabost orrialdeko gidoia genuen hasieran, eta, hortaz, 15 bat minutuko zerbait izango genuela aurreikusten genuen. Azkenean 11 minututan gelditu da, eta nahikoa da istorioa kontatzeko eta ulertzeko. Zaila da, baina oso erronka polita, eta jakin behar da istorioak behar duten denboran kontatzen, askotan saiatzen garelako gauzak laburtzen edo luzatzen, baina istorio bakoitzak bere erritmoa behar du, ulertua izan dadin.
Film laburra da “Komando Marmitako”, baina beste zenbait kontakizun-moldetan aritu zara lanean. Zenetan sentitzen zara erosoen?
Berez, zuzendari eta gidoilari moduan, film laburretan dut, soilik, esperientzia. Tekniko gisa, berriz, telesailetan, pelikuletan lanean, arte departamentuan aritu izan naiz. Ez da gauza berbera lanpostu batean edo bestean egotea. Tekniko gisa, ez zara prozesu guztian egoten. Oraingoan, bai, bi urtez izan baikara lanean proiektua gauzatzeko. Banaketa-fasean gaude orain; espero dut horrelako beste aukera gehiago izatea aurrerantzean. Oso polita izaten ari da esperientzia ta errepikatzeko gogoz nabil. Hala ere, tekniko moduan, arte departamentuan, oso-oso gustura egiten dut lan, oso gustuko baitut lana. Egia da telesailetan eta film-luzeetan egon naizela lanean. Ez da gauza berbera, film labur batekin alderatuz gero. Zuzendaritza-jardunean oso garrantzitsua da departamentu guztiak ulertzea eta horietako bakoitzean zer egiten den ezagutzea; bada, teknikari izateak profesionalki haztea ekarri dit. Gaur egun, esaterako, pelikula batean nago oso gustura lanean, arte departamentuan. Bestalde, ordu-luzez grabaketan murgilduta egonda, oso zaila da proiektu pertsonaletan sartzea, gidoiak idazten hastea...
Aukera izango al da aurrerantzean ere “Komando Marmitako” pantaila handian ikusteko?
Aurrerantzean ere beste zenbait jaialditan izango gara: ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Zaragozako Nazioarteko Zinema Jaialdia, Vitacurako Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Soriako Soriako Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa…